Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Denbora luzez Beotibarri begira

Gertukoa da oso. Hunkigarria. Tolosar-tolosarra. Eta askorentzat, betikoa. Zalantzarik ez […]

Gertukoa da oso. Hunkigarria. Tolosar-tolosarra. Eta askorentzat, betikoa. Zalantzarik ez da, ekainaren 24ak badu urteko gainerako hainbat egunek ez duten zerbait. Tradizio paganoetatik datorren sua bestelako sinesteen garrekin nahasi izan da azkenaldian, baina usteak uste, egutegietan gorriz margotutako txokoa du San Joan egunak.

Ohiturei eskutik lotutako eguna izaki, usadio horien jatorriak jakin-mina pizten du herritarrengan; jakiteko gogo hori hazi egiten da, gainera, testigantzen gainean berreraikitako adierazpen folklorikoez ari garenean. Tolosako Bordondantzaren inguruko lehen lekukotasun idatziek 1717ra garamatzate, eta Iruñeko Elizbarrutiko artxiboan gorderik daude testuak. Lekukotasun horien bidez, eta beste hainbat ahotsi jarraituz, Beotibarko guduarekin lotu izan da Bordondantza, eta gaur egun ere horixe da herrian gehien zabaldu den ustea. Zein da, ordea, sineste horren arrazoia?

 1321. urteko irailaren 19an tolosarrek nafarren aurkako mendekua hartu zutela diote liburuek, eta Beotibarko gudua izena hartu zuen hark. Urteetan barrena gudu hartan ezarri izan dute Bordondantzaren jatorria, baina bada lotura hori aitzakia historikotzat duenik ere.

EZPATADANTZAREN FRUITU

 Jose Maria Jimeno Juriok duela hiru hamarkada inguru azaldu zuen, lehenengoz, jatorri honen inguruko jarrera eszeptikoa. Bide beretik, Fernando Rojoren ustez okerra da gertakari historikoaren eta dantzaren arteko lotura: “Iztueta folkloristaren edo Pablo Gorosabel historiagilearen gisakoek ezarri nahi izan dutenaz harago, ia ezinezkoa da Beotibarko guduak eta Bordondantzak loturarik izatea”.

Badirudi, ordea, dantzak eta gerrak elkartzea ez dela kasu isolatua. Erregimen Zaharrean halako teoriak sortzea ohikoa zen, eta topiko ere bilakatu zen zenbait erritoren jatorria ideologia zehatz bateko gerra-gertaerekin lotzea. Horren adibide da, esaterako, Bascocantabrismo deituriko teoria, gerora Esteban de Garibayk eta Araquistainek zabaldu zutena: “Iragana desitxuratzen dute, orainaldia arrazoitzeko. Historia manipulatzea da hori”, dio Rojok.

Euskal Herri osoan ezagutu eta dantzatzen duten Ezpatadantzaren itxura du, San Joan eguneko Bordondantzak. Egia da, ezpatekin dantzatu beharrean, bordoiekin egiten zela antzina, eta alabardekin aritzen direla gaur egun. Koreografia osoari begiratuta, ordea, jatorri argia dute mugimenduek.

Fernando Rojok bere lan batean gogora dakarren moduan, Julio Caro Barojak aspaldi azaldu zuen San Joan eguneko dantza guztien berezitasuna: Europa osoan barrena, gizonez osatutako konpartsa handiek armekin dantza egiten dute egun horretan.

Euskal Herrira itzulita, Lesakan, Zugarramurdin, Lakuan, Balmasedan nahiz Oiartzunen ezagutu izan dira San Joan eguneko dantza armadunak. Areago, orain Bordondantza eta aspaldi Alagaidantza izena zuena, Beterriko hainbat herritan (Andoain, Hernani, Urnieta, Errenteria, Alegia) ere egiten omen zuten Larramendik dioenez. Lekukotasun hauen aurrean, Rojok argi dauka guduaren teoria erabat deuseztatzen dela.

ERROMESEN OMENEZKO DANTZA?

San Joan egunaren inguruan amaigabeko naturako sinboloz jositako mundu bat dago, adituen hitzetan; solstizioa ospatzeko kristau tradizioaren aurreko ohitura dela diote. Ekainaren 24ko ohiturez harago, ordea, Bordondantzaren beraren jatorria erabat ezezaguna da oraingoz. Gaur egun Tolosako Alde Zaharrean oilo-ipurdiaz gozatzen ditugun pausoak, hiru hamarkada atzera eginda berreskuratu zirenak direla aipatzekoa da. Galdutako pausoen bila joan ziren haiek, gainera, ez zuten inondik ere gerra baten gaineko koreografia bat sortu nahi izan, Rojok dioenez.

 Bordondantzari kutsu militarra emateko arrazoietako bat izan daiteke, dena den, alabardak erabiltzearena: “Gerrarekin lotu beharrean, Donejakue bideko makilekin lotzea egokiagoa da. Badirudi Arrameleko San Joan baseliza erromesen geldiune garranzitsua zela, eta gaur egun ere hara joaten dira dantzariak konpletak osatzera”.

Gerrak gerra eta sinesteak sineste, ekainaren 24ak gorriz margotutako txokoa izango du beti Tolosako etxeetan. Jatorria Beotibarko guduan edo Donejakue bidean duela baieztatuta ere, dantzariek berdin-berdin astinduko dituzte txintxarriak, eta eskopetariak ere kalera irtengo dira. Fernando Rojoren ustez, beraz, argia da Bordondantzak bizirik jarraitzearen arrazoia: kultura, gurasoen belaunaldiaren hariari tiratzea eta gozatzea lirateke oinarrizko zutabe.

 Ez diogu, udaberritar gazteok, arrazoirik kenduko. Sekula baino biziago dagoen San Joan egunak jarrai dezala bere bidea eta jaio daitezela ohitura berriak, tradizio zaharretatik. Orain arte belar zena, egin dadila, hemendik aurrera, gari.

ITURRIAK

Rojo, Fernando (2001): “Bordondantza y la Batalla de Beotibar”, Euskonews & Media, 129. zkia.

Jimeno Jurio, Jose María (2013): Tolosa. Historia y folklore. Pamiela

Jimeno Jurio, Jose María & Udaberri Datza Taldea (2004): Tolosa desde la Bordondantza. Tolosa Bordondantzaren ikuspegitik. Aranzadi