Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Autobus batean hasi zen dena

Ez dugu, ez, larunbatekoa berehalakoan ahaztuko

2008a izango zen eta, ia ziur, urria. Taldeko jertse berriak egin genituela-eta, Gurrea de Gállegoko (Huesca, Espainia) asteburua berdez margotzera gindoazen; ia ziur dantzara, baina ziur-ziur, ondo pasatzera. Beti bezala.

Beti bezala baina beti ez bezala, jende berriarekin, autobusean zintzo-demonio eserita baitzeuden hainbat dantzari gaztetxo. Gaur argazkiei begiratzeak irribarrea marraztuko lioke edonori, eta denbora alferrik ez dela pasatzen pentsarazi ere bai, bati baino gehiagori.

Gaztetxo horietako bat zen Xabier Artola. Xabier orduan, ezagutu berritan, eta Xabi orain, dozenaka bidaia eta milaka dantza-pausoren ondoren. Iruratik iritsitako dantzari fina, udaberrikideok zertxobait iruratartu gaituena. Txikia, baina bizia, perfumearen atsotitzari men eginez.

Eta, hara non, autobuseko une hura burura etorri zaigu gaur, Xabik handia egin duenean. Dantzari –ia– guztien ametsa besarkatzea lortu duenean. Segurako suelto txapelketa irabazi duenean.

Norekin eta Idoia Besadarekin. Orain urte batzuk, Baratze pilotalekuko harmailen eta oholtzaren arteko distantziak baino ez gintuen lotzen beregana. Baina, behinola, “fandango berria” maila onargarri batean ikasia genuela burutik –eta begietatik– kendu zigun, eta pikiak amets-gaizto bilakatu zaizkio, geroztik, askori.

Gaiztotik gutxi du, ordea, joan den larunbatean bizi izan genuenak; eta, bizi izan zutenak, zer esanik ez. 18:00etako hitzordua eguerdira aurreratu genuen guk, Xabik eta Idoiak oholtzaren altuera gainditu eta goia jotzea beste gogorik ez baikenuen. Eskerrak, pilotalekuan pankarta jartzen izandako komeriak ez ziren txapelketan errepikatu…

Gogor saiatu ginen, behintzat, zintzilik jarritako mezua oihuka errepikatzen. Izan ere, halako egunetan geratzen zaigun lotsa apurra ere galtzen dugu. Ze demontre, hori da euforia kolektiboaren magia: estasi egoeratik begiak bustitzera segundo bakarrean pasatzea.

“Euskal Herriko 40. dantza txapelketako bikote irabazlea… Xabier Artola eta Idoia Besada!”. Eta ez genekien nora begiratu, jauzi egin edo argazki kamera lurrera bota. Ez zitzaigun axola atzeko ikusleei oholtza estaltzea, eta ezta haiei barrea eragitea ere. Gogoratu ginen iazko penarekin, baina, aldi berean, pentsatu genuen aurtengo poza bikoitza izan dela hari esker. Pentsatu genuen zenbat eta zenbat ordu pasatu dituzten, biek ala biek, Usabalgo entsegu gela hotz-beroan. Begiratu genion Vallejori; haren urduritasun eta poz neurrizkoari. Itzaleko lanari. Eta begien umela itzaletan gorde nahi izan genuen guztiok, telebistako kameratik ihesi.

Ez dugu, ez, larunbatekoa berehalakoan ahaztuko. Eta, deskuidoan memoriak huts egingo baligu, ondo gordeak izango ditugu zuen garaipenak utzitako irudiak. Bejondeizuela!

img_2170-2

 

img_2176-2

 

img_2537-2

 

img_2542-2

 

img_2565-2

 

img_2572-2

 

img_2593-2

 

img_2626-2

 

img_2644-2

 

img_2684-2

 

img_2689-2

 

img_2714-2

 

img_2723-2

 

img_2729-2

 

img_2734-2

 

img_2742-2

 

img_2743-2

 

img_2748-2

 

img_2958-2

 

img_2963-2

 

img_2969-2

 

img_2973-2

 

img_3019-2

 

img_3024-2

 

img_3035-2

 

img_3039-2

 

img_3058-2

 

img_3076-2

 

img_3089-2

 

img_3091-2

 

img_3101-2

 

img_3123-2

 

img_3127-2

 

img_3150-2

 

img_3156-2

 

img_3172-2

 

img_3198-2

 

img_3208-2

 

img_3229-2

 

img_3239-2

 

img_3242-2

 

img_3262-2