Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Atzera begira… Joxi Indakoetxea eta Dori Viloria (Hungaria, 1992)

UDABERRI DANTZA TALDEAren historian zehar asko izan dira taldekideak eta guztiak izango dituzte kontatzeko moduko bitxikeri eta anekdotak.

UDABERRI DANTZA TALDEAren historian zehar asko izan dira taldekideak eta guztiak izango dituzte kontatzeko moduko bitxikeri eta anekdotak. Gure kasuan, talde osoari eta bere izaerari dagokion pasadizoa ekarriko dizuegu gogora, Hungariako DEBRECEN herriko Nazioarteko Jaialdi Folklorikora joan ginenekoa, hain zuzen ere.

Ohikoa zenez, talde bakoitzari gidaria jartzen zitzaion interprete eta laguntzaile lanetan. Garai hartan Ekialdeko Herrialdeetan jatorri kubatarrekoak aurkitzea arraroa ez zenez, eta euskaraz zekienik aurkitzeko zailtasunagatik edo, gaztelania gure arteko batzuek baino hobeto menderatzen zuen Daniel kubatarra egokitu zitzaigun halako eginkizunetarako.

Uzturrebusez, txukuntasunaren antitesia izan zitekeen berrogei bat gaztez osatutako multzo desordenatu bezain zalapartatsuarekin topo egitea izan zen gizajoaren patua! Kaosarekin, alegia! Ziur naiz zalantzak ere izan zituela norengana zuzendu bere burua aurkezterakoan!

Hasiera-hasieratik eta lehen emanaldia ikusi arte behintzat, gurekiko tratua zuzena izan arren, aurpegi serioa erakutsi zigun: horixe izan zen inflexio puntua. Oker ez banaiz, Dantzari dantza, Gipuzkoako brokel dantza, Ziekoko dantzak eta ez dakit zer geihago plazaratu genituen.

Saioa bukatutakoan, emanaldia oso gustukoa izan zuela esanez hurbildu zitzaigun, irrifartsu, hain denbora gutxian egin genituen jantzi-aldaketekin erabat harrituta.

Eta iritsi zen aitortza! Orduan azaldu zizkigun bere beldurrak eta zalantzak! Barregarri geratuko ginelakoan zegoen. Ez zuen inondik ere pentsatzen lehen egunean ezagutu zuen gazte kuadrilla hura  hain maila handiko emanaldia eskaintzeko gai izango zenik. A zer nolako lasaialdia hartu zuen gizonak!

Harrezkero, gure parrandetan parte aktiboa hartzeraino aldatu zen bere jarrera: gurekin bueltan itzultzeko prest ere egongo zela azaldu zigun, halako batean!

Honekin, bukatutzat eman beharko genuke gure ekarpena, baina ordenagailuaren teklatua bero-bero dagoela aprobetxatuz, utziguzue sikiera labur-laburrean azaltzen 80ko hamarkadan bizitako beste bi pasadizo.

Lehena, Bretainiara eginiko bidaietariko batean, LARRAIN DANTZA oholtzaratzerakoan eta jota zaharrean  murgilduta geundela, ondoko kideari kaikua askatu eta bere borlak nireekin bat egin zuten, nola gainera! Besteek dantzan jarraitzen zuten bitartean, gu biok, elkarri begira, geldirik, sortutako korapiloa askatu ezinik: hori panorama!

Bigarrena berriz, Ekialdeko Berlinen eginiko saioetako batean gertatutakoa da. Irudikatu ezazue momentua: jendez betetako ANTZOKI EDER BAT, txistulariak oholtza gainean, eta gu Berastegiko San Juan Iantzak eskaintzeko prest, eszenatokira ateratzear. Halakoetan, denok sentitu izan ditugu urratzen saiatzen garen eta askaezinak diruditen urdaileko korapilo horiek, ezta?

Ba, horrela geundela eta aipatutako estualdi horietako baten eraginez edo, bere onetik aterata zirudien  dantzarietako bat, lagun bat falta zela oihukatuz hasi zen, batetik bestera, bueltaka.

“Behin eta berriro zenbatu ditut eta hamahiru egon beharrean, hamabi gaude, bat falta da! “ – esaten zuen.

“Baietz, bat falta dela! “ – errepikatzen zuen.

“Baina, nola liteke?” – Erantzun beste guztiok. -“Nor falta da ba?”

“Bat falta dela! Bat falta zaigula!” –jarraitzen zuen batetik bestera oihuka, ondo antolatuta genituen lerroak erabat nahastu arte!

Halako batean, gutariko beste batek guztiok geundela baieztatu zuen: “Kontatu ditut, eta hamairuak gaude! GOAZEN! AURRERA!”

Beste guztiok berriz ere gure tokietan jarri, eta DANTZARA!

Zer gertatu ote zen bada?

Urduritasunak jota, zenbatzerakoan, gizonak EZ ZUELA BERE BURUA KONTUAN HARTZEN!!!! 

HORRELAXEKOAK DIRA GAUZAK!!!!