Azaroaren 19a zen, eta larunbata. “Ezer ez eta festa” esaldia tolosarrok sortu genuela defendatzen duten horiei guztiei argudio bat gehiago emateko asmoz jaiki ginen, eta kronika hau norbere buruari proposatutako helburuak zinez bete dituenaren pozaren erakuslea da.
Babarrunaren festa ez zen berrikuntza izan gurean; erlojuak eraman gintuen, azkenean, egutegiko puntu gorriraino. Baserritar jantziekin kalera irten eta inguruko gehientsuenak kalez jantzita izatea ere ez zen nobedadea izan udaberrikideontzat: aspaldi sendatu ginen, artzain-andre jantziz kalera irten aurretik bene-benetan abenduaren 24a dela egiaztatu beharraren gaitzaz. Eta, hain zuzen, babarrunaren eta folklorerik tradizionalaren uztartzetik iritsi zen, aurtengo babarrunaren egunera, berrikuntzaren txinparta: babarrun, odolki eta azaz gain, azaro erdialdeko asteburuak Euskal Jaia ere sartu zuen lapikoan.
Buruhauste galanta guretzat… Lehendik ere parrandarako nahikoa talentu badugula ondo erakutsiak gara, baina edozein hitzordu aukera bilakatzen zaigu, Marka Pertsonal Onena hobetzeko. Eta hobetu genuen, bai.
Goizean gure jardunari zegozkion lanak txukun-txukun beteta, kalejirarekin hasi ginen euskal dantzatik euskal parrandara desbideratzen. Urteroko erromeria egun argiz bizitzea bezalako zerbait izan zen, baina mahaiak zerbitzatu beharraren presiorik gabe.
Hantxe baitzeuden, Kontxi, Ikatza eta artutxatarrak, babarrun pertza beroak mimoz prestatzen. Beste urtebetez, zuek goxatu duzue gure festaren zati handi bat, bejondeizuela! Pazientzia erakustaldi galanta eman ziguten, beste behin, halakoetan kanturako sartzen zaigun bokazio eta gogoari irribarre batekin erantzunez, eta arratsalde erdia ondo pasata altxa ginen aulkietatik.
Zertarako, eta eguerdiko kalejiran hasitako desbideratzearekin jarraitzeko. Trago kopurua gora, eta karterako dirua behera. Poza gora, eta astegunetako estresak behera. Elkarrenganako hitz politak gora, eta lotsak behera.
Hori baitute Babarrun egunaren antzekoek: maitasun erakustaldi tradizional bilakatzen direla, ordu eta edarien sokatik. Taldean elkarrekin pasatutako urteen errenkadatik. Udaberritar sentimendutik.
Gure tradizionaltasun sakonenetik aterata, eskerrak eguerdian Mannequin Challenge-arekin garai berrietara egokitzen saiatu ginen, bestela… Bestela zer? Bada, bestela, hurrengo urtean ere berdin-berdin, eta gustura.