Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Ostegun gizen txiki bat

Ostegun gizen txiki bat bilakatu da Tolosako Babarrunaren festa. Izan liteke herritik kanpoko parrandazale olatuagatik, edo goizaldeko espaloien kristalezko soinekoengatik. Baina ez: babarruna goratzeko aitzakian inauteriak aurreratzeko, ezinbestekoak dira urtero errepikatu eta urtero berritzen diren milaka momentu txiki.

2017-11-23

Goizean jaiki eta, Udaberrikooz gain, beste jende asko ere – behingoagatik– euskal jantziekin kalera irtengo dela pentsatzearen lasaitasun momentua. Igandeko aje-eguna ostiralean antolatzen duzunekoa. Emanaldietako luzaketa eta presioetatik kanpo dantza egiten dugun unea. Bost minutuan lau errima ekarri, eta bertsolari izan gintezkeela pentsatzen dugun bazkalondoko tarte magiko hori. Otorduan norbaitek “badakizue hemendik eta Goierritik kanpo mondejua inork ez duela ezagutzen?” dioen unea. Topa egitekoa. Ikatza tabernako paretan edo barran eseri erabakitzen duzunekoa. Urtero hor egoten direnak, beste urtebetez ere jo eta ke lanean ariko direla ikusten dugun momentua. Zalantzarik gabe, odolkia fan gehien dituen sakramentua dela berresten dugunekoa. Edo, ordenari amore eman eta platera berean hamar jaki nahasten amaitzen dugun unea. Lotsarik gabe kalean kantatzeko plazerezko minutu horiek. Aurten mahaian gurekin egon ez direnekin gogoratzen zarenekoak ere bai. Hordialdia eraikitzen doan bezala, euskal jantzia deseraikitzen doala konturatzen garen garaia –lausoa, ia beti–. Eta, aurten bai, onar dezagun: bertako-gure-hemengo-peto-amonaren-baserriko babarrun eguna kebaba eta pizza afaltzen amaitu genuen momentua.

Hori guztia elkarrekin berritzeagatik bakarrik, merezi du hurrengo urteko euskal jaiaren zain egoteak.

ARGAZKIAK

Utzi erantzuna