Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Idoia Ayestaran

Kaixo! Idoia naiz, tolosarra eta 1995ean jaioa, eta Gizarte Langintzako ikasketak egin ditut Gasteizen. Astea bertan igarotzea bikaina da, oso ondo pasatzen dugu, baina aitortu beharra daukat asteburuetan, Tolosara itzultzean, ezin izaten dudala irribarre txiki bat ezkutatu. Horrez gain, bidaiatzea izugarri gustatzen zait eta mendian ibiltzea ere atsegin dut.

img_9918

Noiz eta nolatan sartu zinen Udaberrin? 

2010. urteko ikasturtean hasi nintzen Udaberriko helduen ikastaroetan plaza dantzak ikasteko asmoz. Hala ere, hilabete gutxi batzuen ostean aukera eskaini ziguten helduen ikastaroak utzi eta etorkizun batean taldean sartzeko balioko ziguten entseguekin hasteko, izan ere, garai hartan ez zen inor berririk sartu taldean. Beraz, esan dezaket momentu egokian hasi nintzela edo zortea izan nuela. Horrela, asteko hainbat egunetan pauso eta dantza berriak barneratuz, pixkanaka taldean sartzea lortu nuen.

 

Dantza bat, plaza bat. Zergatik? 

Beno, nik Eltziegoko dantzak aipatuko nituzke. Alde batetik, beren musika, erritmo eta koloreak direla eta, dantza alai eta erakargarriak iruditzen zaizkit. Eta bestetik, gure artean sortzen den giroa ere oso atsegina izaten da, uneoro begiradak, irribarreak eta animatzeko oihuak elkarbanatzen baititugu.

Plaza bat esatekotan, Braga hiriko plaza esango nuke. Momentu honetan oraindik oso gogoan dut Portugaleko bidaia eta zaila da plaza hartaz ahaztea. Oso leku handia zen eta bi emanaldi eskaini genituen han. Jende asko inguratu zen gu ikustera, plaza betea zegoen eta, horrek motibatuta, asko disfrutatu genuen. Bertan sentitu genuen emozioa bidaiako bizipen politenetakoa izan zen.

 

Euskal dantza ez balitz zer egingo zenuke? 

Egia esan ez dakit zer erantzun… Txikitatik izan ditut ikastola osteko arratsak nahiko beteak. Urteetan zehar jarduera nahiz kirol ugari probatu ditut eta dantzan hasi naizenez geroztik ere horiekin jarraitzeko aukera izan dut… beraz, euskal dantza beharrean ez dakit zer egingo nukeen, baliteke beste kirol berriren batekin hastea, nork daki…

img_9920

Ikastaroetako arduradunetako bat izan zara, nola ikusten duzu Euskal Dantzaren etorkizuna Udaberrin?

Urtetik urtera gero eta ume gehiagok ematen dute izena, batez ere, txikienen kasuan. Gainera, gure taldera sartzeko ere gero eta gaztetxo gehiago daude, eta horien bide beretik datozenak ere asko dira. Horregatik, gogotsu gaude lanean jarraitzeko eta baita atzetik datozenei dakigun eta daukagun guztia eskaintzeko ere.

 

Bidaia asko egin dituzu, nolakoak izaten dira? Konta iezaguzu anekdotaren bat.

Portugaleko bidaian, emanaldiak eskaini genituen haserako egunetan, eta horren ostean oporraldia egin genuen hondartza inguruan, indarrak berreskuratzeko. Bistan da, beraz, dantza egiteko, lagun artean egoteko, deskantsatzeko eta ondo pasatzeko tartea izan genuela, eta taldekide bat kanpora joan zenez irailean, bera agurtzeko bidaia ere izan zen. Gainera, ikusi genuen aurreko urtean Hungariako bidaian sortutako familia txikiari eusten jakin genuela, ikasturte guztiko lanaren bidez.

Anekdota txiki moduan emanaldi bateko gertaera aipa nezake. Dantza bat bukatu eta hurrengoa, fandangoa, hastear zegoenean, nire bikoteak alde egin zuen bat-batean: fandangoa eta arin-arina zetozela guztiz ahaztu, eta hurrengo dantzarako jantziak aldatzera joan zen korrika. Musikariak jotzen hasi ziren,  gainontzeko taldekideak dantzan bikoteka, eta ni bakarrik geratu nintzen nora begira jarri ez nekiela. Zorionez berehala itzuli zen, eta egoera hura baliagarria izan zitzaigun barre pixka bat egiteko jeje.

img_9922

Askotan esaten omen duzu “gaur afaldu eta etxera noa, bihar ikasi egin beharra daukat”, eta gero azkena izaten omen zara etxeratzen. Nola egiten duzu? Zein da zure sekretua?

Jajajajaja ez ez… ikasi behar denean ikasten dut baina egia da lagun arteko giroan nagoenean, eta ondo pasatzen ari garenean zaila dela etxera joatea… horretan aita bezalakoxea naizela esaten didate 😉