“Pasioek mugitzen dute mundua. Bai, behintzat, nirea”. Horrela izendatu dut, goizean, 20. Korrikaren lekukoa eskuetan genuela atera diguten argazkia, eta ez zait blogeko sarrerari ekiteko beste modurik bururatu. 2017ko apirilaren 4a beste edozein egun izan baitzitekeen guretzat, pasioak jende talde bat gauza zoragarriak egitera bultzatu izan ez balu, 1957an nahiz 1980an.
Udaberri dantza taldea sortu zuten 1957an, eta 1980an hasi zen, Korrika, lehen pausoak ematen. Pasioen pausoak. Eta pausoen belaunaldiak. Lekukoak, finean. Nola Udaberrik, hala Korrikak, ederki asmatu baitute, eskuz esku, norbere pasioen sugarra bizi mantentzen.
Hain zuzen, horregatik, betirako gordeko dugu, gure memorietako kaxa kuttunen batean, 2017ko apirilaren 4a. Horregatik iritsi da Korrika, gaur, enegarrenez, Tolosako kaleetara. Horregatik eskuratu ahal izan du, Udaberri dantza taldeak, urteroko kilometroa. Eta, horregatik irudikatu dugu, udaberritarron familia, zazpi belaunalditan eta zazpi lekukotan: gure pasioek, dantzak eta euskarak, bide luzea dutelako, oraindik, elkarrekin egiteko.
[Argazkiak: Eneritz Maiz / TOLOSALDEKO ATARIA]