Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Amaia Beitia

Kaixo! Amaia Beitia Iturbe naiz, 1991n jaiotako neska irurarra, nahiz eta askok tolosarra naizela pentsatu, bertan pasatzen ditudan ordu guztiengatik! Haur Hezkuntzako ikasketak amaitu ondoren Lehen Hezkuntzakoak egin nituen. Orain Tolosako denda batean aritzen naiz lanean eta, denbora librean, lagunekin egotea eta parranda atsegin ditut; nork ez, ezta? Udaberri dantza taldean urte luzez jantzietako arduradun bezala aritu naizen arren, orain ikastaroen taldean nago, gustura gainera!

Aurkezpenean esan duzun bezala, irurarra zara eta taldeko beste batzuk bezala, zure lehen dantza pausoak bertan izango ziren…

Halaxe da bai. Iruran txiki-txikitatik hasten gara normalean dantzan. Horrela, lehen pausuak Marimir Ugalderekin eman nituen eta ondoren Udaberri Dantza Taldeko Gloria Telleria eta Nagore Imaz izan nituen irakasle. Neurri handi batean haiei esker sortu zitzaidan Tolosan, Udaberri Dantza Taldean dantzan hasteko aukera. Une hartan Iruratik asko hasi baginen ere, gutxi batzuk jarraitu genuen Udaberrin.

img_0055

Iruratik kapitalera saltoa. Nolakoa izan zen aldaketa?

Aldaketa izugarria izan zen: jende berria, dantza berriak… Gauzak asko aldatu ziren. Oraindik gogoan ditut Igarondoko igerilekuan egiten genituen entsegu haiek, Aritz Iglesias irakasle zela. Gainera, gaur egun taldean dauden txistulariek ere dantza egiten zuten, eta oso oroitzapen onak ditut. Pixkana, ordea, gauzak serio jartzen hasi ziren eta, astean behineko entsegua izatetik, astean hiru egunetan aritzera izatera pasatu ginen, J.L. Vallejoren gidaritzapean. Helduen taldera pasatzeko “trantsizio” moduko bat izan zen. Vallejorekin, ordura arte ikasitakoa findu eta dantza berri asko ikasi genituen. Eta garai hartan hasi ginen, era berean, helduen taldean zeuden dantzariak pixkana ezagutzen, tarteka dantza berriak erakustera etortzen baitziren; gaur egun, taldekide eta lagun ditut.

 

Umeen taldetik helduenera pasatzea erraza izan al zen?

Erraza? Garai hartan, helduen taldean ez zegoen jende askorik, beraz, neurri batean gazteak behar zituzten, taldeari bultzadatxoa emateko. Hala ere, erraza-erraza, ez zen izan, malko ugari isuri bainuen hasiera hartan. Taldean jendea behar zen, baina orduan zeuden dantzariek maila ona zuten eta, noski, guk gutxieneko bat jakin behar genuen haiekin dantzan hasteko. Beraz, entsegu eta ordu ugari pasa genituen aurrera egiteko. Orain, ordea, 10 urte daramatzat helduen taldean, eta askotan pentsatu izan dut hasiera erraza izan ez bazen ere, merezi izan zuela.

img_0059

Dirudienez, derrigorrezko galdera da atal honetan… Plaza eta dantza kuttunenak?

Ezin zuen falta galdera honek, ez, jeje. Galdera zaila erantzuteko… Hainbat plazatatik pasa gara dagoeneko, asko oroimenean geratzen dira eta berriro ere joango nintzateke plaza haietara, dantzatzera. Pasa den urtean, Irurako plazan emanaldia eskaini genuen, eta beti da hunkigarria herrian bertan dantzatzea. Hala ere, Tolosako San Joanetan Santa Maria plazakoa (urtero errepikatzen dugun arren) une berezia izaten da, hitzez adierazteko zaila, baita San Joan egunekoa ere.

Dantzari dagokionez, badira beti gusturago edota motibatuago dantzatzen direnak, esaterako, Eltziegoko dantzak edota fandangoa eta arin-arina; Gipuzkoako dantzak ere oso gustuko ditut. Momentu honetan ordea, inoiz neskek dantzatu ez ditugun Otsagiko dantzak dantzatzea asko gustatuko litzaidake, erritmo biziak dituzte eta gustuko ditut. Ea inoiz aukerarik dugun dantzatzeko.

 

Udaberri dantza taldea, talde bat baino gehiago dela badakigu. Zer da zuretzat? Zer eman eta zer kendu dizu?

Samur jartzeko unea… Egia da bai, talde honek asko eman eta kentzen digula. Dudarik gabe, gehien kentzen diguna denbora da, taldekideok eramaten baitugu guztia aurrera; dagozkigun ardurak betetzeko, askotan, gure zeregin propioak albo batera utzi eta taldekoei ematen diegu garrantzia (nik behintzat bai jeje). Baina, gustuko lekuan aldaparik ez, beraz, egin behar duguna egin eta aurrera.

Zer eman? Udaberriri esker, ardurak hartzen, jendea artatzen eta taldean lan egiten ikasi dut, bizitzarako funtsezkoak iruditzen zaizkidanak. Talde honi esker, gainera, milaka txoko ezagutu ditut, gainontzean, ziur, ezagutuko ez nituzkeenak. Azkenik, lagunak eman dizkit, lagun talde ikaragarri bat. Guztiak desberdinak gara eta ziur Udaberrigatik izan ez balitz asko eta asko ez nituzkeela ezagutu ere egingo. Gaur egun, ordea, nire egunerokotasunean presente daude eta ezin dut imajinatu lagun horiek gabeko bizitza bat. Argi dago, batzuekin besteekin baino “feeling” hobea dugu, baina hori leku guztietan eta lagun talde guztietan gertatzen da. Zorionez, oso giro ona dugu eta horrela jarrai dezala!

img_0062

Taldeko “xaltxera” zara eta mota guztietako ekintzetan parte hartzea gustukoa duzu oso; ez zara etxean gelditzen den horietakoa…

Jajajajajajajaj! (A ze lotsa!) Bueno halaxe dela diote… Etxekoek ere hala esaten didate, baina horrelakoxea naiz ba! Lagun artean egitekoa den edozein plan bikaina da niretzat, eta gainera gustuko badut, ezin hobeto! Normalean Udaberrin antolatzen diren gauza gehienetara joaten ahalegintzen naiz, eta behin joanda, helburua ongi pasatzea denez, umore pixka bat jarri behar!

 

Ziur urte hauetan guztietan anekdota ugari izango zenituela eta zeresan handikoak gainera…

Puff milaka istorio ditugu kontatzeko, eta horietatik bat aukeratzea lan zaila da. Taldean gertatutakoak mordoa dira: Hungarian autobusa gurpila hondarretan sartu eta ezin atera geratu zenekoa; autobuseko retrobisorea puskatu eta batere gabe autobidean ibili ginenekoa; Portugalen emanaldi batetik bestera autobusean aldatzen ibili beharra, bi saio jarraian zirelako toki desberdinetan… Eta pertsonalki ere anekdota asko gertatu zaizkidan arren, behin ere ez zait ahaztuko San Joan bezperan apaiz etxean giltzapean geratu nintzenekoa, gainerakoak Santa Maria plazara entsegua egitera joan zirenean. Edota Portugalgo bidaian gertatutakoa: emanaldira joateko autobusa hartu behar genuen, eta orduan Xabi Artola eta ni ginen jantzien arduradun. Guztien atzetik ibiltzen ginen dena hartzeko esanez: neskei top deportiboa, mutilei azpiko arropa zuria, alpargatak, jantzia, mediak… Emanaldiaren lekura iritsi eta aldatzen hasi ginenean, ordea, orduantxe ohartu nintzen azpiko arropa ahaztu zitzaidala, baita Xabiri ere. Eskerrak Jon gure autobus gidariarekin oso harreman ona dugun, eta berriro ere ostatu hartuta geunden lekura eraman gintuen, ahaztutakoak hartzera. Larri ibili ginen baina iritsi ginen emanaldirako. Orain barre egiten dugu, baina a ze larritasunak une hartan!