Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Aitor Azkolain

Iepe!! Aitor Azkolain naiz, ia denentzat "Azko", Ibarran bizi den latinoa jajaja. Bai, hala da, Latinoamerikan jaiotakoa naiz, hain zuzen, Santo Domingoko irlan. Ingeniaritza Elektronikoa gradua burutu nuen Donostiako eskola politeknikoan, eta denbora librea dudanean asko gustatzen zait gitarra jotzea, parranda egitea eta lagunekin elkartzea.

Futbola utzi eta dantzara, ez zuten askok egingo bide hori. Nolatan hartu zenuen erabakia?

Futbolak dantzak baino denbora gehiago kentzen zidan, eta egin esan behar badut, kentzen zidana baino gehiago eman dit dantzak; futbolak, berriz, ez horrenbeste. Egia da faltan botatzen dudala futbolean aritzea, baina oso gustura ibili naiz Udaberrin, dantza talde bat baino gehiago baita; esango nuke bigarren familia moduko bat dela.

Bidaia baterako gonbidapenak erakarri zintuen Udaberrira. Nolakoa izan zen hasiera eta bidaia?

Hasieran kosta zitzaidan taldean integratzea, nahiko lotsatia naiz eta. Baina taldekideek asko lagundu ninduten integratzen, izan ere, oso irekiak dira. Hungariarako bidaia izan zen lehenengoa, eta handik oroitzapen onak besterik ez nituen ekarri. Oso erraza da talde honetan sartzea, giro oso ona baitago!

Bidaiaren ondoren zalantzarik izan zenuen taldean jarraitzeko?

Ez gehiegi. Hasieran, denbora gutxi nuela ikusten nuen, eta banekien besteen erritmora iristeko, gainerakoek baino ordu gehiago igaro beharko nituela dantzan. Gainera, nire hankak ez ziren erraz ohitu dantza entseguetara, eta izugarrizko giharretako mina izaten nuen entsegu ondorengo egunetan. Baina denborak aurrera egin ahala, entseguetara ohitzen hasi nintzen eta nolabait hobetzen ere bai. Gainera, taldean oso giro ona zegoen. Horri esker, azkar desagertu ziren dantzan jarraitzeko nituen zalantza guztiak.

Lotsati itxura daukazu, baina tarteka sekulakoak botatzen omen dituzu …

Bai, onartu beharra daukat oso itxia naizela eta asko kostatzen zaidala irekitzea, baina behin konfiantza lortzen dudanean, ingurukoak alaitzea gustatzen zait, tontakeriak eginez eta ezagutu berri ditudan xelebrekeriak elkarbanatuz. Horren ondorio dira Azkue (Iñigo) eta bion arteko hizketaldi “sakonak”, jajajajajaja. Norbaitek entzungo bagintu…

Taldean hasi zinenetik materialaren sailean aritu zara. Trebea zara berez edo halakoak ere ikasi egiten dira?

Bai, bueno… Trebea baino gehiago, saiatua naiz, jajaja. Nire kasuan behintzat, taldekideengandik ikasiz lortu nuen nolabaiteko trebetasuna. Hala ere, asko daukat ikasteko oraindik.

Kontaiguzu Kaxarrankarekin duzun harreman berezi hori, mesedez.

Kaxarranka eta nire arteko maitasuna ez da edonolakoa. Ikusi nuen lehen unetik jakin nuen berarekin igaroko nituela nire bizitzako ondorengo urteak. Asko maite ditut sorbaldan egiten dizkidan laztantxo horiek, eta batez ere, bizkarrean uzten dizkidan kontrakturak… Jajaja.

Zuen adineko asko zaudete orain taldean, alde handiak ere badaude. Zer ematen dio taldeari adin desberdintasun horrek?

Anekdotak, jakinduria, esperientzia, xelebrekeriak… Gauza asko ematen dizkio adin aniztasunak taldeari. Eta horrek denak asko laguntzen du taldeko dinamika hobetzen.

Garai onak ezagutu dizkiozu Udaberriri. Txarrik bueltatuko dela iruditzen zaizu?

Ez denbora luzean behintzat. Pixkana handitzen doa taldea, eta gainera, gazte asko ditugu ikastaroetan, urtetik urtera gehiago. Sekulako harrobia dugula esango nuke. Horrez gain, ondo antolaturiko taldea gara, eta nabaria da taldekideen arteko giro ona. Horrela jarraituz gero, zaila ikusten dut garai txarrak itzultzea.

Zer pentsatua ematen du hainbeste urteko historia duen talde batean egoteak?

Bai, egia esan inpresio handia ematen du. Ez da erraza talde bat 60 urtez aktibo mantentzea, meritu handiko gauza bat dela uste dut. Pasa diren 60 urte hauetan anekdota eta istorio ugari egon direla ziur naiz, liburu bat egiteko adina. Hala ere, bere momentu txarrak ere izango zituzten aurreko belaunaldiek, baina hemen jarraitzen du taldeak, gogotsu eta indartsu. Beraz, beste belaunaldietatik zer ikasia badugula uste dut, izan ere, beraiek bezala, guk ere izango ditugu momentu txarrak, nahiz eta aurreko galderan zaila ikusten dudala esan, ez bainaiz etorkizun iragarlea, jajaja. Beraz, prest egon behar gara momentu txarrei aurre egiteko.

Bukatzeko, dagoeneko klasiko bihurtu den galdera: anekdota bat kontatu beharko diguzu.

Gogoan dut Hungariara joan gineneko anekdota bat. Tolosara bueltan ginela, Italiako igerileku batean geratu ginen bainu bat hartzeko. Han igaro genuen arratsalde osoa eta autobusera joateko ordua iritsi zen. Aldageletara sartu ginen eta dutxara sartzera nindoala, taldekide batzuk barrezka hasi ziren niri begira zeudela. Ez nuen ulertzen zer ari zen gertatzen. Azkenean jabetu nintzen zer gertatzen zen, eguzkitako betaurrekoak buruan nituela sartu nintzen dutxara! Jajajaja