Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Hiriburuan, Udaberri txapeldun!

Goizeko emanaldiarekin nahikoa ez eta, arratsaldean Donostiako sueltoko txapelketan parte hartu zuten Xabi Artola eta Idoia Besada taldekideek. Baina ez zuten neke handirik izango, inoiz baino dantza gehiago eginda ere, txapela eraman baitzuten etxera!

2016-09-04

Argi dago asteburu betea izan dela pasa den hau Udaberrirentzat: Izaskun auzoko emanaldiaren ondoren, merezitako bazkaria egin eta, Donostiara joan ginen, Xabi eta Idoia animatzera. Taldekide biek euskal jaietako sueltoko txapelketan parte hartu zuten, eta baita irabazi ere!

Lehia estuan irabazitako sariek zapore hobea omen dute… Ziur beraz, Donostiako txapelak aho-gusto itzela utzi ziela Xabi eta Idoiari, ez baitzen aise irabazitakoa izan. Ohikoa den bezala zozketa egin zen lehendabizi, bikoteen hurrenkera erabakitzeko, eta hirugarren izatea tokatu zitzaien. Zazpi bikoteek zegozkien fandangoa eta arin-arina dantzatu ondoren, ordea, berdinketa gertatu zen lehen posturako lehian. Hala, epaimahaiak berriz dantzarazi zituen bi bikoteak. Eta final moduko horren ostean, tentsioz betetako uneak bizi ondoren… Xabi eta Idoia txapeldun!

Sari nagusiaz gain, jantzirik onenaren saria ere beraientzat izan zen. Baina, esan beharra dago, publikotik jaso zituzten animo, orru eta txaloek ere ez zutela parekorik izan. Pena ez dagoela ikuslego onenaren saririk, bestela, geurea baitzen txapel hori ere… Merezi bezalako fan taldea dauka gure bikoteak, zalantzarik gabe!

img_6830