Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Atzera begira… Irati Hartsuaga (Lleida, 2010)

Bidaia batek argazki asko uzten ditu. Ofizialak eta inprobisatuak, serioak eta eroak, eta erabat desberdinak izanagatik, une izoztuak dira guztiak.

Bidaia batek argazki asko uzten ditu. Ofizialak eta inprobisatuak, serioak eta eroak, eta erabat desberdinak izanagatik, une izoztuak dira guztiak. Denek gordetzen dute atzean istorio bat, momentu bat, anekdota bat…

Lleidara egin genuen bidaia ez da salbuespena. Ez naiz pentsatzen jarri zein urtetan edo urte garaitan joan ginen, egia esateko. Eta taula gaineko argazki hau ikusita, bilduma bereko beste batzuk begiratu behar izan ditut gogoratzeko non zegoen eszenatoki hura. Emanaldi amaierako argazki gehienak antzekoak izaten direlako…

Baina emanaldi hura non eta noiz izan zen jabetu orduko, trumilka etorri zaizkit gainerako irudiak ere. Eta esango dizuet, ezer askorik esan gabe –eta bertan zirenak akordatuko dira-, inoiz ez dudala hainbesteko barre algararik egin gure aurretik –edo ondoren, ez dut gogoan- dantzatu zuen taldeari begira.

Kontatu nezake baita ere nola hasi zen bidaia, berandu zetorren taldekidearen kotxeak eta ia abiatzera zihoan autobusak talka egin zutenekoa. Edo nola iritsi ginen Lleidara, eta ez dakit zenbat orduko bidaiaren ondoren, ostiral gau hartan “trago bat” hartzera abiatu ginenean, nola ukatu ziguten lehen tabernarako sarrera taldekide bat galtza motzekin jantzita zegoelako. Jakin izan balu bigarren tabernatik atera gabe egon ginela goizaldera arte… ondo damutuko zitzaion! Konta nezake nola ikasi genuen arrautza frijituak eskatzen katalanez (hori ere ordu txikitan, noski)… Zer komeria ibili genituen butano bonbonarekin… Eta nola deskubritu genuen parranda baten ondoren zein beharrezkoa den dutxa bat. Hil ala bizikoa.

Esan dudan bezala, irudi baten atzean momentu bat eta mila bizipen daude. Baina zehazki argazki honetako emanaldiaz oroitzean alaitasunez betetzen zait barrena, eta orduko ijarak baretu baziren ere, ezin dut ezkutatu ahora datorkidan irribarrea. Orduan ikasi baikenuen algara lehertzen denean ez dakigula disimulatzen…