Irudia déjà vu moduko bat da. Zortzikoaren ahairea airean, erromantizatutako neke bat oinetan. Zumardi Handia atzean, txikia ezkerrean eta Naparzubia aurrean; bukaeraren hasiera. Nolabait eutsi nahiko nioke denboraren hari-muturren bati, hori pentsatzen dut urtero: ez dadila amaitu, ez dadila amaitu, ez dadila amaitu… Baina urteko egunik luzeenak azkar eta ondo joan ohi dira, paradoxa horrek bizi du udako solstizioa. Eta gero, zer? Gero geratzen dira oroitzapenak, eta memoriaren itsaso zabala.
Inon bizipen garrantzitsurik tatuatzerik balego, nik ekainaren 24 asko aukeratuko nituzke orban eternal bilakatzeko, zergatik uka. Tatuatuko nuke aurtengo San Joan eguna, eta tatuako nuke 2013ko ekainaren 24ak utzitako fotograma bakoitza ere, bi data horiek elkartzen dituen zubia sekula ez erortzeko moduan.
Izena duen guztia omen da, edo izendatzen ez dena ez omen da existitzen. Eta, beharbada ideia horren kontzientzia teorikorik gabe, baina funts hori barru-barruan sentituta, 2011 inguruan gure herrian bete beharreko hutsune bati azpimarra jartzen hasi gintzaion: bordon dantzari emakumezkoena. Bizitza osoa taldean, diziplinaren ardatzean lanean jardunda, merezi genuen gizarteak ezarritako ikusle posizio hori baino zerbait gehiago.
Parranda-giroko akuilu izaten hasi zenak hartu zuen halako gorputz eta forma bat, bilakatu zen testu, heldu zen taldeko batzar nagusira, eta hasi zen bere bidea egiten. Luze egin zitzaigun prozesua, tartean izan zen harri-txintxarren bat edo beste, baina ez genuen bide horren amaiera baino ezer ebidenteagorik ikusten: 2013ko ekainaren 24an, sei bordon dantzari emakumezkok estreinakoz hartu genuen plaza. Zurrunbilo bat sabelean, laino bat buruan, poza azaleko poroetatik; hala ekarri ohi dugu beti gogora.
Egun haren ondotik heldu ziren, Jaizkibel Konpainiak 2015ean emandako Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria, eta baita emakumezkook banderillero postuetan lehenengoz dantza egin genuen ekainaren 24 hura ere. Aitor dezadan, lerrootan behera ibilbide horren bihurguneak errepasatzeak ezin nauela gehiago hunkitu, 2013ko hura izan zelako zerbait gehiago, akaso, lehen aldi bat baino: iruditeria berri baten lehen hazia.
Aurtengoak pandemia osteko lehen sanjoanak izatera zetozen; festaren festaz, hiru urteko etenaldia ezerezera kondenatzera zihoazenak. Baina, zer diren kontuak: 2022ko ekainaren 24a bordon dantzari emakumezko bat kapitain lanetan estreinakoz aritu zen eguna izateko esnatu zen Tolosan. Historiaren zati txiki bati hitz berriak gehitzeko. Bezperetan neurriz sentitutako itxaropenak besarkadetan lehertu ziren, urte osoko hoztasun gehiegizkoak ahaztuta. Egun zoragarria.
Eta, zer zortea nirea, zer erraietarainoko hunkidura, zer kabitu-ezinezko poza hau guztia bizitu ahal izana, ilara barruan, taldea etengabe ur-berritzen duten belaunaldien sokan, dantzan, plazan. Urteak atzera hutsune zitzaigun txoko bete horretan. Ez ahaztekoa izan da, biba gu.
Itzea Urkizu Arsuaga