Noiz eta nola hasi zinen Udaberrin?
Udaberrin zazpi bat urterekin hasi nintzela uste dut, Aritz Iglesias maisu nuelarik. Gaur egun Udaberrin dabilen jende askorekin egon nintzen talde hartan: Jon Vallejo, Josu Lizarralde, Eneko Hartsuaga, Xanti Nazabal, Miren Nazabal, Miren Izagirre, Irati Estarbe… Aritzen ikastaroak utzi, eta Joxerekin ere aritutakoa naiz dantzan. Bost bat urtez ibili ondoren, uztea erabaki nuen. Egia esan, ez zen izan bizitza honetan hartu dudan erabakirik onena, baina tira, geroago izan nuen berriz Udaberrira itzultzeko aukera. 2014an izan zen hori. Eneko eta Xantirekin Irurako festetarako ensaiotxo bat egiten ari nintzela, Enekok bere esaldi mitikoa bota zidan: “Hi, hemendik hamabost egunera libre al haiz?” Nik ezezkorik ezin esan eta, han joan nintzen, hamabost egunera, Debara, Larrain Dantza jotzera.
Gauza jakina da gure taldean musikari “polibalienteak” nahi izaten ditugula eta zuk perfila betetzen duzu: dultzaina, txistua, panderoa…
Hasiera batean, dultzainero moduan sartu nintzen Udaberrin, lehen aipatu bezala. Baina txistua ikasten ere hasia nengoenez, azkenean, txistulari izatera ere heldu naiz, Josu Lizarralde eta Iñigo Azkueren laguntzaz. Panderoarena emanaldi bateko kontua besterik ez zen izan, eta hura ere larri-larri amaitu nuen ez baitakit oso ondo jotzen…
Nik dakidan batek dio munduan hiru arraza daudela: zuriak, beltzak eta musikariak. Zer esango zeniguke Udaberriko musikariez?
Udaberriko musikariez esan dezakedan gauza bakarra zera da, Udaberrin musiko bakarra dagoela une honetan: Eneko Hartsuaga jauna. Gainontzekoak saboteadoreak gara, beno edo hori dio berak, behinik behin. Horrez gain, esan dezakedana da, guztion artean harreman on eta alaia dela nagusi eta arraza perfektu bat osatzen dugula bakoitzak ganbara aldean dituen “korto zirkuitoak” tarteko.
Zerk harritu zintuen gehien taldean sartu zinenean?
Taldean dagoen giro onak eta dantzari gazteen kopuruak harritu ninduten gehien. Bi faktore horiek oso garrantzitsuak direla uste dut horrelako talde batek aurrera jarraitzeko, eta beraz, asko poztu nintzen hura ikustean.
Udaberrik betidanik izan omen du “matrimonio agentzia” fama… Horrela al da?
Pasapalabra?? Ez?? Jajajaja Batzuek baietz eta besteek ezetz diote, hori galdera jasotzen duenaren arabera. Baina ez dakit zer gehiago esan, gazteegia bainaiz gauza horiez aritzeko, bueno edo ez, nork daki…
Taldekide bakoitzak ardura jakin bat du eta zu ez zara libratu, noski. Zer moduz moldatzen zara? Ardura handia al da?
Orain artean ondo moldatzen naizela esan daiteke, baina esan behar dut ez naizela bakarrik aritzen eta laguntzaile fin eta onak ditudala, denon artean lanak erraz egiten ditugu.
Ardurari dagokionez, bai eta ez. Ez da ardura izugarria, egin beharrekoak gauza txikiak izaten direlako normalean, baina eginkizun horiek egiten ez badira, ordea, azkar nabaritzen da egunerokoan.
Noizbait burutik pasa al zaizu berriz ere dantzan hastea?
Ba egia esan bai, behin baino gehiagotan pentsatu izan dut berriro ere dantzan hastea, baina beti izaten dut atzera botatzeko aitzakiaren bat. Urte batean joan nintzen Bordon dantzako ensaioetako batera, baina hurrengoetara joaterik izan ez, eta bertan behera geratu zen nire dantzarako grina. Bueno horregatik, eta lehen ensaioaren ondorengo egunetan izan nituen agujetengatik…
Bukatzeko, ezinbesteko galdera. Dagoeneko hamaika anekdota bizi izango zenituen Udaberrin, aukeratu bat eta kontaiguzu!
Bai egia da Udaberrin sartuz geroztik anekdota mordoa bizi izan dudala, baina bat aukeratzekotan ia Italiara joan gabe gelditu nintzenekoa kontatuko nuke. Garai hartan ez nintzen ostiraletako bileretara azaltzen eta askotan WhatsApp taldeko mezuak ere ez nituen irakurtzen (gehienetan ehundik gora izaten zirelako). Arrazoi horiek medio, bidaiari ekiteko jarri zuten ordua ez nuen jakin izan eta bidaia hasi behar genuen egunean bertan Irati Hartsuagak nire mezu bati emandako erantzun ironikoaren ondorioz, bi ordu beranduago azaltzekotan egon nintzen autobusera. Hala ere, garaiz abisatu ninduten eta gutxigatik, baina autobusa hartzera iritsi nintzen.