Nondik eta nola iritsi zinen Udaberrira?
Duela bi urte Vallejoren deia jaso nuen Udaberriko kideei fandango eta arin-arin pausoak irakasteko. Lehenbizikoz beldur pixka batekin eta oso urduri azaldu nintzen, eta lehen klasea bukatu ondoren, hurrengo astean bueltatzeko eskatu zidan. Berriz ere bueltatu nintzen, baina bukaera ere eduki zuen horrek; 4 entsegu pasatakoan ez nuen berriz itzuli beharko. Hurrengo deia, Urte Zahar egunean jaso nuen; hasieran pentsatu nuen urte berria opatzeko deituko zidala, baina ez… Xabirekin (Artola) bikotea osatzea proposatu zidan. Nik baiezkoa eman nion, eta Xabirekin entseatzera joateko aitzakian, Udaberriko entseguetan gelditzen hasi nintzen. Xabirekin Udaberriko entseguen aurretik aritzen nintzen eta, behin haraino joanda zergatik ez geratu, ezta?
Nolako harrera jaso zenuen lehenengo entseguan?
Esan bezala, lehen aldiz irakastera joan nintzenean oso urduri nengoen. Baina behin klasea hasi nuenean ikusi nuen denek ondo erantzuten zietela nire azalpenei eta galdera pila egiten zizkidatela. Oso gustura sentitu nintzen. Gainera, klasea amaitutakoan beraiekin hizketan jarraitu nuen, eta taldekide baten tratua jaso nuen. Horrek oso eroso sentiarazi ninduen.
Talde bat baino gehiagotan ibilia zara. Zer du Udaberrik desberdina?
Udaberrin giro ezberdina topatu nuen, benetan familia bat bezalakoa da. Ia astebururo dago planen bat, aitzakia bat afari, bazkari edo dena delakoa egiteko. Giroak eta Udaberritarrek erakarri ninduten hasiera hasieratik eta Udaberritar izan nadin lortu dute. Luzerako izatea espero dut.
Antolakuntza aldetik lotua da gure taldea, nola moldatzen zara zure lanak egiteko Pasaian bizita?
Hasieran irakastera joateko, autobusean joaten nintzen eta bueltan aitak jasotzen ninduen. Orduan ez nuen arazorik izaten Tolosara joateko. Aurten, taldekidea izanik, jantziekin lanean aritzea tokatu zait, baina gogo handiarekin hasi naiz, eta dena delakoa egiteko prest nago, nahiz eta Pasaian bizi. Halere, Tolosan pasatzen ditut asteko egun gehienak, Xabirekin entseatu behar dudalako, taldeko entseguetan, ikastaroak ematen edo lokalean arratsalde pasa. Taldekide askok adarra jotzen didate, ea noiz erosiko dudan pisua Tolosan… Denek jakin dezaten, oraindik ez da horrelakorik gertatuko. [Barreak]
Lanerako ez ezik, jakin dugu parrandarako ere moldatzen zarela Pasaiatik etortzeko…
[Barreak] Horretarako beti ondo moldatzen naizen horietakoa naiz. Udaberriko kide gehienak parranda zaleak dira eta nik ere taldean ikasi dut nolakoak diren benetako parrandak. Lehenengo parranda ofiziala Italiatik bueltan izan zen, Ibarran. Oso parranda ona izan zen, goizetik hasten den horietakoa. Geroztik, afari guztietara joaten saiatu naiz. Okerrena da etxea eskatzen ibili behar dudala… Baina taldekide guztiak prest azaltzen dira horretarako ere. Hori zortea daukadana!
Dantza gogokorik ba ote duzun galdetu behar genizun, baina fandangoa eta arin-arina izango dira noski…
Bai, fandangoa eta arin-arina dira. Batzuetan adikzio txiki bat daukadala ere pentsatzen dut… [Barreak] Dantza oso alaiak dira, eta asko gozatzen dut horiek dantzatzean. Hala ere, badauzkat gogokoak ditudan dantza gehiago ere, Arabako Eltziegokoak adibidez. Dantza alaiak dira, oholtza gainean gozatzen diren horietakoak.
Zer behar du bikote batek sueltoan ondo aritzeko?
Nire ustez, bikote batean konplizitatea da beharrezko elementua. Bikoteak harreman ona izatea ezinbestekoa da elkar ondo ulertzeko, eta horrela bada, dantzaz gehiago gozatzen da gainera. Nik Xabirekin daukadan harremana oso ona da, eta pentsatzen dut hori nabaritzen dela oholtza gainean. Baina noski, konplizitatea edukitzea ez da dena. Gero ordu asko sartu behar dira bikotea osatu ahal izateko.
Zer duzu nahiago, txapelketa ala plazako emanaldia?
Dudarik gabe, plazako emanaldia. Txapelketetako esperientziak oso politak dira, baina nerbioak jota egoten naiz horrelakoetan. Plazako emanaldietan ere oso urduri jartzen den horietakoa naiz, baina urduritasuna ez da berdina, eta gozatzeko aukera handiagoa izaten da plazan. Halere, Xabirekin hasi nintzenean beste era batera planteatu nituen txapelketak, eta orain gehiago gozatzen dut horietan ere, baina ez plazan bezain beste.
Udaberrin bizitako anekdota bat kontatuz itxiko dugu elkarrizketa, seguru baduzula bakarren bat…
Bada, oraintxe ez zaizkit asko bururatzen, baina gogoan dut taldearekin entseatzen hasi berritan, entsegu baterako galtzak etxean ahaztu nituela… Juanek (Urretavizcaya), hain justu, bi galtza pare zituen, eta hark utzi zizkidan. Oso handiak neuzkan, eta gainera oraindik ez nituen taldekideak ia ezagutzen; sekulako lotsa pasa nuen entsegu hartan. Geroztik ez zaizkit berriz galtzak ahaztu, eta eskerrak! [Barreak]