Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Otsagabiko Dantzak

Tradizio handiko dantzak dira, belaunaldiz belaunaldi transmititu direnak.

Joan den igandean Izaskun auzoan eskaini genuen emanaldiak izan zuen berezitasunik. Etxeko emanaldia izateaz gain, estreinaldi modukoa ere izan zen, gure belaunaldiak estreinakoz dantzatu baitzituen Otsagabiko dantzak, neska-mutilez osaturiko taldearekin gainera, Udaberriren historian lehen aldiz.

Zazpigarren belaunaldia, 2019. urtea.

Dantza hauek, Otsagabian dagoen Muskildako Ama Birjinaren ohorezko dantzak dira, irailaren 8an dantzatzen direnak, kasualitatez, emanaldia eskaini genuen egun berean, hain justu. Dantza sorta, guztira, zazpi dantzak osatzen dute:

  • 4 makil dantza: Enperadorea, Katxutxa, Dantza eta Modorro
  • Pañolo dantza
  • Jota
  • Paseoa

Dantzarien konpartsa 8 dantzarik eta guztien buru egiten duen Boboak osatzen dute. Azken hau, dantzaren gidaria izanik, antolaketaz eta material banaketaz arduratzen da. “Dantza maisu” funtzioa ere betetzen du, eta hori gutxi balitz, bi dantza ere dantzatzen ditu, Jota eta Pañolo dantza.

Seigarren belaunaldia, 2014. urtea.

Oro har, tradizio handiko dantzak dira, belaunaldiz belaunaldi transmititu direnak. Herria geografikoki zertxobait isolatua egoteak horretan lagundu duela esan liteke. Horrek guztiak, ikerlarientzat harribitxi diren dantzak izatea eragin du, interpretaziotarako aukera ugari eskainiz. Asko izan dira Otsagiko dantzak ikertu dituztenak, Julio Caro Baroja, Luis Bonilla, Gaizka Barandiaran eta Juan Antonio Urbeltz, besteak beste, eta guztiak bat datoz sinbologia handia duten dantzak direla defendatzean, nahiz eta bakoitzak bere hipotesi propioak izan.

Dena den, aipatzekoa da Ebroko erribera osoan daudela tankera honetako makil dantzak, Otsagabikoak dituen zenbait elementu errepikatzen direnak. Badirudi lurraren emankortasunarekin lotutako dantza erritualak direla, makilekin lurraren esnatzea irudikatuz.

Dantzaren bilakaerari dagokionez, 1535, 1634 eta 1666 urteetan agertzen dira dantzaren inguruko zenbait aipamen Otsagabian. Inkisizioko testigantzekin edota Muskildako Amari egiten zitzaizkion erromesaldiekin lotura dute aipamen horiek.

Lehen belaunaldia, 1964. urtea.

Hala ere, lehen aldiz, 1695ean Muskildako basilikaren gastuetan aipatzen da “juglar, vovo y 8 danzantes”. Data honen aurretik dantzaren inguruan aipamen hutsalak daude. Dokumentu honetatik aurrera, ordea, zehaztasunez deskribatzen dira gastuen liburuetan, esaterako. Ziur asko, garai hau izango da Muskildako Ama Birjinaren ohorezko dantzen hasierarena edo lehen aipamenena behintzat.

Garai hartako testuinguruari dagokionez, XVII. mendean zehar makil dantzak oso ohikoak ziren, moda moduko bat zegoen. Otsagabikoaren antzeko formatua duten makil dantzen prestaketen aipamenak ugariak dira Iruñean eta Nafarroako beste zenbait tokitan. Posible da, beste hainbat lekutan bezala, makil dantzen zabalkundearen mende horretan sartzea Otsagabian ere dantza mota hau.

XVIII. mendean dokumentazio falta dago, izan ere, mende horren amaieran Konbentzio Gerra tarteko, 1794an frantziarrek Otsagabiko zenbait etxe erre zituzten. Hala ere, mende honen amaierako gastuen dokumentuetan ia urtero agertzen dira honako aipamen hauek: “juglar”, “danzante”, “gaitero”, “gayta”…

XIX. mendeko gastuen liburuetan ia urtero dago dantzarekin lotutako gasturen bat eta hau iturri garrantzitsua izango da informazioa eskuratzeko. Pixkanaka, jantzien eboluzioari buruzko datuak agertzen dira, baita musikariei buruzkoak ere.

Mende honen lehen erdian, jantzia alkandorak, galtzek, txintxarriek eta “katxutxa” deituriko txanoek osatzen zuten. Ordurako Boboaren eta dantzarien jantziak desberdinak ziren. Mendearen bigarren erdian, jantziari konplementuak gehitu zitzaizkion pixkanaka (zintak, puntillak, katxutxaren forruak eta badanak…) mende amaierarako behin betiko jantzia osatuta izan arte.

Laugarren belaunaldia, 1997. urtea.

Jantzi hau Muskildako Amaren egunean janzten dute, irailaren 8an. Gainerako egunetan dantza hauek egiteko garaian, zaraitzuar jantzi tipikoa erabili ohi dute.

Musikariei dagokienez, XVI. eta XVII. mendeetan “juglar” hitza aipatzen da, baita XVIII. mende amaieran ere. XIX. mendeko gastuetan gaiteroak aipatzen dira nagusiki, eta bestela, “musiko” hitza ere aipatzen da. Otsagabia geografikoki nahiko isolatuta egonik, beti musikariak kanpotik ekarri behar izaten zituzten, eta askotan arazoak izaten zituzten musikariak bilatzeko garaian.

XIX. mende erdialdetik aurrera Lizarra aldeko gaiteroak joaten ziren Otsagabian jotzera, zenbaitetan, gaitero izateaz gain, instrumentu gehiago ere jotzen zituztenak, dantzetan jotzeaz gain, gainerako ekitaldietan ere jotzeko. XX. mendearen amaierara arte, Lizarra aldeko gaiteroak ibili dira Otsagabian jotzen. Hala ere, zenbait urtez, mendearen erdi aldera, herriko klarinete jole batzuk aritu ziren dantzak jotzen gaitero falta zela eta, baita orkestrinaren bat noizbait ere. Gaur egun, Iruñekoekin batera, Otsagabiko bertako gaiteroek jotzen dituzte dantzak.

Dantza sortari dagokionez ere, honek bilakaera bat izan zuen XX. mendearen hasieran. 1925. urtera arte idatzitako eta jasotako hainbat partitura eta dokumentutan dantza hauek ageri dira:

  • Errekea-dantza/Emperador
  • Katxutxa
  • Makila/Danza
  • Burrumbu/Modorro
  • Pañuelo dantza

1925 eta 1930 bitartean, ordea, Jota eta Paseoa gehitu zitzaizkien dantza hauei. Aipagarria da 1929an Bartzelonako Erakusketa Unibertsalean Otsagabiko dantzariek dantzatu zutela. Litekeena da emanaldia borobiltzeko gehitzea bi dantza hauek. Horrela, garai horretarako, gaur egun ezagutzen dugun dantza sorta osatuta izango genuke.

Geroztik, gaur egunera arte belaunaldiz belaunaldi transmititu dira dantzak eta bizi-bizirik diraute gaur egun. Otsagabiko jaien erdigunea dira dantzariak eta ospakizun protokolario guztietan parte hartzen dutenez, herritarrentzat ohore handia izan ohi da Muskildako dantzari izatea.

Dantzek, jantziek eta musikak duten izaera berezia dela eta, Euskal Herri osoko dantza taldeak erakarri izan dituzte. Hori dela eta, dantza talde ugarik egin dute ikasteko ahalegina euren emanaldietan txertatu ahal izateko, Euskal Herriko dantzen aniztasuna erakuste aldera. Horien artean, Udaberri dantza taldeak ere ahalegin handia egin du horretan, baita gure belaunaldi berriak ere, haria eten ez dadin, gure aletxoa jarriaz.

 

ITURRIAK:

  • Villafranca Belzunegui, Rosa. «Otsagabiako Dantzak.» Auñamendi Eusko Entziklopedia. d.g. (atzitze-data: 2019.eko 09k).
  • Villafranca, Rosa, eta Angel M. Aldaia. DANZAS DE OCHAGAVÍA. 300 AÑOS DE HISTORIA.g.
  • Irudiak: Udaberri Dantza Taldeko artxiboa

Leave a Reply