Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Giako kimuak

Gaztetasuna aparra bezala, horrelako une batean gailendu daitekeen presioaren gainetik.

Aurten ere, pasa den ostiralean, Giako Andra Maria Dantzaldiaren edizio berri batean parte hartu genuen. Historikoa guretzat, eta ez ostirala (San Fermin bezpera) zelako. Jaialdiak, dantzari zaharrenak baino urte gehiago zituen. Horra hor datua.

San Fermin bezpera. Lokala. Arratsaldeko 17:00ak. Bagoaz emanaldi berri bat eskaintzera. Eguraldi ederra eta giro aparta. Autobusean, lasaitasuna nagusi, agian asteburu atari batek eska dezakeena baino handiagoa. Halako batean heldu gara Portugaletera, lau aldiz aldapan gora, eta beste lau behera ibili ondoren.

Portugalete. Jaialdiaren eguna. Arratsaldeko 19:00ak. Hemen ere lasaitasuna agerian, eta ohiko prozesuaren ekitea: Arropak ondo jarri, sarrera-irteeren pasea gauzatu, eta soinu frogak egin. Handik gutxira, emanaldia. Guztia prest. Jantziak, musika eta materiala. Gu ere prest. Inoiz ikusi gabekoa ordukoa. Gaztetasuna aparra bezala, horrelako une batean gailendu daitekeen presioaren gainetik.

22. Horixe taldeko dantzari zaharrenaren adina. Iaz bizitakoa historikoa izan zen, baina oraingoa ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Berriak zaharren modura aritzen dira orain. Gazteak beteranoak dirudite dantzan, eta hori, entseguetan egiten den lanari esker lortu den emaitza da. Zaharrek, ordea, badute berri izateko aukera ere, eta hori datozen emanaldietan nabarituko da.

Belaunaldi. Adin bertsua duten edo garai jakin batekin lotzen diren pertsonen multzoa. Zaila da ostiraleko bataz besteko adina ateratzea, baina ziur 20 urteren inguruan ibiliko dela zifra hori. Ene! Gaztetasuna borborka, eta noski, dantzarako konpromisoa eta beti bezalakoa. Krisiaz hitz egitea ezinezkoa da Portugaleten bizi genuena ikusiz gero. Garai berriak datoz Udaberrira. Haziko dira kimuak.

Eskerrik asko. Berriztasuna taldeari, prestatutako emanaldiagatik, baita Basurtoko Beti Jai Alairi ere, baina batez ere etxekoei, gero sabela ederki betetzeko aukera emateagatik. Guztiak pozik, orduan. Itzulera, ordea, joanekoa baina luzeagoa egin zitzaidan, agian, bertako jendeak botatako loreak entzutearen emozioak eraginda.

Karaokea. Behintzat, gero hartutako garagardoek, autobuseko ordu luzeak goxatzeko, eta Noelia, Yolanda edota Karmentxu kantatzeko balio izan zuten. Ole! Ole, ole, ole! Ole, ole…

P.D.: Txoferrak asmatu zuen itzulerako bidaian kantuak bata bestearen atzetik jartzen, eta eskerrak! Hala ere, Aurrera Altsasu kantuaren bertsioa aukeran motzegia zen.

Utzi erantzuna