Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Nahi gabe bezala, baina prest

Sei hamarkadako ibilbidea ospatzeko mila modu bururatu bazaizkigu ere, txukun-txukun antolatu dugu, jada, egitaraua; adi hitzorduei!

Nahi gabe bezala hasi ginen gehienok, inkontzienteki. Lagunekin batera asko, eta sortzetiko musika-dantza-zaletasuna asetzeagatik beste hainbat; bidaia zoragarrien aitzakian batu zenik ere bada, noski, eta dantzak herritartasuna ia aldatzera behartu zuenik ere bai. Arrazoiak arrazoi, istorio txiki horiek guztiek sei hamarkada eraiki dituzte: Udaberri eraiki dute.

Erraza da esaten: sei hamarkada. Hirurogei urte, edo sei belaunaldi. Baina, nahi gabe bezala hasitako horren kolorea aldatu egiten zaio bati, begi aurrean, norbere bizitzako une gogoangarrienak errepasatzen hasitakoan: ia denetan, Udaberri da une hori gogoangarri izatearen erruduna. Udaberri, eta udaberritarrak.

Akaso kanpotik ulertu ezin den lotura baita, dantza talde batek eskatu, baina, aldi berean, ematen duena. Eta, ez dugu sekretu handiegirik: kezka bezainbeste partekatzen dugu gozamena, konplexurik gabe. Horregatik, 2017a ere gozamenaz josi nahi izan dugu, Udaberri dantza taldearen urtemuga berezia ospatzeko. Plazaratu ditugu, jada, urte osoan barrena dastatu ahal izango ditugun hitzorduak, beraz, adi deialdiei: nahi gabe bezala, baina oso prest gatoz!

Ekitaldiak

  • Webgune berria. www.udaberri.eus. Egunerokorako baliagarri diren edukiak jarriko ditugu erabiltzaileen eskura. Gainera, 60. urteurreneko eduki eta jarduera guztiak ere bertan bilduko ditugu: irudi, bideo eta bestelakoak
  • Promozio bideoa. Ezusteko dantzak. Sare sozialei begira, kalean, bat-batean, dantzan hasi eta herritarren erreakzioak bildu genituen, urtea hasterako. 2016ko azaroan grabatutako irudiekin osatu genituen pilulak, eta ikusgai dira gure Youtubeko kanalean.
  • Dokumentala. Aulkien kulunka. Sei hamarkadatan dantza taldeko kide izandako 62 pertsonaren testigantzekin, ikus-entzunezko bat osatuko dugu. Estreinaldia datorren ekainaren 9an izango da, 20:30ean, Topic-en.
  • Desfilea. Euskal Jantzi Tradizionalak. Oihal, adabaki eta apaingarriek zer nolako ondarea osatzen duten ikusarazteko, desfile berezi-berezia izango da, urriaren 6koa. 20:30ean hasiko da, Zerkausian.
  • Festa eguna. 60 urtez. Dantza eta musika bezain kuttuna dugu festa, eta 60. urteurrenak ezin zuen igaro, jai erraldoirik gabe. Horrela, irailaren 9ak hartuko du hitzordua. Goizean taldeko belaunaldien kalejira egingo dugu, larrain-dantza erraldoi batekin amaituz. Herri bazkaria, txarangak eta kantuak ez dira falta izango.
  • Emanaldi berezia. Eragileak lagun. Tolosako beste hainbat eragilerekin batera, Tolosako Musika Banda kasu, emanaldi berezi bat eskainiko dugu, aspaldiko garaiak gogora ekarri nahian. Lekua eta data aurrerago zehaztuko dizkizuegu.

 

Utzi erantzuna