Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Iñigo Irurzun

Kaixo! Iñigo Irurzun naiz, 1995ean jaiotako gazte tolosarra. Saltseroa naiz ni, perrexila bezala, mila saltsetan sartuta dagoena!!

Noiz sartu zinen Udaberrin? Nolakoa izan zen hasiera

Hungariara egindako bidaiaren ondoren, taldean sartzeko aukera luzatu zidaten. Bidaia baino lehenago sortu zitzaizkidan zalantzak segituan joan zitzaizkidan Europa aldean pasa genituen 13 egunekin. Beraz, inolako zalantzarik gabe onartu nuen Udaberrin jarraitzeko gonbidapena. Hasiera bikaina izan zen, segituan sentitu nintzen taldeko partaide. Handik gaur arte ez da ia ezer aldatu, taldeko giroa ikaragarria da!

img_3256

Zer da Udaberri zuretzat?

Udaberri? Udararekin batera urteko urtaro politena! Jajaja Jende askok esaten du hau “sekta” moduko bat dela, talderako bakarrik bizi garela… Egia da Udaberriri asteko zenbait ordu eskaini behar zaizkiola, nire kasuan, beste hainbat talderi eskaintzen dizkiodan bezala. Gainera, lanerako baino gehiago, beste mila kontutarako biltzen gara, parrandarako, mendira joateko, kafetxo bat hartzeko, pelikularen bat ikusteko… Dantza taldea lagun taldetzat dutenak sektarioak badira, talde honetaz harro dagoen sektarioa naiz ni!! Jajajajja.

Kaxarranka gustuko duzula esan digute, zergatik?

Udaberrin sartu eta lehenengo entseguan kaxarranka ezagutzeko aukera izan nuen. Musika ederra, dantza ikusgarria… Kontatu ez zidatena zera izan zen, kutxa handi hori eutsi behar zutenetako bat ni nintzela… jajajajaj. Hasieran muturtuta aritu nintzen arren, amaierarako gustua hartu diodala aitortu beharra daukat! Altuera desberdinak ditugula eta, azpian jartzen garenak urduri xamar ibili ohi gara emanaldietan, kaxarranka zuzen jartzen saiatuz. Dantza oso ikusgarria da, baina azpikoek kaxa honen inguruan egin ditugun bromak ez dira atzean geratzen jajajaja.

img_3259

Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?

Agian luzaideko doinuak aukeratuko nituzke. Doinu alaiak eta biziak dira eta fanfarrerako moldaketa bikainak ditu. Donibane fandangoa ere gustatzen zait, niretzat, fanfarrearekin jotzen dugun kanta politenetako bat da.

Kontatu Udaberrirekin izan duzun anekdotaren bat

Mila anekdota bizi izan ditut Udaberrin. Asko beste taldekideek azaldu dituzte atal honetan. Ni, Hungariako bigarren edo hirugarren emanaldiko anekdotarekin gelditzen naiz. Emanaldirako prestatu, eta soinu froga egitera abiatu ginen musikariak. Oholtzarik gabeko leku ireki batean egin behar genuen emanaldia eta 9 musikoentzat 3 mikrofono besterik ez zeuden. Ez dakit zer izan zan, nekea, hego haizea… mikrofonoa hartu eta tontakeriak esateari ekin genion. Soinu proba beharrean barre eta algaraz jositako momentu bat igaro genuen. Barrez, malkoak begietan… mundiala! (emanaldia hasi baino lehen gerturatu ziren guztiek ez zuten ezer ere ulertzen… jajaj)

Musikarien sailekoa izanik nola ikusten duzu taldea musikalki?

Milaka dantza bezala, milaka partitura, doinu eta moldaketa daude. Artxiboa ireki eta pixkanaka hautsa kendu diegu partiturei. Hasieran, normala den bezala, dantzariek egiten dituzten dantzak soilik ikasten genituen. Gerora, errepertorio berria ikasteari ekingo genion, kalera irteten garenetan musikariek doinu anitzak ezagutzen ditugula eta jotzeko prest gaudela erakusteko asmotan. Eta horretan jarraitzen dugu.

img_3261

Dantzan ere hasi zarela esan digute, nola ikusten duzu zure burua dantzari gisa?

Beti izan dut arantza hori sartuta. Herriko festetan erromeria. Ni dantza eremua baino 4 lerro atzerago begira. Ikaragarrizko inbidia ematen zidan. Udaberrin sartu eta are eta inbidia handiagoa (lau bost izaten ginen dantza egin beharrean begira geratzen garenak, jajaj). Beraz, helduen ikastaroetan izena ematea erabaki nuen. Pixkanaka hasi nintzen oinak behar bezala mugitzen jajajajajaj. Ikastaroa lotsak alde batera uzteko leku egokia dela uste dut. Beraz, euskal dantzak ikasteko gogoa duen edonor gonbidatzen dut, ni bezala, plazetako laugarren lerroa utzi eta fandangoa ikasteko erronka onartzera.