Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Euskarak dantza gaitzan

Dantza bat da euskara. Bizia, batzuetan, eta tempo geldokoa, hala behar denean.

Dantza bat da euskara.
Bizia, batzuetan, eta tempo geldokoa, hala behar denean.
Euskarak badaki kriskitina jotzen; euskarak mendeak daramatza oin-puntak urratuta.

Askorentzat izan da, gure lehen dantza; haren hitzen eta gure mihien arteko baltsa.
Eta, baltsa eta konpasa azkartu ondorengo hatsa. Hori ere bai baita euskara: arnasa.
Birikak hauspotzen dizkigun kontrapasa.

Bera da melodia, bera erritmoa.
Ahapeka entzutekoa, edo tarteka hotsandikoa.
Euskara txikia baita, baina mundukoa;
larrekoa baina noranahikoa.
Gure bizitzen zortzikoa: salto txikiz hasi, eta lauarinez lauarin gozatzekoa.

Gozatu, ibili, haserretu, esnatu, jorratu. Ospatzekoa.
Hori guztia da euskara.
Nekatu, erantzi, etsi, ukitu, saiatzekoa. Begiratu eta miazkatzekoa.

Hori guztia ere bagara, euskaraz.
Egin negar, egin aurre, egin irri. Egin harri eta herri.
Egin kasu. Egin uko. Egin indar eta bultza egin.
Egin.
Egin korri, arin; euskara izango da-eta, fandangoa.
Gu baikara eskua, bera baldin bada lekukoa.

Euskarak aspaldikoa bezainbeste izan nahi duelako, etorkizunekoa.
Eta jendezkoa, eta koloretakoa, eta ahotsezkoa. Sortzetikoa bezain ikasitakoa.
Hitzezkoa, noski, eta ekintzazkoa.

Euskarak oinez nahiz korrika dabiltzanengana heldu nahi du.
Euskarak heldu egin nahi dio, bere doinu guztien kalejirari,
jauzi berriz betetzeko plaza.
Murixka eta txorrotxekin osatzeko, salto xumez hasitako mataza.

Euskarak dantza egin nahi du. Dantzarazi eta dantza izan.
Dantza bat baita euskara.
Dantza dezagun, ba,
berak gu dantza gaitzan.

 

Itzea Urkizu Arsuaga