Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Larru, odol, sarde

  Ezagunak dira euskal inauterietako pertsonaia deigarriak; zazpi herrialdeen mapa […]

EuskaldunonEgunkaria1

 

Ezagunak dira euskal inauterietako pertsonaia deigarriak; zazpi herrialdeen mapa hartu eta hara eta hona ibili beharrik izan gabe, ordea, Tolosako inauteriek egin zieten, behin batez, tartetxo bat.

2001. urtea zen, Zaldunita bezperako danborradara aldaketa iritsi zenean. Ordura arteko erreginaren hautatzea baztertu, eta orduko udal gobernuak ekitaldi berdinzaleago bat antolatu nahi izan zuen. Horrela, bada, Udaberri dantza taldeak esku hartzea izan zuen, Galtzaundiren – eta, hasiera batean, haren emaztearena ere izan behar zuen– ongietorrian.

Gure dantza taldeko altxorretako bat da dokumentu eta liburuen artxiboa ere eta, tamalez, jada berriro irakurri ezin izango ditugun agerkariak ere aurki daitezke, errekorteen artean.

Horregatik, hemerotekari begira jarri nahi izan dugu inauteriak lehertzear dauden honetan, eta 2001eko otsailaren 22 hartan, Euskaldunon Egunkariak eta Garak argitaratutako erreportajeak dakartzagu gogora. Gozatu eta, gogoratu, datorren larunbatean ere, otsailaren 6an, pertsonaiak eta txantxoak itzuliko direla Tolosako kaleetara!

2001eko otsailaren 22a, osteguna
EUSKALDUNON EGUNKARIA: ‘Ongi etorri, Galtzaundi’

Euskal Herriko inauterietako pertsonaiek harrera egingo diote danborradan

Aurtengo Tolosako Inauterietako berrikuntza nagusia Zaldunita Bezperan izango da, larunbatean, herriko danborradan: Galtzaundiri ongietorria egingo diote euskal inauterietako ordezkariek.

Tolosako Udalak berak antolatutako ekitaldietan sexu bereizketarik ez egitea hitzartu zuen Emakunde erakundearekin, eta Inauterietako danborrada nagusian erregina eta damak ez zituela bultzatuko aurreratu zuen iaz. Horretarako diru laguntzarik ez zuela emango esan zien elkarteei, eta elkarteek pertsonaia horiek danborradatik kentzea erabaki dute.

Horren ordez, Tolosan hain ezaguna den Galtzaundi doinuaren protagonistari omenaldi modukoa egingo diote beste herrietako pertsonaiek eta betiko danbor joleek, Zaldunita Bezperako danborradan.

Danborrada berritu
Ideia hau jai batzordetik eta, batez ere, Udaberri dantzari taldetik sortu da. Herriari zerbait berria eskaini behar zitzaiola eta, Udaberrira jo zuten jai batzordeko kideek laguntza eske. Dantzari taldeko Fernando Rojok, aspalditik zuen euskal inauterien inguruan zerbait egiteko asmoa, eta orain aukera hau aprobetxatu du.

“Alde batetik, Euskal Herriko beste lekuetan ospatzen diren inauterietako protagonistak sartu nahi nituen festan; bestalde, Tolosako inauteriak ere ez nituen ahaztu nahi, eta azkenik, mitologian jai pagano honekin erlazionatutako irudiak daude; horiek guztiak betiko danborradarekin uztartu behar ziren, nolabait”, adierazi digu Fernando Rojok. Bere burutazioak jai batzordean aurkeztu eta ideiari buelta batzuk eman ondoren, mamituta dagoela esan daiteke.

Tolosako inauterien bereizgarria bere musika doinuak dira, eta horien artean Galtzaundi da ezagunenetakoa. Ramos Azkaratek idatzitako bertsoetan agertzen den pertsonaia bizi izan zen, eta Berdura plazan zuen zapatari lantokia. Haren eta emaztearen irudi erraldoiak ari dira prestatzen Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaron herriko artistak. Irudi horiek danborradaren bukaerako karrozan joango dira, eta tarteka jendartera jaitsiko dituzte txantxoek. Karrozak Galtzaundi bizi zen Berdura plazaren itxura izango du.

Galtzaundiri harrera eta ongietorria eginez, bi talde oso desberdin joango dira bere aurretik desfilean. Lehendabizi, ohiko danborrari taldeak, Tolosako Musika Bandarekin, eta gero, hiru inauteri talde. “Argi zegoen danborrada berritu behar zela beste elementu batzuekin; inauterietan kaosa eta ordena agertzen dira, eta danborradan ere izango dira; lehen zatia ordenatuagoa izango da, eta bigarrena libreagoa izango da, orden baten barruan noski, ikusteko desfilea delako”, adierazi digu Udaberriko lehendakariak.

Danborradaren lehen zatian herriko elkarteetako danborrariek parte hartuko dute, Musika Bandarekin, beti bezala, eta Arco Iris eta Berazubiko danborradek ere joko dute, bere bandekin. Aurten, Ostiral Mehean ateratzen zen emakumeen danborrada ere Zaldunita Bezperakoan aterako da, emakumeek beraiek hala erabakita.

Bigarren zatiak hiru talde izango ditu. Alde batetik, Udaberriko dantzariek Euskal Herriko beste inauterietako pertsonaiak agertuko dituzte: Lizarrako palokiak, Zalduondoko Markitos, Unanuako moxaurreak, Goizuetako zomorroak, Lantzeko arotzak, Zaldiko, Miel Otxin eta Ziripot, Altsasuko Momotxorroak eta Artzaina, Lesakako Zakuzaharrak eta Mairuak, Iabarren desagertu zen pertsonaia bat (Unanukoaren antzekoa), Aldabika, Kotilun gorriak, Kapirote… Musikari laguntzaileak izango dituzte (txaranga, txistu taldea, trikitixa….) eta dantzatu egingo dute: Iparraldeko martxak, desfilatzen ari direnean, eta Lantzeko zortzikoa edo Txulalai, geldiunetan. Beraz, egun horretan Euskal Herriko inauterietako pertsonaiak Galtzaundiri harrera egitera etorriko dira Tolosara.

Kolore ugari
Tolosako inauteria ere ordezkatuta egongo da danborrada berritu horretan. Ordezkari gisa (Galtzaundiz gain, noski), Juan Garmendia Larrañaga etnografoak aipatu zizkien txantxoak aukeratu dituzte.

“Tolosan ez dago mozorro berezi bat. Txantxoz jantzi espresioa erabili da. Argazki zaharretan denetatik ikusten da, orain bezala: jantzi koloredunak, kolorezko konfetiak, buruan zerbait, eskuan aterkia edo erratza… Txilaba ere hor dago, ez da oso zaharra, baina hamarkada batzuetan garrantzia izan du, eta denok dugu txilabaren bat etxean; kabalkada horretan kolore asko nahi dugu, eta Galtzaundi pasatzen den tokietako etxeetan, azken urteotan Letxu kalean egin duten bezalaxe, kolorezko oihalak jartzea eskatuko nieke bizilagunei”, Rojoren hitzetan. Txantxoz jantzita, aisialdi taldea eta Amarozko jendea aterako da.

Bukatzeko, Zaldunita Bezperako desfilearen azken zatian, mitologiako pertsonaiak ere izango dira Galtzaundiri harrera egiten. Inauteria neguaren bukaera eta udaberriaren hasiera da, eta lurreko indarren esnatzea adierazten duten pertsonaia ere (Ekhi, Hodei, Ilargi, Ama Lur, Ortzi, Basajaun) Tolosan izango dira, danborradan. Dantza garaikideko ikasleen aurkeztuko dituzte, Katixa Perearen zuzendaritzapean.

Berrikuntza honek ikusleen onespena jasotzea eta Zaldunita Bezperan danborrada atsegin eta koloretsua izatea espero dute ideiaren bultzatzaileek. Horretarako, antolatzaileek bizilagunei egiten dieten deia gogorarazi nahi dute: desfilea pasatuko den kaleetako etxeetako balkoietan kolorezko oihalak jartzea Galtzaundiri ongietorria emateko. Badakizuen gero Garizuma etorriko dela, eta orain aprobetxatu giro alaian ibiltzeko.

 

EuskaldunonEgunkaria2

 

2001eko otsailaren 22a, osteguna
GARA, Teresa Sala: ‘Ongi etorri, Galtzaundi’

Larunbateko danborradak sorpresa ugari dakar. Ez dira erregina eta damak aterako, bai ordea Galtzaundi omenduko duen jarraigo oparoa.

Zaldunita Bezpera gaueko danborradan ez ditugu ohiko dama, erregina eta kantinerak ikusiko. Hauen ordez, herriko karrikak kolorez jantziko dituen desfile berri batek ustekabean hartuko ditu tolosar eta etorkinak. Izan ere, oparoa izateaz gain, era askotarikoa baita larunbatean agertuko den kabalkada. Ohiko danbor hotsek ez dute huts egingo, baina jarraian Galtzaundi pertsonaiaren omenez antolatutako hainbat dantza, mozorro eta musikari aterako dira. Herritarren partaidetza azpimarratzekoa da, urteroko elkarteez gain, Udaberri Dantzari Taldea, Aisialdi taldeak, Amarotz Dantza Taldea, kultur etxeko Dantza Garaikideko Taldea eta beste hainbat kolektibok desfilatuko baitute.

Ostiral Meheko ohiko Emakumeen Danborrada ere larunbatean izango da, horra hor beste nobedade bat. Izan ere, berritasunez blai omen datorkigu aurtengo Zaldunita Bezpera. Koro Garciak urteak daramatza Ostiraleko Danborradan parte hartzen eta aurtengo nobedadeei buruz hitz egitean nahiko zuhur azaltzen den arren, baikor dagoela aitortu digu: “Ez dakit zer gertatuko den, Tolosako guztia kabalkadaren zain daukagu. Ez dut ukatuko urduri samar gaudenik, baina oso festa polita atera daitekeela uste dut, eta ongi irtengo delakoan nago”.

Gizon eta emakumeak, danborrak eta dantza, musika, mitologia eta ohitura zaharrak, guztiak nahasturik agertuko dira, elkarrekin, Inauteriari, Tolosari eta Galtzaundiri ongietorri beroa emateko.

Joan den urtean erabaki zuen Udaletxeak larunbat gaueko erregia eta damen aukeraketari dirulaguntzarik ez ematea. Ez zuen ekintza debekatu, baina dirulaguntzarik ez eskaintzea erabaki zuen. Festa Batzordeko bozeramailea den Silvana Ostizaren hitzetan, “diru hori beste edozein ekitaldirako bideratzeko prest geunden eta deialdi bat zabaldu genuen. Udaberri Dantzari Taldea etorri zitzaigun azkenean gauzatu den proposamen batekin, herrian sortu zelako eta herriarekin zerikusia duelako gustatu zitzaigun eta baiezkoa eman genuen”.

Ordena eta kaosa
Udaberrikoek Galtzaundi omenduko duten hiru jarraigo desfilatzea proposatu zuten: Toloskao Inauteriak irudikatuko dituen taldea, non txantxoak izango diren pertsonaia nagusiak. “Tolosan txantxo hitza erabiltzen zen aspaldi mozorroak adierazteko eta esamolde hori berreskuratzea pentsatu genuen”, diosku Udanberri Dantzari Taldeko kide Fernando Rojok. Lehen multzo honetan Aisialdi Taldeko gazteak, Amaroz auzoko dantzariak eta hainbat tolosar ikusi ahal izango ditugu. Koloreak, aurpegi estaliak, txapelak, ttuntturroak, txilabak, eta musika izango dira osagai nagusiak.

Udaberri Dantzari Taldeak Euskal Herriko Iote, Aratoste, Karnabal edo Inauteri ezberdinak irudikatuko ditu: Zaduondoko Markitos, Lantzeko Ziripot, Miel Otxin, Aldabika edo Altsasuko Momotxorroak, beste batzuen artean. Guztiek dantza ezberdinak eskainiko dituzte, betiere historia eta ohitura zaharrek markatzen dituzten ereduei jarraituz.

Hirugarren multzo batek, non Dantza Garaikideko taldeko partaideak azalduko diren, udaberriari ongietorria emango dio. Horretarako, lurpeko indarrak eta lurraren emankortasuna irudikatzen dituzten hainbat pertsonaia mitologiko paseatuko dira herriko kaleetan zehar. Besteak beste, Hodei, Eki, Ilargi, Ortzi, Amalur edo Mari ikusiko ditugu zenbait dantza eta antzezlan irudikatzen.

Inauterien zentzuari erreferentzia eginez, Fernando Rojok ordena eta kaosaren arteko harremanak azpimarratzen ditu. “Danborrada joango da aurretik, berea izango da abisua ematearen ardura. Danborrek ordena irudikatuko lukete, guk, aldiz, kaosa. Guztiok batera, inauteria”.

Berdura Plazako xelebrea
Hainbeste kolore, dantza, musika eta pertsonaia artean bakarra izango da Zaldunita Bezperan gailenduko dena: Galtzaundi. Iñaki Epelde eta Longaron artista tolosarrena izan da hain ezaguna eta era berean guztiz misteriotsua den pertsonaia irudikatzearen ardura. Ez dute zehaztasunik eman nahi izan, izan ere, sorpresa izatea nahi baitute. Hala ere, hiru metro inguru neurtuko duen panpina izango dela jakin dugu, eta bere karroza XIX. mendekoa izango da. Baina, nor izan zen Galtzaundi? Noiz bizi izan zen? Zein zen bere lanbidea? Istorio eta anekdota ugari dago pertsonaia tolosar honen inguruan. Juan Garmendia Larrañaga etnologoak idatzi ditu Galtzaundiren inguruko hainbat pasadizo, eta berak azaldu digunaren arabera, “Berdura plazako zapata-konpontzaile xelebrea izan zen, Santos Aldasoro Iriarte zen bere benetako izena eta, Ramos Azkarate olerkariak asmatu zion egun hain famatua den ezizena”.

Fernando Rojok ere oso gustuko du Galtzaundi. “Aspalditik neukan Galtzaundiren inguruan zerbait egiteko ideia, eta Zaldunita Bezperako danborrada ezin da egokiagoa izan. Entzun dudanez, Galtzaundi bezala ezaguna egin zen arren, galtza motzak janzten zituen. Inauterietan musika-banda bere etxeraino hurbiltzen zela diote, eta berak musikariei anisa eskaintzen ziela emaztearekin dantzan egiten zuen bitartean”, diosku Udaberri Dantzari Taldeko gazteak. “Gogor eta gogoz prestatu dugu guztia, ongi ateratzea espero dugu. Hurrengo urteetan aberastuz joango delakoan gaude”, gaineratzen du.

Utzi erantzuna