Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Atzera begira… Beñat Azaldegi (Hungaria, 2013)

Ea 2022an berriro kafe kikara dardarka jartzen zaigun!

Tolosako Feria

2013ko apirila izango zen gutxi gorabehera. Gogoratzen dut Juanekin topo egin izana Zerkausiko arkupean, larunbat goizez. Udan udaberritarrak Hungariara joateko asmotan zebiltzala, eta beraiekin bidaiara joateko, garai hartan Joxe Nazabalekin entseatzen ari ginenoi proposamen bat egin behar zigula komentatu zidan. Emozioak jota, eskuetan nuen kafe kikarak dardara egiten zidala gogoratzen dut.

Esterilla eta zakua

Laskorain Ikastolako ganbaran zegoen garai hartan Udaberriren lokala. Uztailean esterilla eta zakua eraman nituen kasik bertan lo egiteko. Lapurdiko dantzak oso ederrak dira, bikainak, baina dantza nahiko luzea da eta gure memoria motz xamarra. Alpargata txuriei koloredun lentejuelak jostea ere ez zen lan makala izan gure esku traketsentzat. 17 arratsalde (eta amaren azken errepasoa) behar izan nituen “grosso modo” alpargatak modu duinean apaintzeko.

Urpa

Itsaso Barrenetxea eta gainerako “harremanoak” kapitain genituela, edozein bidaia agentzia inbiditan utziko lukeen bidaia egin genuen. Gogoan ditut esnatu berritan “Lago di Gardan” hartu genuen bainua, Zagrebeko istorioak (“Three Kuna”, bahiketa saiakera eta bestelakoak… jiji), Budapesten pasatu genuen eguna (batzuk buruko min arraro xamarrarekin), Monacoko kala zoragarriak… Eta, batez ere, gogoan ditut Juanen monologoak, Amaiaren despedidea (Amaia Feat. JL Vallejo), Joxe Mariren paella, rotondetan buelta-buelta, Itsaso eta Aitorren “EZ-kontza”, azerikeriak, pintza jolasa, gaubelak… Ondorengo urteetan milaka aldiz gogoratu eta mito bilakatu ditugun batailatxoak.

Klik!

Argazki zoro hori atera genuen emanaldian, izan genuen (ohiko den legez) saltsatxoa. Lehen ustekabea iritsi bezain pronto izan genuen. Autobusa aparkatzera zihoan bezala, Klanka! aurreko gurpila hondarrez betetako esparru batean harrapatuta geratu zitzaigun. Bultzaka ateratzeko saiakera batzuk egin genituen, baina ezer ez. 13 metroko “trastotzarrak” ez zuen mugitzeko imintziorik ere egin. Ezin genuen autobusa mugitu, eta bertan utzita joateko agindua eman ziguten txoferrek, berotu xamar, emanaldia hasteko ez baitzen denbora gehiegi ere geratzen. Gurekin jaialdian zebilen talde poloniarreko autobusa gureari lotu, eta bi motorrak topera jarrita atera omen zuten azkenean autobusa! Jon eta Joxe Marik 2014ko Paris-Dakarrean parte hartzeko aukera galdu zuten arratsalde horretan.

Emanaldia aparteko gorabeherarik gabe egin genuen, txukun antzera. Amaieran iritsi zen ikusle Hungariarrak zur eta lur utzi zituen pasartea. Emanaldi hau spa/igerileku batean egiten ari ginela baliatu, eta dantza-toki pare-parean igerileku bikain bat genuela jakinda, Pitxuri otu zitzaion hungariar kaldereroetako hartza bezala pistinara salto egitea, orruka. Imaginatzen duzue ikusle koitaduen aurpegia? Epikoa izan zen, eta guk kristoren barreak egin genituen.

Bidaia intentsu eta bizipenez betea izan zen, eta betirako izango diren lagunak sakonago ezagutzeko balio izan zigun. Ezin zaio gehiago eskatu hamabostaldi bati. Ea 2022an berriro kafe kikara dardarka jartzen zaigun!

Leave a Reply