Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Aitor Arroyo

Geldirik egoten ikasi ez duen horietakoa. 1998an jaiotako gazte tolosarra naiz. Afizio, ikasketa eta bestelakoengatik beti “lanpetuta” ibili arren zerbeza/kafea/tea/salda(?)/haizea hartzeko tartea ere bilatzen duena. Besteak beste taldeko soinujole eta argazkilaria, emanaldiaren arabera.

Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?

Ez naiz batere ona datak gogoratzen… Baina esango nuke duela bi urte inguru sartu nitzela taldean, 2016 inguruan alegia. Udaberriko giroa betidanik iruditu zait erakargarria eta akordeoia jotzen jarraitzeko aukera ezin hobea zenez, hiruzpalau kalejiratan jo ondoren ohartzerako taldean nengoen! Jajajaja.

Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta nola orain, barrutik?

Taldeak kanpotik ikusita bizipoza igortzen du. Udaberri den tokian koloreak, musika (edo zarata, entzulearen arabera), dantza, mugimendua… gailentzen dira. Ezinezkoa da taldeko giro biziari ez ikusiarena egitea. Barrutik begiratzean berriz, hori guztia posible egiten duen “tresneria” ikusten duzu. Kanpotik antzemate ez den lan pila dago musikari eta dantzari kaskarin horien atzean jajaja

Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?

Fandango eta arin-arinak dira nire begiko dantzak. Fandango bat aukeratzekotan “Donibane” izango zen nire hautua, asko gustatzen zait doinua. Arin-arinei dagokienez berriz, “Neska Zarrak” aukeratuko nuke, ikasi nuen lehen arin-arina izanik.

Kontaiguzu urteotan gertatu zaizun anekdota bitxietako bat

Bat bakarrik? Jajaja. Bat aukeratzekotan Erromeri egunekoa aukeratuko nuke, klasikoa. Taldean soinujole bezala nire lehen ekintzetakoa zen hura. Aipatu beharrekoa da ordurarte kalejirak egitean (Udaberritik kanpo), aurkakoa esan ezean, kaleko arropa jantzita joaten nitzela beti. Egun hartan hasi berrien urduritasuna medio, “modu bereziren” batean jantzi behar ote nuen galdetzea ez zitzaidan burutik pasa ere egin eta han azaldu nintzen, nire intentzio onenarekin, kalejira baino 15 minutu lehenago galtza motzak eta jertsea soinean. Nolabait lortu zizkidaten galtza parea eta alkandora; eguneko, gaueko parrandako eta denbora luzerako txistearen truke noski. Ordutik harreman berezia dut jantzien saileko hainbatekin jajajaja

Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Momentu honetan osasun betean dagoela iruditzen zait. Gerora begira berriz, gazteak indartsu datozela dirudienez, etorkizun oparoa izango duelakoan nago.