Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Iñigo Azkue

Kaixo, ni Iñigo Azkue naiz, tolosarra eta Udaberriko txistularia. Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin ditudanez, traste zein gailu txikiekin saltseatzea asko gustatzen zait. Lagun giro zalea ere banaiz, eta ahal dudan plan ero guztietara apuntatzen naiz.

Noiz hasi zinen Udaberrin? Zein izan zen arrazoia?

2011ko udan, San Joan eguneko Udaberriren emanaldia ikusi nuenean, taldean sartu nahi nuela pentsatu nuen. Lehenago ere banituen hiru lagun Udaberrin musika egiten (Josu Lizarralde, Eneko Hartsuaga eta Jon Vallejo) eta haietako bati galdetu nion, baimen eske edo. Baiezko borobila jaso nuen, eta hementxe nago.

Nolakoa izan zen hasiera?

Hasiera arraroa izan zen. Ez nuen musikarien artean lagunak egiteko ahaleginik egin behar izan, lehen ere baginelako. Horrek lagundu egin zidan hasieran, babes moduko bat ematen zidatelako. Noski, dantzariekin ez nuen ia harremanik izan denbora luzez. Beraz, lehen uda hura eta azarora arte gutxi gorabehera, ni Azkue “the txistulary” nintzen, eta lixto. Hala ere, gero azkar hartu genuen konfiantza eta berehala sentitu nintzen taldekide.

Zer nolako harremanak dituzu dantza taldeko beste partaideekin?

Orain harreman oso ona dut taldekideekin. Horretan asko lagundu dute bidaiek, Hungariakoak, esate baterako. Baita emanaldietako urduritasunek eta auzolanean pasatako orduek eta egunek ere. Ni taldekide sentitzen naiz eta horrek asko esan nahi du.

Nola ikusten dituzu taldeko musikariak?

Musikariak arraza berezi samarra omen gara. Agian bai, baina, maitagarriak ere bai, jajaja. Fanfarrea osatzeak musikari gehiago izatea ekarri du. Asko gara eta dena koordinatzen ez da erraza, baina, denon artean saiatuta ari gara gauza aurrera ateratzen. Musikari talde aparta daukagu, denok nahi dugulako ongi pasa musika egiten. Kalera irteten garen bakoitzean jartzen dugun giroa ikusi besterik ez dago, jajaja.

Egia al da “bronka” asko jasotzen dituzuela dantzarien aldetik, dantzen erritmoekin nahasten zaretelako?

Beno, bronkak izaten dira, bai. Hau beti esaten dut. Musika eskolatik etorri garen ikasleok partiturak irakurtzen dakigu, beren neurri zehatz eta tonu landuetan. Dantzariekin txistua jotzea ez da berdina, noski. Momentu batzuetan polikiago jo beharra dago eta azkarrago besteetan, dantzariak berak mugimenduak ongi josi ditzan. Urteak daramatzat Udaberrin eta oraindik ere garrasi batzuk entzuten ditut, erritmoa behar den bezala eramaten asmatzen ez dudalako. Baina, beno, saiatzen naiz, jajaja.

Konta iezaguzu urte hauetan zehar Udaberrin gertatu zaizun bitxikeriaren bat.

Hor doa:

Musikariok, eta batez ere Udaberrikook pitzadura txiki bat omen dugu. Nik ez dut uste, jajaja. Aurtengo udan, esaterako, Sara herrira joan ginen txistu eta guzti, herri hura alaitu behar genuela sinetsita. Arratsaldeko laurak eta bero latza. Beldur piska bat bagenuen, jendearen erreakzioa nolakoa izango zen ez genekielako. Bada, hasi ginen lotsa puntu horrekin (nahikoa txikia, egia esan behar bada) joka, eta inork ez zigun kasurik egiten. Holandes batzuk argazkiak ateratzen, “typicalbasque” izenburupean albumen batean jartzeko noski, beste batzuk begira harridura aurpegiaz… Plazaren erdian gelditu ginen orduan. Zortziko bat jo genuen, eta bertako ikastolako irakasle euskaldun bat etorri zitzaigun, eskerrak emanez, eta zerbait hartu nahi ote genuen galdezka. Nahikoa izan zen hura guk hantxe aukera ikusteko. Udaberriko Txistularien Tourra izenekoa egin behar genuela pentsatu genuen. Orduan hasi eta hainbat herritan izan gara udan zehar, esaterako Iruñean eta Lodosan. Ederki pasatzen dugu guk elkarrekin,jajajaja. Ez al gara maitagarriak?

Zer da Udaberri zuretzat?

Udaberri gure herriko kulturari erroetatik eusten ahalegintzen den taldea iruditzen zait. Euskal kulturaren zati bat da dantza, eta hori plazaratzen ahalegintzen gara. Azkenean, talde eta herri guztiak bezala, kideek egiten dute Udaberri, eta antzaldatzen ari da eten gabe. Hala ere, garrantzitsuena da muinari sendo eusten ari garela. Dantza eta musika gustuko ditugu eta horrekin gure ondarea ezagutaraztea dugu helburu. Hori garela iruditzen zait.

Noizbait txistua alde batera utzi eta dantzan hasteko intentziorik ba al duzu? Esan digutenez larrain dantza ederki menderatzen duzu… 

Jajajaja, Larrain Dantza munduan egon litekeen dantzarik zailena da (ez omen da, baina, niri ekuazio diferentzialen parekoa iruditu zitzaidan). Behin saiatu naiz eta baten bat oraindik barrez lehertzen ari da egin nuenarekin gogoratuta. Oso erraza zela eta ea dantzatuko nuen, eta ni animatu. Hasi ziren dultzainak eta danborrak jo eta su, eta nik ezin besoak eta hankak uztartu. Neronek ere barre egiten nion neure buruari, eta noski, horrela ezin pauso bakar bat ere ongi egin. Bukatu zen azkenean, eta konturatu naiz dantzan ikasi behar dudala erremediorik gabe, guztiz baldarra naiz eta, jajaja. Beraz, ez, txistua ez dut utziko, bestela nireak egin duelako, baina, erakusten ausartzen bazarete, agian fandango eta arin-arinen bat edo ikasiko ditut.