Nork eta nola engainatu zintuen taldean sartzeko?
Eneko Hartsuagak WhatsApp bat bidali zidan: “Hi udaran libre al hao?”. Nik momentuan nahastu egin zela pentsatu nuen, izan ere, ordura arte ez nuen ia inoiz berarekin hitz egin. Gero baietz esan nion, eta berak dena azaldu zidan, fanfarre bat osatu nahi zutela bidaia baterako, tronpeta bat behar zutela… Beraz, esan daiteke Enekok fanfarrearen indarberritze prozesuan egindako fitxaketa horietako bat naizela.
Hungaria izan zenuen taldean sartzeko aitzakia, zein oroitzapen dituzu bidaia hartaz?
Bidaia hartaz oroitzapen onak besterik ez zaizkit etortzen burura. Esan beharra daukat, bidaia baino lehen sortu zitzaizkidan zalantzak azkar batean joan zitzaizkidala, izan ere, segituan sentitu nintzen taldeko partaide. Ez nuen taldeko jende asko ezagutzen, baina pixkanaka hitz egin nuen denekin, eta berehala sentitu nuen taldekide bat gehiago nintzela.
Txikitatik taldea ezagutu ez duen asko harritu izan ditu kudeaketa osoa ere gure gain hartzen dugula jakiteak. Zer iruditu zitzaizun dantzarekin batera bestelako ardurak hartu beharra?
Hungariako bidaiatik bueltatzean taldean sartu eta ardura bat hartzeko gonbidapena luzatu zidaten eta inolako zalantzarik gabe baiezkoa eman nuen. Taldeko ardura ezberdinak guztion artean banatzea ideia ona iruditzen zait, izan ere, nahi adina lan dago egiteko eta horiek denen artean banatuta askozaz ere probetxu handiagoa atera daitekeela pentsatzen dut. Hortaz, talde handia garenez eta egiteko asko daudenez, antolamendu gisa ona iruditzen zait eginbeharrak eta ardurak denen artean banatzea.
Erraza al da ardura guzti hauek ongi kudeatzea?
Kargu desberdinak izan ditut eta horrela talde guztiek era desberdinean funtzionatzen dutela ikusi dut. Zaila edo erraza den baino gehiago, taldea eramaten jakin beharra dagoela iruditzen zait.
Zutaz gain, adin bereko beste bost taldekide ere bazaudete Udaberrin, eta gainera, guztiak mutilak. 1996a, beraz, urte oparoa dela esan daiteke.
Bai, bai, 96ko urtea zentzu horretan oparoa dela esan genezake. Oker ez banago gaur egun taldekide gehien dituen bigarren urtea da eta zuk esan bezala denak “udapitoak” gara jajajaja.
Nahiz eta aurretik euskal dantzarekin loturarik ez izan, esan daiteke ederki asko egokitu zarela taldera. Erraza izan al da prozesu hori? Zergatik?
Esan bezala, taldearekin izan nuen lehen kontaktua, Hungariako bidaia, izugarria izan zen. Sartzea ez da batere zaila izan, lagun koadrila sendo bat osatzen baitugu denen artean, bakoitzak buruan duen bere harriarekin. Egia jakin nahi baduzue, afariek eta parrandek ere ederki asko lagundu didate taldera egokitzen jjajaja.
Afari eta parrandak aipatu dituzu… Egia al da taldean edozein aitzakia baliatzen dela parranda on bat botatzeko? Gainera, txoritxo batek esan digunez, etxera azkar erretiratzen ez denetako bat omen zara…
Nik uste dut kanpotik ikusten dena hori dela, beti parrandan edota afariak egiten gabiltzala baina, ezkutuan egiten dugun lana ez dela baloratzen iruditzen zait. Bestalde, esan genezake denek erabiltzen dugula edozein aitzakia afari edo parranda on bat botatzeko eta, niri behintzat, hori ez zait txarra iruditzen. Nik gurasoei beti esaten diedan bezala, tabernak itxitakoan erretiratzen naiz, goizen goiz, beraz nondik begiratzen ari zaren, goiz erretiratzen naizela ere esan daiteke jajjajaj.
Zuk ere izango duzu kontatzeko anekdotarik…
Milaka eta milaka anekdota bizi izan ditut taldean, denak desberdinak eta bakoitza bere istorioarekin. Baina bat kontatzekotan fanfarrearekin dantzarien entseguetara lehen aldiz joan ginenekoa kontatuko dut. JLVk fanfarrearen txanda iritsi zela erabaki zuenean, jotzen hasi eta segituan, tronpetarekin urrutirago joateko agindu zidan. Antza denez “traste” hori gehiegi entzuten zen. Iaia ping-pong-ekoekin jarri ninduen entseatzen gainontzeko musikariak beste puntan zeuden bitartean jajajaja. Pixkanaka besteengana gerturatzen hasi nintzen eta gaur egun gainontzekoekin batera jotzen dut jajaja.
Amaitzeko, 60. urteurrena bizitzea tokatu zaizu, nola sentitzen da Iñaki talde honetako partaide izateaz?
Harro, oso harro!! Sekulako poza ematen du taldea ondo dagoela eta hemendik aurrerakoak ere itxura bera duela ikusteak. Bere garaian momentu txarrak igaro bazituen ere, gaur egun duen indarra izugarria da, horrek gauzak ondo egin direla adierazten du. Ikusi besterik ez dago astero-astero ikastaroetan aritzen diren haur, gazte eta helduen kopurua. Inpresio pixka bat ere ematen du 60 urte betetzeak, izan ere, ez da broma horrelako talde bat, horrenbeste urte eta gero, gaur egun bezain indartsu, gogotsu eta sendo mantentzea.