Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Saiakera bat, esloganik gabe Gabonak zoriontzeko

61. urteurrenean ere poz ziztada bana emango diguzue, kale ertzean txaloka, erromerian dantzan, astero ikastaroetan edo ordenagailuaren bestaldean gure jardua jarraitzen baldin baduzue.

 

Eslogan eta leloetara lotzen gara ospakizunetan, eta gustuko izaten dugu, egindako esaldi horiek, urteak joan urteak etorri, erabiltzea. Esan baitezakegu, ekainez ekain, solstizio berria ospatzera goazela, edo egun zoragarria izango dela datorrena. Eta, esan dezakegu, era berean, milioi bat aldiz, oinak astintzen egin dugula hura edo hau. Bada, honakoa, egindako esloganik gabe eguberriak zoriontzeko saiakera garbia da.

Egiazki, dantzak ez gaituelako Gabonetara estu lotzen. Bai, gu txikitan ateratzen ginen bezala, orain ere ateratzen dira gure ikasleak, Olentzero, Mari Domingi eta Hiru Erregeen desfileetan. Baina, listo; hor bukatzen da lotura. Hor bukatzen da, lotura publikoa. Izan ere, Gabonek osagai perfektu guztiak dituzte, folklorearen gozotan bizi gintezkeenontzat.

Badituzte euskal jantziak eta haien aldagai guztiak –sarri, gure harridurarako, bai–. Badituzte mendez mende jasotako tradizioak ere, mahaiaren bueltan elkartzetik hasi, eta abenduaren 25ean, urtero, arkumea jaten amaitu bitarte. Badituzte gabonzale ez direnak ere hunkitzeko gaitasuna duten doinu zoragarriak – bai, malkorainokoa da hunkidura, Mesias Sarritan Plaza Zaharrean entzuten dugunean, edo herriko abesbatzaren oihartzunari Oi Betleem! darionean–. Eta badituzte, ezarritako hitzordu horiez guztiez kanpo, guk, udaberritarrok, gure bilakatu ditugun tradizioak.

Lokala txukundu behar dela, jantzien inbentarioa egin behar dela, haurrekin entsegu gehigarriren bat ez dela gaizki etorriko, dantza utzi eta izotz gainean patinekin proba egin nahi dugula, lagun ezkutuko oparia bi egunetan osatu behar dugula, Urtezahar iluntzean bandaren zain egon nahi dugula Olentzero entzuteko. Elkarrekin egon nahi dugula, besterik gabe.

Lelo folklorikoek, kantu kuttunek, neguko oporraldietako planek eta beste hainbeste kasualitatek inoizko urte bereziena egin dute 2017a, eta hauspoa bete kemen dugu, Udaberri Dantza Taldearen zazpigarren hamarkada idazten hasteko. 61. urteurrenean ere poz ziztada bana emango diguzue, kale ertzean txaloka, erromerian dantzan, astero ikastaroetan edo ordenagailuaren bestaldean gure jardua jarraitzen baldin baduzue.

Behar bezala ospatu Gabonak, beraz, eta 2018ra arte!

Utzi erantzuna