Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?
Dantzan uste dut 16 bat urterekin hasi nintzela, Joxe Nazabalen talde legendarioan. Astearte arratsaldeetan tartetxo bat nuela, eta kiroldegian eman nituen nire lehen dantzari urratsak Oier Zaldua, Telmo, Eneko Hartsuaga, Xanti Nazabal, Aitor Agirre eta Josu Lizarralde bezalako dantzari ilustreekin. Talde hori Udaberriren mekanismo formaletik kanpo kokatzen zen (nahiz oso gertu egon), eta pare bat urte eman genituen astean behin oinak astintzen.
2013ko udaran Hungariara joateko aukera eman zitzaion Udaberriri, eta mutil faltan zeudela eta, dantza batzuk ikasita, beraiekin bidaiatzeko aukera izango genuela esan ziguten orduko taldekideek. Gutako batzuk gustu handiz eman genion baiezkoa proposamen horri, eta Urpa autobusean sartzearekin batera, historia handia duen dantza talde batera ere sartu ginen, ia kasualitatez.
Saskibaloiari ere denbora dezente eskaintzen diozu. Nola daramazu bi alor horiek konbinatzearen kontua?
Bi gauzak gustura egiten ditudanez, ondo daramat konbinazioa. Entseatzeko eta entrenatzeko tokiak elkarrengandik 10 metrora egotea ere oso lagungarria zait egia esan.
Dena den, bi alorrei eskaintzen diedan dedikazioa ez da berdina inondik ere. Batzuetan zorionez eta beste batzuetan zoritxarrez, ia profesionala den Saskibaloi liga batean lehiatzen dugu Tolosan, eta horrek gure bizitzako ordu asko kentzen dizkigu, entrenamendu, partidu nahiz bidaietan. Konpromiso maila oso handia dugu taldean, bestela oso zaila baita partidak aurrera ateratzea. Horrek dantzarako dudan denbora murrizten dit, baino tira, astean pare bat ensaiotara joateko aukera ematen didanez… ez nago horren gaizki ere!
Taldean sartu eta gutxira, Argentinara joan zinen urtebete pasatzera ikasketen aitzakian. Zer kontatuko zeniguke esperientzia hartaz?
Aukera sortzen bazaizu, bizitzan behin gutxienez joan behar den tokia dela iruditzen zait, bai Latinoamerika, eta bereziki Argentina. Niri behintzat ikaragarri gustatu zait bertan bizitzea, eta bertan bidaiatzea. Ikusi ditudan paisaia natural politenak eta hiri kaotikoenak bertan ikusiak izan dira: Argentina hegoaldeko glaziarrak, Iguazuko ur-jauziak, Machu Picchu, Buenos Aires, Lima, Bogota bezalako hiriak… Bidai ederrak egin eta esperientzia politak bizitzeko aukera izan dut bertan.
Leku exotiko batzuk ezagutu ditut, baina bidaiatzearen onena ezberdin bizi den jende asko ezagutzea izan da. Eta ezberdin bizi daitekeela erakusten duen jendea ezagutzea ere bai. Egineko gizartea da gurea, aktibitate etengabea dugu egunero. Pertsona horiena berriz Egoneko gizartea dela iruditzen zait. Bata zein bestea oso muturrekoak dira, baina biak partekatuta ez ote dugu gure bizi kalitatea hobetuko?
Eta hemengo kultura, edo zehatzago, euskal dantzak, ezagutarazi al dituzu? Ba al zuten hemengoaren berri?
1890 eta 1910 urte bitartean amerikara emigratu zuten euskaldun gehienak Argentinara joan ziren, horregatik, gaur egun gure kultura presente dago hango herri eta hirietan. Ni bizi nintzen hirian ikusgarria da zenbat euskal abizen aurki ditzakezun. Pentsa ezazue, Bahía Blancan Gernikako Arbola enparantza zegoen, Leon de Iraeta plaza eta Tolosako batzokia baino handiagoa zen Euskal etxea ere bai, trinkete, jatetxe, eta dantzaleku eta guzti.
Euskal dantzak ez nituen ezagutzera eraman, aurrez Euskal dantza egiten zuen dantza taldea bazegoelako jada. Bi entsegutara joan nintzen, baina klase orduetan egiten zituztenez, ez nion segida handirik eman kontu horri.
Kontuak kontu, urtebete taldeko dinamikatik kanpo egon ondoren, berriz ere, dantzari ekin behar zeniola erabaki zenuen. Zerk bultzatu zintuen erabaki horretara?
Ez dut inoiz uztea erabaki. Urtea dantzatu gabe eman ondoren (euskal dantzen arloan noski…), martxa hartzea kostatuko zitzaidala banekien, baina lehen esan bezala, oso gustura joaten naiz entseatzera. Horregatik, dantzatzen jarraitzeko gogotsu jarraitzen dut! Gainera, taldeko gazteena ez izan arren, ia hasiberria naiz mundu honetan, eta asko dut ikasteko. Beraz, eta irakasleak nirekin aspertzen ez diren bitartean, dantzak ikasten jarraitzeko asmoa dut.
Utzi bezala aurkitu al zenuen taldea itzuli zinenean?
Berdintsu aurkitu dut, bai funtzionamendu aldetik, entseguen aldetik… ez naiz kanpoan horrenbeste denbora egon!
Jende gazte berria sartzea izan da aldaketa handiena akaso, eta hori oso lagungarria dela iruditzen zait, taldeari haize fresko pixka bat emateko. Gainera, oso jatorrak dira eta lanerako prest daudenez, oso pozik nago!
Taldeko diru kontuak eramatea ere tokatu zaizu. Ustelkeria kasuek zeresan handia ematen duten garai hauetan, lasai egon al gaitezke Udaberritarrak?
Gauzak orden eta txukuntasunez egiten baditugu, ederki moldatuko gara. Azken urteetan oso ondo kudeatu dira diru kontuak taldean eta hemendik aurrera ere gauzak horrela joango direla espero dut. Lasai egon zaitezte, Artetxe anderearen begiradapean egiten nituen mugimendu guztiak… [Barreak]
Maitane Sarasolak taldea utzi du, baina zuk jarraitu bitartean, ez dugu txiste txarren faltarik izango ezta?
– Hola señor, soy paraguayo y vengo a pedirle la mano de su hija, para casarme con ella.
– ¿Para qué?
– Paraguayo
Jajajajajajajajaja! Ez da faltarik izango…..
Bukatzeko, ezinbesteko galdera. Hamaika anekdota bizi izango zenituen Udaberrin, aukeratu bat eta kontaiguzu!
Ez da ezer berezia, baina pertsona dezente identifikatuta sentituko zarete anekdotarekin. JLV handia zuzenki ezagutu nuen eguna kontatuko dizuet.
Oraindik udaberrin sartu gabe eta Joxe Nazabalekin dantza ikasten ari ginela Bordon dantzako entseguetara joatea erabaki genuen, 2012an edo. Han zeuden Udaberriko urrezko garaia osatu zuten dantzari guztiak: Jon Olano, Txepe, Andoni Gorostidi, Kike Conde… Eta ni, alpargata berriekin (ordurarte zapatillekin ibili nintzen) eta tona bat urduritasun bizkar gainean nuela. Parean, berriz, JLV, bere bizar luze, kamiseta hori ajatu eta alpargata zuri-gorriekin. Ensaio guztian akatsak atera eta atera egon zitzaidan, eta ni beldurtuta, lotsagorrituta, izerdi hotza isuriaz eta nire emozioak kontrolatzeko lanak nituela.
Behin entsegua amaitu genuenean, inoiz gehiago ez nintzela bueltatuko esan nuen dutxan, baina osaba Kikek bueltatzeko konbentzitu ninduen. Hantxe jarraitu nuen astero-astero, serio demonio entseatzen… astebete faltan txonkatila urratu nuen arte. Hantxe bukatu ziren urte hartako nire bordondantzari ametsak.