Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Iraganeko eta etorkizuneko loturak

Asteburuak askorako eman dezake. Horren lekuko Udaberriko kideok ikastaroetako gaztetxoekin […]

Asteburuak askorako eman dezake. Horren lekuko Udaberriko kideok ikastaroetako gaztetxoekin Torrelles de Llobregatera egin dugun bidaia, Aste Santuari amaiera bikaina emateko.

Ostiral eguerdian elkartu ginen 25 lagun, autobusa hartu eta Kataluniara abiatzeko. Bidean denetarako denbora izan zen: ikasteko, zinema maratoia egiteko… Konturatzerako heldu zen gaua, eta Torrellesera iritsi ginen. Autobuseko epeltasunetik irten sekulako hotzak agurtu gintuen berehala, Torrelleseko “mikroklima” berezia, inondik ere… Gauerako aterpea eskolako gimnasioan genuenez, hotzari aurre egineko zakuetan sartu, eta elkarren aldamenean bilduta eta kantuan aritu ziren gure gaztetxoak, lokartu arte.

Biharamunean, goizeko entseguaren ondoren, haurrak hango dantzarien etxeetara joan ziren, bidaiaren helburuetako bat hori ere badelako, ondo pasatzeaz gain: lagun eta harreman berriak egitea, alegia. Horretan ere, arrakasta izan genuelakoan nago. Bapo bazkaldu ondoren, emanaldiaren unea heltzear zegoen. Urduritasuna nabaria zen. Baina primeran aritu ziren oholtza gainean gaztetxoak, jaso zuten txalo zaparrada horren lekuko.

Igande goizak bestelako plana ekarri zuen. Apirilaren 23a, Sant Jordi eguna, berezia da Katalunian. Bada, lehenbizi aukera izan genuen Gaudiren Familia Sakratua bisitatzeko, norekin eta, bertan lan egiten duen Torrelleseko arkitekto batekin. Sekulako luxua! Horrekin nahikoa ez, eta Sant Jordi eguna bete-betean bizitzeko asmoz, Rambletan murgildu ginen. Sekulako jende uholdea eta giro berezi-berezia topatu genituen.

Baina iritsi zen autobusa hartu eta berriz errepidera irteteko ordua, beste ehunka kilometro baikenituen zain. Iluntzean iritsi ginen Tolosara. Nekatuta, baina irribarrea ahoan eta arrosa gorri bana eskuetan. Maletan, arropa zikinen artean, ondo gogoan hartzeko oroitzapen ederrak ekarri ditugu Kataluniatik.

Eta nola ez, eskerrak eman nahi dizkiegu Torrelles de Llobregateko Esbart Sant Martí dantza taldeko lagunei. Urteak dira bi taldeen arteko harremana hasi zela, eta pozgarria da denbora igaro ahala harreman hori sendotzen ari dela ikustea. Hurrengo trukearen zain geratzen gara. Moltes gràcies!