Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Garazi Artetxe

Garazi Artetxe naiz, neska gazte tolosarra. Enpresagintza ikasketak egin nituen, eta dantza taldeko diruzaina izan nintzen urte askotan. Geroztik, kargu gehiagotatik ere pasa naiz. Dantza egiteaz gain, lagunekin egotea, bidaiatzea… bizitzaz gozatzea dut gustuko. Latinezko esaerak dioen bezala “Carpe Diem”.

Noiz eta nolatan hasi zinen dantzan?

6-7 urterekin hasi nintzela esango nuke. Eta, nolatan? Bada, amak beti esan izan dit txikitatik daukadala dantzarako zaletasuna, beti ispilu aurrean dantzan aritzen bainintzen. Beraz, dantza ikastaroak eskaintzen zituztela ikusita, bi aldiz pentsatu gabe eman zuen nire izena.

Gogoratzen al dituzu zure lehen urteak?

Bai noski! Begien aurrean daukat oraindik igerileku zaharretako leku hura; Squash-eko gelak, itokinak, goian zegoen balkoi, pasarela modukoa… Gogoan dut, zapatilak gordetzeko poltsa eskuan hartu, eta poz-pozik joaten nintzela larunbat goizetan, lagunekin elkartu eta dantza pauso berriak ikastera.

Nolakoa izan zen hainbeste urte eta gero helduen talderako trantsizioa?

13 urte edo izango nituen eta trantsizio hori ez dut oso ondo gogoratzen; a ze memoria kaxkarra dudan urteak gogoratzeko… Baina bai, helduen taldean egin genituen lehen entseguak. Urduritasun handiko egunak izan ziren, baita ilusio eta gogo handikoak ere.

Portugalen izan zinen Erasmus egonaldian. Zer moduz joan zen urtebete dantzarik gabe?

Galdera hau argitu nahiko nuke, zeren eta Portugalen dantzatu, dantzatzen nuen; hori bai, dantzak beste estilo batekoak izaten ziren [Barreak]. Gogorrena itzulera izan zen, berriz alpargatak jantzi eta entseguetara itzultzea. Baina, esaerak dioen bezala: Gustuko tokian aldaparik ez.

Taldeko gaueko dantzari ofizialetako bat omen zara, a ze ohorea ezta?

Ofiziala edo… beti gustatu izan zait bai, dantzatzea eta zoroarena egitea. Baina, esango nuke, denborarekin, beste batzuk ari direla ofizialtasun hori hartzen, gaztetxoak indartsu baitatoz. Irakasle ona izan duten seinale!

Kontaiguzu urteotan gertatu zaizun anekdota bitxietako bat.

Anekdota asko gertatu zaizkit, baina bat bitxia eta inoiz ahaztuko ez dudana gona hegalariarena da. Uste dut nire auzoko festetan eskaini genuen emanaldiaren ondoren gertatu zela. Beti bezala, dantzarako erabili nuen gona, balkoian lehortzen utzi eta kalera irten nintzen. Iluntzean amaren deia, ea gona balkoitik nik gorde nuen galdezka, eta nik ezetz, gona bertan utzi eta alde egin nuela. Bada, kontua da haize bolada batek gona eraman egin zuela eta desagertu egin zela gainera, auzo guztia miatu genuelako. Anekdota hau nola amaitu zen jakiteko begiratu ondo hurrengo emanaldian ttanttodun gonarik ba ote daramadan soinean.

Taldeko koordinatzaile ere izan zinen, nolakoa izan zen erabakia hartu zen unea? Zer sentitu zenuen?

Bozketaren hasieran lasai nengoen, baina nire izena behin eta berriz entzuten hasi nintzenean eskuak izerditan jarri zitzaizkidan, ez nekien ze aurpegi jarri, nola erantzun. Momentu horretan beldurra sentitu nuen, galdera mordoa nire buruan bueltaka: ni koordinatzailea? zergatik ni? postu honetarako ez al da egokiagoa beste norbait? ondo egingo al dut? Bestalde, pozgarria izan zen taldekideek nigan konfiantza dutela ikustea.

Zer da zuretzat Udaberri?

Galdera erraza da hori, baina aldi berean hitzez azaltzeko zaila. Lagunak, ahalegina, diziplina, lana, festa, entseguak, dantza, emanaldiak, konfiantza, musika, neskak, mutilak, helduak, gazteak, haurrak, momentu onak, momentu ez hain onak, barreak, negarrak… hori eta askoz gehiago da Udaberri.

Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Egia esan oso etorkizun ona ikusten diot taldeari. Neska-mutil asko datoz lanerako eta dantzarako gogoz; ikusi besterik ez dago taldeak azken urteetan izan duen bilakaera. Beraz, pixkanaka belaunaldi berriei lekua uzteko garaia dela uste dut, ziur bainago primeran egingo dutela beraien lana.