Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Dantza lore bilakatu zenekoa, hirurogeigarrenez

Elkarrizketa inuzente bat besterik ez zen izango, ziur aski, Paul McCartneyk eta John Lennonek lehenengoz izan zutena. Eisenhowerrek, aldiz, xalotasun gutxixeagorekin zin egingo zuen, bigarrenez, Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua. Camilo Jose Celari patuak bestelako karguak oparitu zizkion, Real Academia Españolako eserlekua kasu. Eta eserlekuz bete zuten Europako Batzorde Ekonomikoa ere, behin batez; hain justu, estatubatuarrek hidrogenozko bonbak jolas bilakatu zituzten garaian.

Jolas zenbaitek jokoaren soinekoa aspaldi jantzia zutelako, Camp Nouren tamainako tenpluak eraikitzeko beharra sentitu zuen gizakiak; edo tenplu hegalariak espazio zabalera jaurtitzekoa, Sobietar Batasunak Sputnik satelitearekin egin bezala. Eta ziur batek baino gehiagok espazio zabalera ihes egiteko gogoa sentitu zuela, Francisco Francok Espainiako zortzigarren gobernua osatu zuenean.

1957. urteak hori guztia eskaini zion munduari. Hori guztia eta gehiago, noski, Tolosan, rock izarrengandik urrun eta diktadore espainiarrengandik gertuxeago, Udaberri dantza taldea sortu baitzen. «Ez zegoen euskal gauzetarako giro handirik», hala dio dantza taldeak bere 25. urteurrenean argitaratutako aldizkariak: «Hala ere, tarteka, taldetxo batzuk saiatzen ziren euskal kulturari, euskal gaiei, eusten eta bultzatzen (…). Tolosako Sakramentinoetan apaiz gazte pare batek dantzari talde bat sortzea pentsatu zuten, eta Cruzada Eucaristicara maiz agertzen ziren haurrek osatu zuten lehenbiziko taldea».

Hara, hor, dantza taldearen jatorria: Sakramentinoak. Eraikin huraxe izan zen Udaberriren lehen pausoen lekuko eta, ia dantza-pausoak bezainbeste eraikin pasatu dituzte, gerora, taldea loratu duten sei belaunaldiek: Oargi elkartea, txapel fabrika, San Juan kaleko lokala, Alondegiko eraikin zaharra, Igarondo igerilekua,…

Teilatu asko izan baitira, euskal dantza taldearen ibileren gerizpe. 1963an neska-mutil talde bilakatu zen unearen lekuko, edo zazpi urte geroago Udaberrik 25 emanaldi eskaini zituen uda haren zaintzaile. Ondo zainduagatik, 1976an taldea ia desagertzear nola egon zen ere ikusi behar izan zuten entsegu geletako hormek. Ekaitzaren osteko barealdia nola, 1979an Udaberri dantza taldearen berpiztea ere iritsi zen, eta teilatu eta hormen babesean, Udaberri leihotik begira jarri zen, ordura arte pausotan jasotakoa, jakintza bilakatzeko: ikerketa-lerro bat sortu, eta hainbat dantza ezagutu eta berreskuratzeari ekin zioten, Tolosako Bordondantza tartean zela.

Harrobia kontzientziaz sortu eta zaintzeko grina 1990eko hamarkadan iritsi zen taldera, eta euskal dantzen bizirautea bermatzeko bide artistikoagoak ere jorratu zituen Udaberrik, Xirulikan (1992) eta Iruditan (2000) emanaldi arrakastatsuekin.

Arrakasta horrek zenbait muga ere zeharkatu zituen nonbait, eta 1995. urtean UNESCOren sari bat jaso zuen Udaberrik, tradizioak zaintzen izandako arretagatik. Tradizio errotuenei helduz, beraz, 2001. urtean betiko euskal erromeriak eszenografia bilakatu, eta herriz herri emanaldiak eskaintzen hasi ziren.

Ordura arte dantza talde tolosarraren efemeride garrantzitsuena izango zena oparitu zien, 2007ak, taldekideei: mende erdia dantzan, 50 urte jo eta ke, urrezko urtemuga ospatzeko. Festaren ajea uste baino makurragoa izan zen, ordea, eta belaunaldi aldaketa bat medio, Udaberri dantza taldeak izandako krisialdi nabarmenetako bat iritsi zen.

Gaztetasunaren kemenagatik-edo, bost hamarkada atzera ekindako proiektua ez itzaltzea lortu zuen taldetxo hark, eta 2013a sarien urtea izan zen Udaberrirentzat. Talde barruan mamitutako prozesua plazara atera, eta San Joan eguneko Bordondantzan sei emakumek parte hartu zuten, historian lehenengoz. Urte bereko abuztuan, gainera, Udaberri dantza taldearen seigarren belaunaldia gorpuztuko zuen arnasaldia iritsi zen taldea, Hungariara egindako bidaiarekin.

Koloretako kaxa txikiak

Koloretako kaxa txikiak dira dantza taldeak. Kaxak, folklorea eta ohiturak gordetzeko; edo hizkuntzak bertan-goxo mantentzeko. Kaxak, mendeetan atzera gertatutakoa bildumatu, eta mende berriak koloreztatzeko.

Udaberri dantza taldearen pintzelak sei hamarkada izan ditu mihise, eta lerro finekin hasitako marrazkia osatzen jarraitzen du, orain, trazu sendoz. Frankismo garaiaren grisari berde, txuri eta gorria oparitu zizkion hastapenetan eta, urtarorik ederrenaren izenari eutsiz, belaunaldiz belaunaldi loratu zaizkio tonalitate guztiak.

Ez da artistarik, ordea, gama kromatikorik zabalena hartuta ere, Udaberrik udaberritarren bizitzetan margotu duen guztia sortzeko gai. Akaso kanpotik ulertu ezin den lotura baita, dantza talde batek eskatu, baina, aldi berean, ematen duena.

Horregatik, sei hamarkadaotan Udaberri dantza taldearen eskuari inoiz heltzeko aukera izan duen edonork, kaxa txiki koloredun bat izango du memorian gordeta. Haurtzaroko larunbatak eta nerabezaroko lehen parrandak zirriborratuta daramatzan kaxa. Imotzeko esku dantza nola-hala egitetik, diziplinarik zorrotzenera iritsi bitarteko aldiaren bildumatxoa. Sortzetiko musika-dantza-zaletasunak elkartutako pertsona talde bat, pixkana, familia sentitu duen oroitzapenen errenkada; edo, odolezko familiak Udaberrirekin batera hazten ezagutu dituena.

Hori baita urteurren honek Udaberriri emango dion ederrena: udaberritarren lore-sorta. Eta, ez dute sekretu handiegirik, oinarrizko koloreetatik abiatuta, paleta nahieran moldatzeko: kezka bezainbeste partekatzen dute gozamena, konplexurik gabe. Hala bedi, gutxienez, beste sei hamarkadan ere!

 

Itzea Urkizu Arsuaga – Tolosaldeko Ataria (2017-03-10)

Utzi erantzuna