Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Garai berrietara egokitutako ilusioen itzalak

Ohitura paganoetan sortu eta eliza katolikoaren erritmora egokitutako jaiak dira Eguberriak. Euskal Herrian, Olentzeroren pertsonaiaren bueltan eraiki izan dira abendu amaierako egunak, baina, azken urteotan, badu lagun berri bat ere: Mari Domingi. Zenbat dute biek jatorri historikotik? Eta, zenbat asmakizun polemikotik?

Kultu iturri izan dira solstizioak, gizakiaren ospakizunak baldintzatuz. Ekainekoa da bata, San Joan jaien ingurukoa; besteak, berriz, neguaren hasiera iragarriko digu datozen egunotan. Baina, kasualitatea ote jai egun horiek egutegiko txoko horiek hartzea? Ez, noski.

Gaur egun elizaren inguruko ohiturei estu loturiko egunak badira ere, tradizio paganoa dute, eguberriek, jatorrian. Halaxe izan zen IV. mendera arte, erromatar inperioaren gainbeheran, Julio I. aita santuaren garaian, eliza katolikoak usadio horiek bereganatu baitzituen.

Ordura arte, gizakiak naturaren ziklo aldaketei begira antolatzen zuen bere urtea eta, ezinbestean, neguaren etorrera iragartzeko ospakizuna izaten zen egungo Gabonena. Erromatarrek, ordea, Sol Invictus jaia bereganatu, eta Jesusen jaiotza ospatzeko baliatu zuten urte-garaia.

URAREN GARRAZ

Euskal Herrian, Europan zein mundu osoan barrena, gurtze egun pagano haiek gogo bertsuen inguruan ospatzen zituzten, eta badira neguko solstizioa irudikatzeko sinboloak. Sua da bata, eta ikatzak edo zuhaitzak ere betetzen du, zenbait txokotan, haren lekua. Suaren sinesteen eskutik doaz, berriz, uraren ingurukoak ere. Biak ala biak, kultura indoeuroparraren aztarnatzat dituzte adituek.

Baina aztarna horiei beste hamaika kulturatako ezaugarriak batu dizkio mendeen joan-etorriak, Eguberriak belaunaldi eta gizaldien lekuko bilakatuz. Artoari eta gari uztari otoitz egitearen usadioa izan liteke adibideetako bat, abenduaren 6an, Bariko San Nikolasen egunean. Euskal Herrian bazen kalez kale otoitzak kantatuz joateko ohitura: etxeetan uzta gordetzeko kaxak irekitzen zituzten, abemariaka hasi eta, negu gogorraren atarian, etxerako ondasunak ondo gordetzeko.

Zalantzarik ez da, hala ere: uztaren eta naturako elementuen gainetik, neguko solstizioak Euskal Herrian badu sineste nabarmen bat, Olentzero.

PERTSONAIA EDO URTARO?

Ikazkin tripontzi eta ardozale moduan ezagutu genuen, askok, ikastolako gabon kantetan. Pare bat hamarkadatan, ordea, Olentzero maitagarriago bat marraztu dute abestiek eta, batez ere, saltokiek. Haurrek beren ametsei hegan egiten uztearen erruduna izateaz gain, ordea, euskara jendearen egutegi eta ohituren lekuko zuzena da.

Nagusiki, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean garatutako tradizioa da Olentzero, eta hainbat itxura eta deskribapen ditu, tokian tokian. Nagusiki, ikazkin xumea da Olentzero, janaren eta edanaren zalea, euskal etxeetara tximiniatatik sartzen dena. Arabako herri askotan, berriz, pertsonaiari protagonismoa eman beharrean, sua pizten dute abenduaren 25 eta 31n, urtaro hotzari ongi etorria emateko.

Hotzaren bidetik, gainera, kristoren jaiotzaren berri-emailea da Olentzero, kantuen arabera: “Ikusi duenian Jesus jaio dala, lasterka etorri da berri ematera”, eta jentilen jainkokia, beste askoren ustez.

Olentzeroren izanari hamaika betaurrekotatik begiratzen bazaio, gauza bera gertatzen da haren izenarekin ere. Bibliografia zabala eman du izenaren etimologiak, eta bi teoria nagusiak dira honakoak:

a) Onenzaro > Olentzaro (Isasti, 1925)
b) Noel – tzaro > Olentzaro (Altube, 1947)

Bigarren aukerari tiraz, Europa iparraldean oso hedaturiko sinboloa da Noel, zuhaitzaren isla. Arestian aipatu bezala, eguberrietan sua, enborra edo ikatza sinbolizatzeko ohitura unibertsala da ia, eta Noel litzateke horren adibideetako bat. Hori gutxi ez, eta Olentzero bera ikazkina dela ezin ahaztu. Euskal herri askotan, gainera, Olentzero bera izaten da enborra: Onontzaro-mokor (Larraun), Gabon-ubil (Antzuola), Gabon-mukur (Adadiño), Gabon-enpor (Otxandio) edo Suklaro-egur (Aezkoa).

BEGIRA (POLEMIKA) HORRI

Haurtzaroan ezagutu genuen, gehienok, Gabon kantuen entseguekin batera: “Horra Mari Domingi, begira horri, gurekin nahi duela Belena etorri…”. Zenbaitek, haurtzarotik gaztarora igarotakoan, beren buruari galdetu zioten nor izango ote zen Mari Domingi zelakoa, eta urteek erantzuna eman zieten, abenduaren 24etako arratsaldeetan.

Izan ere, azken urteotan gero eta ugariagoak dira, Olentzerorekin batera, Mari Domingiri ere ongietorria ematen dioten herri euskaldunak. Haurrek begi-onez ikusten dute, noski: “Olentzeroren laguntzailea da, opariak etxeetara eramaten laguntzen dio!”, esaten dute askok, begiak dirdirka dituztela. Beste batzuen begietan, berriz, ikazkinaren emaztearen papera betetzen du emakumeak eta, egiari zor, askorentzat tripontzi ardozalearen itzaleko pertsonaia da Mari Domingi.

Kontuak kontu, behinola alproja izandako Olentzero gero eta maitagarriago bilakatzen ari den bide beretik, euskal Gabonak parekideago bilakatzeko saiakera gorpuztua da Mari Domingirena. Parekideago, gizonaren aldamenean emakumea ere ageri delako, orain. Bi genero horiek Eguberriaren plazara ateratzeak, ordea, bide zabala eskaini dio polemikari. Zergatik, ordea?

  • Lekukotu gabea: asko dira Mari Domingiren jatorria ezagutu eta frogatzea zaila dela dioten aditu etnografoak. Eusko Ikaskuntzako Xabier Dueñas da horietako bat, eta Mari Domingiren janzkerari erreparatu dio, besteak beste, sortutako pertsonaia izan litekeela azaltzeko: “XVI edo XVII. mendeko estatus sozial altuko jendearen janzkera da Mari Domingirena eta, aldiz, Olentzero XIX. mendeko ikazkinaren arropak ditu”.
  • Menpekoa: Ez da Mari Domingiren inguruan lekukotutako mito edo sinesterik, baina Euskal Herriko zenbait txokotan Olentzeroren laguntzaile moduan ezagutzen dute pertsonaia. Ikazkinari bere lanetan laguntzen dio eta, horren truke, gona berri bat oparitzen dio Mari Domingiri. Bada uste hori menpekotasun harremanekin erlazionatzen duenik.
  • Parekidea bai, baina tradizionala: gizonezko pertsonaia batek protagonismo osoa hartzea gizarte matxista baten seinale bat gehiago dela ulertuta, Mari Domingiren pertsonaia Gabonak parekideago egiteko iritsi zen Euskal Herrira. Baina, zer nolako parekidetasuna? Emakumea eta gizona opariak ekartzera iristen dira, gaur egun, bai, baina Santi Erasoren arabera, familia eredu tradizionalaren isla ere bada bi pertsonaiek osatutakoa, aita eta ama –eta, akaso, seme-alabak– irudikatuz. Iritzi horrekin bat dator, gainera, Oier Araolaza aditua ere; haren arabera, nahiz eta Mari Domingiren pertsonaia aurrerapausoak emateko asmorik onenarekin sortua izan, baliteke aldaketa arkaiko samarra izatea: “Olentzero izan liteke ezkongabea, ezkondua, banandua edo alarguna, homosexuala edo heterosexuala, eta, zergatik ez, queer, transexual edo lesbiana”.

Argi dago, beraz, tradizio, ohitura eta usadioak etengabe berritzekoak direla, eta ustez politikoki zuzena denak kontuan hartu beharreko hari-mutur asko izaten dituela. Norberak bere Olentzero eta Mari Domingi irudika ditzala ametsen mundu horretan, eta enbor, eguzkiaren ziklo, ikazkin tripontzi edo asmatutako pertsonaia izanda ere, solstizio berria izan dadila, gutxienez, aurrekoaren parekoa.

 

ITURRIAK eta INFORMAZIO INTERESGARRIA:
– San Martin, Juan (1977): Gogoz. Gure herriko gauzak. Ediciones Caja de ahorros provincial de Guipuzcoa.
– Aurkenerena, Joseba (1999): Euskal sinesmen zaharrak. Gero, BILBO.

– Eraso, Santi (2013). ‘Mitos navideños: Olentzero, Mari Domingi y el feminismo’. Arte, cultura, ética y política. [ https://santieraso.wordpress.com/2013/12/28/mitos-navidenos-olentzero-mari-domingi-y-el-feminismo/ ]

– Etxeberria Korta, Aimar (2015-12-19).Olentzero eta Mari Domingiren tradizioari errelatoa jarri diote Añorga eta Mitxelenak’. Gara, Gaur8. [ http://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2015-12-19-06-00/hemeroteca_articles/tradizioari-errelatoa-jartzen-dion-liburua-argitaratu-dute-anorga-eta-mitxelenak ]

– Burgo Muñoz, Patricia (2014-12-22). ‘Olentzero y Mari Domingi, ¿matrimonio de conveniencia?’. El Diario. [ http://www.eldiario.es/norte/euskadi/Olentzero-Mari-Domingi-matrimonio-conveniencia_0_335966714.html]

Utzi erantzuna