Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Berastegiko San Joan dantzak berpiztuz

Gure belaunaldikook estreinakoz dantzatu genituen Berastegiko San Joan dantzak

Aurreko ostiralean, ekainak 8, Galdakaon ospatu zen Udaberri Jaialdian gure belaunaldikook estreinakoz dantzatu genituen Berastegiko San Joan dantzak, gure dantza taldearentzat urteetan zehar esanahi berezia izan duten dantzak.

Berastegiko San Joan Dantzak abuztuaren 10ean, San Lorentzo egunez Berastegiko plazan dantzatzen den dantza sortari deitzen zaio. Dena dela, ospakizun berezietan ere dantzatu izan dira dantza hauek denboran zehar. Esate baterako, azken urteetan San Joan bezperako suan haurren taldeak dantzatzen ditu.

Dantza sorta honetako dantzek berezitasun handia dute eta herritik kanpokoei deigarri egiten zaizkie sarritan. Alde batetik, dantzen izena bitxia da, Berastegiko San Joan Dantzek, izenak hala dion arren, guk dakigunez, ez dutelako loturarik izan historian zehar San Joan jaiekin edo bataiatzailearekin. Berastegin eta Elduan, gainera, ez dago bataiatzaileari ezarritako tenplurik. Bestetik, hauen ezaugarri diren jauzi, txingo eta beso mugimenduak ohiko dantza molde gipuzkoarretik aldentzen dira, eta indar handiko dantzak izaki, ikusmin handia sortu ohi dute.

Hala ere, nahiz eta dantzakera berezia den, egitura koreografikoari dagokionez, taldea bi errenkadetan banatuta dauden 12 dantzarik osatzen dute kapitain bat dutelarik guztien buru eta figura koreografiko ezberdinak osatzen dituzte, dantzetako batean tresneria ere erabiltzen delarik, brokel-dantzan hain zuzen. Egitura koreografiko honek gure inguruko Gipuzkoako Brokel Dantza klasikoa edota Bizkaiko Dantzari dantza ekar dakizkiguke gogora, baita Tolosaldeko bertako Lizartzako Inauteri Dantzak ere. Aipatzekoa da Lizartzako Inauteri Dantzetan, egitura koreografikoan dagoen antzekotasunaz gain, zenbait pauso berezik eta beso mugimenduk Berastegiko San Joan Dantzetan agertzen direnen tankera handia dutela. Bitxia da Tolosaldean dauden Nafarroako bi mugetan eredu koreografiko horren bi adibide hauek isolatuta agertzea, beraien sorreraz eta bilakaeraz ezer gutxi dakigularik.

Hauexek dira dantza sorta osatzen duten dantzak:

  • Paseoa
  • Lauko txikia
  • Kontrapaseoa
  • Kapitain dantza
  • Zorri dantza
  • Seikoa
  • Brokel dantza
  • Belauntxingoa
  • Biribilketa edo irteera

BILAKAERA

Badakigu Berastegin XVII. eta XVIII. eta XIX. mendeetan dantzatzen zela, txistulariak Berastegiko  Udal Artxiboko ia urteroko gastuetan azaltzen baitira.

Beste datu batzuen artean, XVIII. erdialdera dantzarien kapitainari sonbrero gorri bat erosi ziotela aipatzen da, eta garai horretako Udaleko inbentario batean  “sombrero de tres puntas del capitán de los danzantes” agertzen da.

XIX. Mendearen amaieran Udalak Baztarrika maisuari soldata ordaindu zion herriko gazte talde bati hiru hilabetez San Joan dantzak erakusteagatik.

 

Dantza hauek 1936. urteko gerrara arte egin ziren herrian belaunaldiz belaunaldi transmitituz, baina, gero etena izan zuten. 1955. urtean Ipuliño dantza taldea sortzearekin batera berriro berreskuratu zituzten San Joan Dantzak. Ipuliño dantza taldea neska-mutilek osatua zen eta herritik kanpora ere aritu ziren dantzan, Tolosaren 700. urteurrenean esaterako. Neskek Gipuzkoako zenbait dantza, sagar-dantza, eta abar dantzatzen zituzten eta mutilek, aldiz, San Joan Dantzak, gerra aurreko belaunaldiko hainbat kideren gidaritzapean.

60. hamarkadan ere etena izan zuten dantzek, hainbat saiakeraren ondoren, eta 1973. urtean Udaberrik berreskuratu zituen dantzok, nahiz eta urte batzuetan ez zituzten Berastegin dantzatu. Gero bai, Udaberrik hainbat urtez dantzatu izan ditu Berastegiko San Joan dantzak San Lorentzo egunez Berastegiko plazan.

1995an Berastegiko Guraso Elkartearen ekimenez Belauntxingo dantza taldea sortu zuten herrian bertan. Lehenik, herriko “dantza soka” erakusteari ekin zioten, eta ondoren, Udaberriko dantzaria zen Jexux Nazabal berastegiarra hasi zen San Joan Dantzak erakusten, 1998. urtean herriko 8 dantzariz eta kapitainaz osaturiko taldea atera zelarik dantzan. 2000. urtean 12 dantzariz eta kapitainaz osaturiko taldea atera zen, denak herritarrak hainbat urtetako etenaren ondoren.

Udaberri Dantza Taldeak, 1998az geroztik ez ditu dantza hauek emanaldietan dantzatu, beraz, Galdakaokoa berezia izan zen, bertsio txikituan (8 dantzari eta kapitaina) izan arren 20 urteko etenaldiaren ondoren berriro plazaratu baikenituen Berastegiko San Joan Dantzak.

 

ITURRIAK:

  1. Salbarredi, J. (d.g.). Dantzariak Berastegin 1. atala.eko 06k 12 jasota
  2. Udaberri Dantza Taldea. (d.g.). Berastegiko San Joan Iantzak. urteurreneko liburuxka, or. 62-69.