Noiz sartu zinen Udaberrin? Nolakoa izan zen hasiera?
Ofizialki 2010. urtearen bukaeran sartu nintzen Udaberri Dantza Taldean. Pare bat urte lehenago, Areson emanaldi batean jotzeko deitu ninduten. Hasiera ona eduki nuen, aurretik taldeko jendea ezagutzen nuelako.
Kontatu bidaiaren batean gertatutako anekdotaren bat.
Portugaleko bidaiako azken egunak, Manta Rotan (Algarve) pasa genituen. Herri txiki bat da, baina aparkaleku erraldoi batekin, eta aparkaleku horretan diskoteka erraldoi bat zegoen. Azkeneko egunean taldekide bati despedida egin genion, urte osorako Argentinara joan zelako eta eguna “el conquistador del fin del mundoko” probak egiten pasa genuen. Hori bukatu zenean, gauean ohera joateko gogorik ez eta, hiru lagun geratu ginen aparkalekuko mahai batean, edanean. Halako batean, bertako bi gazte etorri zitzaizkigun diskotekatik aterata, pasa-pasa eginda. Nonbait hondartzan ikusi gintuzten goizean probak egiten eta neska politak ikusi zituztela eta, hau esaten zuten: “¡¡¡¡yo quiero follar!!!!” Autobusa ere kolpatu zuen. Gero edan egin nahi zutela eta azkenean vodka botila batekin utzi genituen eta alde egin genuen.
Txoritxo batek esan digu zure gela instrumentuz beteta dagoela, ez omen da erraza oinez ibiltzea ere. Zenbat jotzen dituzu? Instrumentu berriren bat jotzekotan zein joko zenuke?
Bai, egia esan nire gela instrumentuz beteta dago. Azkeneko erronka etxean tuba sartzea izan zen; hasieran amak ez zidan uzten eta azkenean konbentzitu nuen. Gauza asko jotzen ditut baina bat bakarra ere ez ondo! [Barreak] Hor doa zerrenda: oboea, dultzaina, tuba, saxofoia, atabala eta bateria. Beste instrumentu batekin hasiko banintz txistua izango litzake.
Egia al da Inauterietako txarangen kantak nota bat kantatu orduko antzematen dituzula? Nola egiten duzu?
Bai, egia esan beti eduki izan dut txarangarako afizioa, eta betidanik entzun izan dut inauterietako musika. Hortik datorkit.
Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana Otsagabiako dantzetako paseoa da.
Musikan murgilduta egoteaz gain dantzari gisa ere ibiltzen omen zara. Egia al da zure ametsetako bat dela Kaxarranka gainean behar bezala dantzatzea?
Parrandatan egiten dudan gauza bat da, garagardo batzuk hartu ondoren [Barreak]. Baina, Kaxarranka gainera igoko banintz ez dut uste azpikoek eutsiko ninduketenik.