Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Ane Artutxa

Kaixo! Ni Ane Artutxa naiz, tolosarra, 1991n jaioa eta gizarte langilea. Biolina jotzen dut Udaberrin eta Tolosako Arimaz orkestran. Kirolak gustatzen zaizkit, nahiz eta azkenaldian ikusle modura gehiago egoten naizen, eta parrandak ere bai, noski!

Zuk ez duzu beste taldekideek bezalako lan-dinamika Udaberrin.  Nolakoa da zure partaidetza?

2013ko udan Hungariako bidaian izan ondoren, taldean sartzeko aukera eskaini ziguten. Nire kasuan ezezkoa erabaki nuen, nahiz eta bidaia hura esperientzia ikaragarria izan. Beraz, nik biolina behar zuten kasuetan soilik parte hartzea erabaki nuen eta bilera eta ardura ezberdinak izatetik libratu nintzen. Hala ere, beharbada, ni udaberritarra sentitzen ez naizen arren, taldekide sentiarazten naute beraiekin batera aritzea tokatzen zaidan guztietan, beraien jarrerari esker, momentu horietan udaberritar bat gehiago naizela sentitzen dut.

 

Noiz izan zen zure lehen emanaldia taldearekin?

Nire lehen emanaldia lehenengo bidaiarekin batera iritsi zen. 2013ko udan, Hungariako Szeged hiriko jaialdian estreinatu nintzen, Lapurdiko dantzei doinua jarriz.

img_0115

Nola ikusten da taldea kanpotik, bertako bileretan eta inongo lan-taldetan parte hartu gabe?

Nik bileretan eta lan-taldeetan parte hartzen ez dudan arren, taldea barrutik ezagutzeko aukera izan dut eta, beraz, nire ikuspuntua, beharbada, ez da kanpoko beste batek, inoiz parte hartu ez duen batek, izan dezaken berdina. Askotan entzun izan dut taldea sekta bat dela; kanpoko ikuspegitik esaten da hori, eta hori entzuten dudan bakoitzean, burura etortzen zait Kike Condek, Udaberriko taldekide izandakoak, Ataria egunkarian esandakoa, TAKE saskibaloi taldearen 25. urteurrenaren harira egindako elkarrizketa batean:  «Sekta deitzen digute, baina ez zaigu gehiegi axola, izan ere, sekta deitzen badigute gauzak ondo doazen seinale da».

Nahiz eta esaldi horrek TAKE-ri egiten dion erreferentzia, Udaberriren kasuan gauza bera gertatzen dela iruditzen zait.

 

Bidaiaren bat edo beste egin duzu taldearekin ezta? Zer nolako esperientzia bizi zenuen?

Lehen esan bezala, lehenengo bidaia Hungariakoa izan zen, 2013ko udan eta azkena berriz Portugalera egin genuena 2014an. Esperientzia oso onak izan ziren, egia esan. Pentsa, Portugalera joateko, kontuan izanik egin behar zituzten dantzetarako biolinik ez zela behar, argazkilari moduan joaten ausartu nintzen, lehen bidaiako esperientzia errepikatzeko gogoz; eta ez naiz batere trebea argazkigintzan. Hobe esanda, trakets xamarra naizela esango nuke.

img_0118

Euskal dantzak ez dira gehiegi lotzen biolinarekin. Zer nolako pisua du, zure ustez, instrumentu honek euskal dantzan? Pisu hori handiagoa izan daiteke?

Guk uste baino handiagoa. Nik Udaberrin, Lapurdiko dantzak eta Jaurrietako dantzak jotzen ditut normalean. Baina Udaberriko partituren artxiboan aurkitu daitekeen paper piloaren artean, biolinarekin jotzeko fandango bat ere aurkitu nuen, nahiz eta oraindik ez dugun probatu. Hala ere, askotan instrumentu askorekin batera jotzean, ez da ia ezer entzuten eta horrek asko mugatzen du dantza gehiagotan aritzea. Zer esanik ez, ondoan dultzaina bezalako instrumentu bat izanez gero!

 

Eta pisu hori nola lortu daiteke? Zer ekarpen egin diezaioke biolinak? Esaterako, txistu-doinuren bat edo beste jo izan duzu ezta?

Udaberrin egia esateko badaude dantza gehiagotarako biolin partiturak, hala nola, soinu zahar deituriko dantzetarako, baina ez gara gehiegi sartu kontu horretan. Azken batean, nahiz eta partiturak egon, eta aurrez ere beste fanfarre bat egon zen arren, urte luzez txistulariak, akordeoia eta dultzaina bakarrik egon dira Udaberriko musikari taldean, eta beraz, dantza guztiak instrumentu horiekin egiten ziren. Orain instrumentu berriak sartzeak eta horretara egokitzeak bere denbora eskatzen duenez, lehen (fanfarrea eraberritu aurretik) egiten zen moduan egiten jarraitzen da. Hala ere, nahiz eta prozesu horrek bere denbora eskatzen duen,  ezin dut aipatu gabe utzi Hungariako bidaia hura aurrera eramateko Udaberrik fanfarrea sortzen lan handia egin zuela (musikariak bilatu, abestiak ikasi, dantzariekin ensaiatzen hasi…) eta lan horrek bere fruituak ematen jarraitzen duela, musikari berriak gehituz gainera.

 

img_0121

Amaitzeko, jakina da taldearen 60. urteurrena gerturatzen ari dela. Zer suposatzen du zuretzat, hiru urtetan ezagutu duzun talde batek honelako historia luzea izatea?

Nahiz eta ni aktiboki orain dela hiru urte hasi Udaberrin parte hartzen, askok jakingo ez duten arren, ni ere Udaberrik antolatutako ikastaroetan ibilitakoa naiz, baina futbola gehiegi gustatzen zitzaidan eta dantza entseguak eta futbol partiduak egun berean tokatzen zitzaizkidanez, dantza utzi eta futbolean jarraitzea erabaki nuen. Bestalde, nire ahizpa Irati Artutxak, nire kasuan ez bezala, ikastaroetan hasi ondoren, egun oraindik taldean jarraitzen du, beraz, bere bidez (edo berari esker), gertutik jarraitu izan dut taldea urte luzez.

Ni taldekidea izan ez arren, hiru urte hauetan taldea barrutik ezagutzeko aukera izan dut eta baita taldea aurrera eramateko kide guztiek egin behar izaten duten ahalegina ere; beraz, lan handi horri esker, 60 urteren ondoren ere bizirik jarraitzea benetan pozgarria eta txalogarria iruditzen zait. Ea beste hainbeste izaten diren. Ni bezalako haurrik ez bada ikastaroetan, seguru baietz!