Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?
7 urterekin gutxi gorabehera haurren ikastaroetan izena eman nahi nuen, baina gurasoek ez zidaten utzi, musika, eskola kirola, katekesia… ere izaten nituelako. Hala ere, hurrengo 2 urteetan ez nion saiatzeari utzi, eta azkenean lortu nuen. 10 urte nituela, katekesia bukatu eta eskola kirola utzi nuen. Gero, gurasoek haurren ikastaroetan izena eman zidaten. Geroztik, ez dut dantza utzi.
Helduen taldera iritsi bitarteko prozesua nola bizi izan zenuen? Horrelakoa izango zela uste al zenuen?
Urri bukaeran ikastaroetako entsegu batean entseatzen ari ginela, Vallejo etorri zen eta entsegu amaieran Pau (Ortiz) eta niri berarekin entseatzera joateko aukera genuela esan zigun. Hurrengo astean han azaldu ginen. Entsegu gogorrak izan ziren hura eta hurrengoak. Abendu bukaeran, helduekin entseatzen hasteko esan zigun eta horrela pausoz pauso iritsi gara gauden tokira. Egia esan ez nuen uste horrelakoa izango zenik, askoz lasaiagoa izango zela espero nuelako.
Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta nola orain, barrutik?
Hasieran dantza talde sinple bat zela uste nuen, hau da, entseguak eta emanaldiak bakarrik egiten zituen dantza talde bat. Baina orain barruan egonda, ez dut berdin pentsatzen. Entsegu eta emanaldiez gain, beste gauza askok osatzen dute Udaberri.
Zein dantza duzu gustukoen? Eta zein plaza?
Eltziegoko dantzak; oso dantza alaiak dira eta oso gustura dantzatzen ditut. Eta plaza gustukoena Santa Maria plaza da. San Juan bezperako emanaldian bizitzen den emozioa oso berezia da. Nire bizi osoan ez dut inoiz dantzatu emanaldi horretan eta nire ametsetako bat hori da.
Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?
Fandango eta arin-arinak, dudarik gabe.
Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
Ikastaroetan izena emanda dagoen ume mordoarekin etorkizun ona ikusten diot.