Iazko urriaren 15a genuen buruan; orduko poza, euforia eta kabitu ezina. Baina, asmo berriak oroitzapenen gainean eraikitzeak badu arriskurik, eta ilusioa eta zama bereizten dituen soka estuaren gainean ibili gara, denok ere, Segurako txapelketaren atarian. Funanbulista sena behar baita, 1.600 kilometro baino gehiagoko distantzia ispilu batekin ordezkatu, eta soka gainean sendo dantzan aritzeko.
Hara hor, arriskuaren erotika: sokatik erortzeko probabilitate altuei aurre egitearen adrenalina; fandango betean bikotearen oin-punta ukitzeko bi aukeretatik biak asmatzearen indarra; gehiegizkoa zirudien distantziak izenpetutako txapelketa (ere) irabaztearen gozoa.
Bigarren aldiek xarma galtzen dutela entzun izan dugu beti, baina, zer demontre, denbora horretarako ere pasatzen da: mitoak mito baino ez direla azalean sentitzeko. Edo, mito berriak sortzeko. Izan ere, joan den larunbatekoa guk geuk bilakatuko dugu mito, zoriontasun uneak errepikatzeko dugun afizioaz. Eta, urtetan egin izan dugun bezala, mila eta berrehun aldiz –gutxienez– ekarriko dugu gogora, ETBko langile guztiak aztoratu genituela Xabi ta Idoia, jo zazue goia! pankarta bigarrenez zintzilikatzeko; edo, Segurako Imaz jatetxeari kritika kulinario bikaina egingo diogu; eta, zergatik ez, sutsuki defendatuko dugu, lehiaketa hasieran bonbo hotsak sortutako lotsa, amaieran behar fisiologiko bilakatzen dela. Guztia zergatik eta, maite dugulako zuen soka gainean funanbulista izatea, eta soka-mutur txiki-txiki bat gure sentitzea.
Udaberritarrok ziur gara, lehenengo garaipenaren lehertzeak gozarazi digula, hainbeste, bigarrena; patxadaz hunkitzearen ederrak. Eta, 2018an urtemuga biribilik izango ez badugu ere, ziur gara pankarta, bazkari, zapi eta eztarriak epelean gordeko ditugula, beste behin, zuen sokaren orekari eusteko. Bejondeizuela!