Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Ez nintzen zutitu

"Izena esaten baldin badute, zutik eta zapiei eragiten, e!". Eta hala egin zuten ia denek: euforiaz mozkortu. Nik ere bai, behatz puntekin ukitu nuen poza; baina ez nintzen zutitu. Nahiago izan nuen 2018ko urriaren 20ko momentu eta unibertso efimero hari eserita begiratu; eta, bide batez, begiei lehortzen utzi.

2018-10-25

“Izena esaten baldin badute, zutik eta zapiei eragiten, e!”. Eta hala egin zuten ia denek: euforiaz mozkortu. Nik ere bai, behatz puntekin ukitu nuen poza; baina ez nintzen zutitu. Nahiago izan nuen 2018ko urriaren 20ko momentu eta unibertso efimero hari eserita begiratu; eta, bide batez, begiei lehortzen utzi.

Aurten dena izan baita desberdina: sarrerak erosteko modua, egokitu zitzaigun harmaila zatia edo musikariek fandango eta arin-arin  desberdinak jo izana. Eta, inon oinarri zientifikorik ez duten sinesmenekin dantza egiten dugunok, bagenuen nahikoa arrazoi urduri sentitzeko. “Zail dago kontua, eta pozik itzuliko gara edozer gertatzen dela ere”. Bai, benetan ari ginen.

Segurako dantza txapelketa pauso eta koordinazio ederrenen arteko lehia baino zerbait gehiago bilakatu baita udaberritarrontzat: neguko entsegu errepikakorrei gogotsu ekiten hasteko aitzakia; dantza baino gehiago, dantza taldeko giroa maite dugula berresteko eguna; oholtzara begiratuta, urtetan, punta-puntako dantzariak aldamenean izan ditugula konturatzekoa. Batzuon dolua pozarekin ezkontzekoa.

Aurten dena izan baita desberdina. Aurten, zainetan daramagun taldeari kanpotik begiratu behar izan baitiogu batzuk; paradoxa galanta edo, besterik gabe, denbora, azkarregi. Aurten, pelikuletan bezala, argazki errenkadetan pasatu baitzaizkigu zenbaiti, memoriatik, Seguran, entsegu gelan, Lizardin, sanjoanetan, autobusean, oholtzan, lokalean eta zeinahi lekutan, hirugarrenez jarraian Euskal Herriko dantza txapeldun izan direnekin –eta haien tribuarekin– bizi izandako une guzti-guztiak.

Horregatik guztiagatik, ez nintzen zutitu; ezin izan nuen. Nahiago izan nion mundu partikular hari eserita begiratu, momentu hura memoriako argazkietan betiko izoztu eta, ideiak bildu, Xabik eta Idoiak lortu dutenaren itzalaren parera irits litekeen testuren bat josteko. Bai, azken helburu horrekin ameslariegi izan naiz akaso; baina ez diguzue besterik irakatsi, azken lau urteotan. Eskerrik asko bioi.

Utzi erantzuna