Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Gogoan

Rock izarrak baikinan, guztion familia argazkia atera behar da, dantzariak, erraldoiak, banda, musikariak… Kamarak desagertze bidean, Smartphone pila gure aurrean argazkiak ateratzeko. Bai, definitiboki garaiak aldatu dira.

Watxapa

Ez da telefono deirik. Garaiak aldatu dira. Komunikazio bide berriak erabiltzen dituzte gaurko belaunaldiek denerako. Dei bat jaso dugu Udaberriko “xarrak” watxap taldean: laguntza behar dute, San Joanen atarian egingo den Gogoan izeneko emanaldian, arropaz aldatzeko astirik ez eta, boluntarioak behar dituztela Kaxarranka dantzatzerakoan kutxa eusteko. Zortzi arraunlari behar dira; hamar bat prest gaude laguntza xume hori emateko. Hara goaz.

Entsaioa

Ostirala. Entsaio txiki bat arratsaldeko 20.30ean plazan. Han da Vallejo, gure attona, Master of Ceremony lanak egiten, oholtzaren aurrean entsaioa koordinatzen. Dena axkar-axkar. Igo kutxarekin, goian itzuli bat eman eta aldapan behera jaitsi, berriro ere. Xabierrek, kutxa gainean dantzatuko duenak, pazientzia eskatzen dio Vallejori, behar bezala entsaiatu nahi duela. Orain bai, entsaio aurrean eserita dagoen ikuslegoaren aurrean berriz ere jarri, dantzatu, eta, txistuaren doinuak jarraituz, behera. Entsaioak aurrera darrai. Gu afaltzera joango gara. Tarte txiki bat badugu eta.

Backstage

TOPICen sarrerak aldagela funtzioa betetzen du gaur. Lasai askoan gaude, eman dizkiguten edo etxetik ekarri ditugun arropak soinean jartzen ditugun heinean. Gaurko gazteak ez, berriz. Urduritasuna eta tentsioa nagusi. Legezkoa den lez. “Geu ere horiek pasatakoak gara, nerbioen uneak dira”. Halaber, derrigorrezko tentsioak dira, noski. Geu ere gustora dantzatutakoak gara, baina, oraintxe bertan, inbidirik batere ez. Adina aurrera doan seinale, gero eta zailagoa da nerbioak kontrolatzea.

Aldapa

Irten gara kalera, gure tartearen zain egoteko. Prest, beti prest. Dantza sena ez da inoiz joaten; senak ez gaitu inoiz utziko. Kontrapasa. Ikastolaren ereserkiarekin hasten da emanaldia. Oroimen goxoak. Telleriatarrak dira saioaren aurkezle eta hauei so gaude, onak, oso onak eta dibertigarriak iruditzen baitzaizkigu. Oholtzara igotzeko dagoen aldapan gaude zain, dantzak gozatzen. Ño! Dantzarien kalitateak gora egin du, zalantza izpirik gabe. Oso dantzari onak ditu gaur Udaberrik. Eusten diote taldeari eta, gainera, sekulako giroa dute euren artean.

Oholtza

Arrauna beste eskuan dugula… bat, bi eta hiru… kutxa lepo ondora igo dugu, Xabi gainean dela. Oreka. Bederatzion arteko oreka. Bagoaz. Pausoz pauso, aldapan gora. Behin goian gaudela zuzen jarri eta ikus-entzulegoaren aurrean kokatu gara. Hasi dira doinuak. Fandangoa eta arin-arina. Xabiren pausoen kolpeek markatzen dute erritmoa gure lepagainean. Taldeko txikiena izateak lagundu dit. Apenas sufritu ditut kutxaren gora-beherak. Xabierren agurra jendartearen txalo zaparrada artean eta behera berriro. Poza eman digu oholtzara berriro igotzeak. Aspaldiko partez.

Agurra

“Ez zaitezte aldatu, gero saludoa egitea igoko gara denok”, esan digu Juanek. Baia! Itxarongo dugu, bada. Bitartean, oraingo dantzarien erritmoez gozatuko dugu, Eltziegoko dantzak, Bizkaikoak, fandango eta arin-arina, baltseoarekin nahastuta, erraldoien artean. Ederra koreografia. Zur ta lur geratzen gara dantzarien kalitatearekin, beste behin. Uff! Ikuslegoa agurtzeko ordua. Inoiz ez dugu jakin hori (ondo) egiten eta gure izenari eusteko, oraingoan ere, modu txapuzeroan egin dugu saludoa. Gu gara, eta ezin zuen beste modu batera izan. Kalejira batekin amaitzen dugu. Ez, oraindik ez da amaitu! Rock izarrak baikinan, guztion familia argazkia atera behar da, dantzariak, erraldoiak, banda, musikariak… Kamarak desagertze bidean, Smartphone pila gure aurrean argazkiak ateratzeko. Bai, definitiboki garaiak aldatu dira.

Idazlea: Fernando Rojo

Utzi erantzuna