2017
60 urteren ondoren taldeak indartsu jarraitzen du. Lan asko egin ondoren, jasotako erantzuna ezinhobea izan da.
Udaberri dantza taldea
Kargatzen...
Gure aurrekoek ehundutako haria ez da etengo
2017
60 urteren ondoren taldeak indartsu jarraitzen du. Lan asko egin ondoren, jasotako erantzuna ezinhobea izan da.
2013
2013an Hungariara egindako bidaiak odolberritu egin zuen Udaberri. Dantzari eta musikari berriz horniturik, Europa erdialdera bidaiatu zuen taldeak, eta, hainbat emanaldi eskaini ondoren, datozen urteetan Udaberriri eutsiko dion belaunaldia ernaldu zen.
2008
Taldeak Belgikara bidaiatu zuen 2008an. Belaunaldi berri eta gaztea zen, baina bidaia hura mugarri bilakatu zen, taldea estutzeko eta sendotzeko balio izan baitzuen. Aste betez hainbat emanaldi eskaini eta gero, indarberrituta itzuli zen herrira.
2007
Urte seinalatua inondik ere. Mende erdia beteta, ospakizunetan igaro zuen urtea taldeak, eta era guztietako ekitaldiak antolatu ziren. Dena den, belaunaldi arteko kalejira izan zen denetan esanguratsuena, bost belaunalditako kideak Tolosako kaleetan barrena dantzan jartzea ez baitzen erronka makala izan. Bazkalondoan egindako Larrain dantza erraldoia taldekide guztion oroimenean geldituko da betirako.
2006
Taldea lehen aldiz joan zen Torrelles de Llobregatera, eta, gaur arte fruitu ugari eman dituen harreman oparoa sortu zen han. Helduen taldeaz gain, haur eta gaztetxoekin elkartrukeak egiteko aukera eman du hango taldearekiko harremanak.
2000
Xirulikanen haritik, Iruditan ikuskizuna prestatu eta eskaini zen Leidorren, antzerkia, dantza tradizionala eta euskal koreografia uztartuz. Garrantzi handia eman zitzaien dantzen jatorriari eta esanahiari; dantza egiteaz gain, bere testuingurua eman nahi izan zitzaion dantza bakoitzari. Inguru horretan, Leidor eta El Caserío operetan ere parte hartu zuten taldekideek.
1995
Goriziara (Friuli-Veneto, Italia) bidaiatu zuen taldeak, eta han, UNESCO nazioarteko erakundearen saria jaso zuen tradizioak zaintzen egindako lanagatik.
1992
Eztabaida askoren ondoren, emanaldiak garai berrietara egokitzeko beharra sumatu zen. Helburu horrekin sortu zen Xirulikan, 1992an estreinatu zena. Halako arrakasta izan zuen, ezen 1993an errepikatu egin behar izan baitzen, sarrerak bukatu eta jendea Beotibarren sartu ezinik gelditu zelako.
1988
Urteek aurrera egin ahala taldea zaharberrituz joan zen. Laugarren belaunaldi oparoari ongi-etorri beroa ematera Austriaraino joan zen Udaberri, beste behin Euskal Herriko dantzak nazioartean erakutsiz. Hurbilago, Valladoliden dantza egiteko aukera ere izan zuten.
1987
Laurogeiko hamarkadan bestelako kezkak ere sortu ziren talde barruan. Ordura arte ikasitakoak zabaltzeaz gain, galtzear zeuden ohitura eta dantzak berreskuratzeko premiaz jabetu ziren, eta horregatik murgildu ziren Berastegiko San Joan Dantzak edo Bedaioko Ingurutxoa berreskuratzeko lanetan, besteak beste. Bestalde, Europarako bidean jarraitu zuten Irlandaraino iritsiz.
1982
Hirugarren belaunaldiaren loraldi betean, bi gertakari garrantzitsu izan ziren urte honetan: batetik, taldearen 25. urteurrena, eta hura ospatzeko eginiko emanaldi berezia. Eta bestetik, nazioarteko bigarren irteera, nora eta, Nantesera.
1974
Euskal Herrian barrena, heldu nahiz gaztetxoen taldeekin hainbat emanaldi eskaini eta gero, taldeak nazioartera egin zuen jauzi, eta Holandako folklore jaialdi batean parte hartzeko egin zuen lehenbiziko bidaia. Bigarren belaunaldiak ireki zuen bidea, eta askoz ere gehiago etorri dira atzetik.
1970
Jasotakoa transmititzeko beharraz jabetu ziren taldekideak, eta hargatik hasi ziren haur berriei dantzak irakasten. Baina Udaberri hasieratik dantza baino askoz ere gehiago izan dela frogatzen dute hau bezalako argazkiek, emanaldiez gain bestelako ekintzak ere antolatzen baitzituzten haurrentzat, betiere euskal kultura transmititzea helburutzat harturik.
1963
Taldea mutikoekin bakarrik hasi zen arren, 63an Udaberrirekin bat egin zuten Juan Ramon Artetarekin Korazonistetan aritzen ziren neskek. Une hartan, Artetak berak hartu zuen taldearen gidaritza.
1957
Udaberri Dantza Taldea 1957a sortu zen, Xalbador Garmendia eta Felix Galdona apaizen eskutik. Frankismoaren azken urteetan sortutako bigarren pizkunde mugimendu hura izan zen dantza talde askoren jatorria, eta lehen urteetan Tolosa eta inguruetako hainbat mutiko eta txistulari pare bat ziren Udaberriko taldekide bakarrak.