Dantza emanaldia baino gehiago, azken urteotan benetako ikuskizuna izaten da ikasturte amaierako saio hau. Nola antolatzen da horrelako tamaina duen zerbait?
Azkeneko urteetan, istorio batean oinarritutako ikuskizunak egin ditugu: ipuin bat, protagonista baten ahotsetik eta bizipenetatik kontatutako istorio bat… ia beti haur ikuspegitik kontatuta, eta ia beti taldetik kanpoko norbaiten laguntzarekin. Tamaina handia hartzen du bai, eta eskatzen duen lana ere ez da motz gelditzen. Bosten artean daramagu haur ikastaroen ardura, baina emanaldi honek 10 esku baino gehiago behar ditu: istorioa asmatu, dantzarako musika egokia topatu, dantzak haurren gaitasunetara egokitu, jantziak nolakoak izango diren erabaki, eszenatokiaren lanketa egin…
Hori guztia antolatzen martxo inguruan hasten gara. Asteburu pasa bat egiten dugu herri txikiren bateko landa-turismo etxe, aterpetxe, edo 20 lagun ingururentzako lekua duen edozein etxetan; eta ez pentsa erraza denik hainbeste pertsonarentzako lekua aurkitzea!
Ostiralean hasten da gure asteburua. Lehen gauean, afalondoan, gaia aukeratzen dugu, eta istorioa apur bat bideratzen saiatzen gara. Larunbat goizean, lan-taldetan banatzen gara: istorioa, jantziak, musika, dantzak… eta lan-talde bakoitzak dagozkion eginbeharrak egiten ditu egun osoan zehar. Etekin handia ateratzen diogu asteburuari! Nola ez, asteburua pasatakoan ere, lanean jarraitzen du lan talde bakoitzak. Ikastaroetako arduradunak jarraipena egiteaz arduratzen gara, dena ondo joan dadin.

Nola prestatzen duzue emanaldia bera haurrekin? Noiztik hasita?
Emanaldia prestatzeko, irakasleen lana ezinbestekoa izaten da. Asteburu pasa horretan, dantzak grabatzen ditugu, eta Aste Santuko oporretatik bueltan hasten da irakasle bakoitza bere taldeari dantzak irakasten. Emanaldiaren aurreko asteburuan, entsegu orokor bat egiten dugu Leidorren bertan. Entsegu hori, musikariekin, argiekin, irudiekin, eta eszenako ahots eta aktoreekin egiten dugu, emanaldiko egunean bezala. Oso garrantzitsua izaten da denontzat, izan ere, hor ikusten da zer doan bide onetik eta zer dagoen kolokan.

Nolako sentsazioak sortzen ditu haurrengan horrelako zerbaitetan parte hartzeak? Eszenatoki handi batean, argiak, hainbeste jenderen aurrean…
Ilusio handiz egiten duten emanaldi bat da, urtean zehar egiten duten bereziena, seguraski. Orokorrean, kalean dantzatzen ohituagoak daude, honelako areto batean baino. Leidorren dantzatzea oso desberdina da beraientzat; eszenatoki bat, ikuslez beteriko aretoa, argiak, musikariak eta beraiek, eszenatokiaren erdi-erdian. Dantza batetik bestera jantziz azkar aldatzeko presioa, eszenatoki gaineko urduritasuna, eta oinak dantzan jartzeko gogoa kontrolatzea, ez dira lan erraza izaten. Guretzako oso emanaldi garrantzitsua dela badakite, eta beraiek ere ahalik eta ondoen egiten saiatzen dira.

Aurtengoan Udaberriren urtebetetzea ospatzea erabaki duzue. Bereziki hunkigarria izan da?
Gaia auketzeko garaian, ez genuen zalantzarik izan: Udaberriren 60 urtetako historia oholtza gainean. Gai hau hautatzeak, Udaberriren historian gehiago sakontzeko aukera eman digu. 60 urte ez dira gauetik goizera betetzen, eta are gutxiago dantza talde baten kasuan. Asko dira taldetik pasa direnak, ezin jakin zenbat, baina emanaldi hau polita izan da hainbeste pertsonak egindako historia jendaurrean kontatzeko, eta datozen belaunaldi gazteei ere taldearen historia helarazteko. Hunkigarria bai, eta bereziki taldetik pasa den jendearentzat, edota taldearekin harreman estua izan dutenentzat. Asko dira zoriondu gaituztenak, baita hunkituta etorri direnak ere, eta hori ikusteak ez du preziorik. Lan onaren emaitza izan da, dudarik gabe.

“Ibilian gara” du izena aurtengo ikuskizunak. Nondik atera duzue?
Halaxe da bai: “Ibilian gara” izenburupean aurkeztu dugu aurtengo emanaldia.
Udaberriren 60. urteurrenarekin batera, proiektu eta ekitaldi asko jarri ditugu martxan. Proiektu horietako bat “Aulkien Kulunka” izenekoa da. Bertan, Udaberritik pasatako belaunaldi guztietako jendearen elkarrizketak jasotzen dira. Pertsona askoren bizipenak, esperientziak, ikuspegiak… gordetzen dituen dokumentala da, benetan hunkigarria nire iritziz.

Martxoan, asteburupasa egin genuenean, afalondoan dokumental horretako pasarte txiki batzuk ikusteko aukera izan genuen, besteak beste, Fernando Rojori egindako elkarrizketa. Berak, bota zuen aipua: Ibilian gara. Horrekin adierazi nahi izan zuen, nolabait, egiten dugun bideak definitzen duela nor garen, eta bera Udaberrin egindako bideak markatu duela neurri handi batean. Hori entzun bezain pronto, argi izan genuen gure emanaldiaren izenburua horixe izango zela, eta hala izan da!
Zer izaten da horrelako zerbait prestatzean zailena?
Horrelako zerbait prestatzeko ezinbestekoa da taldekideen inplikazioa, lanerako prestutasuna, eta lan-talde guztien koordinazioa, eta azken hori da zailena, agian. Taldekide eta lan-talde guztiak ondo doazela jakitea garrantzitsua da, baina beste lan asko ere badaude: emanaldirako eskaleta txukun bat egitea, gurasoentzako oharrak prestatzea, jantzietarako material guztia eta argibideak prestatzea gurasoei banatzeko, eguneko hamaiketakoa guraso batzordearekin koordinatzea, sarrerak salmentan jartzea, emanaldirako behar den materiala prestatzea… eta beste-hainbeste zeregin!

Eta zer izaten da emanaldia bukatutakoan gelditzen dena, ikasten edo ateratzen dena?
Emanaldia bukatutakoan, askatasun izugarria sentitzen da. Dena ondo joan dela ikusteak, eta haurrek ikasturtea dantzan bukatu dutela ikusteak asko pozten gaitu. Honelako emanaldia antolatzeak denbora asko eskatzen du, baina amaieran jasotzen dugun emaitzak erabat asebetetzen gaitu. Gero eta argiago dugu ikasturtea bukatzeko modurik onena dela.

Udaberrikideok, emanaldia amaitutakoan, bazkari ederra egiten dugu ikasturte amaiera ospatzeko eta estresa gainetik kentzeko. Egunaz gozatzen saiatzen gara, izan ere, astelehenarekin batera, beste hainbat lan etortzen dira: matrikulazioa, taldeak osatzea, ordutegiak… ez da inoiz bukatzen! Ezin esan lan falta dagoenik!
EMANALDIKO ARGAZKI GUZTIAK