Noiz sartu zinen Udaberrin? Nolakoa izan zen hasiera?
Nik nire kasuan, ez dut izan Udaberrirako betidaniko loturarik, beste taldekide askok gurasoei esker izan duten bezala. Baina oroitzen naiz, nire arreba Irati Artutxa txikitatik ibili denez taldean, askotan inguratzen nintzela Igarondo igerileku zaharrean zeuden squash kantxetara, bertan aritzen baitziren entseguetan orduko dantzariak, eta beraz, esan dezaket Udaberriren zale sutsua izan naizela txikitatik….jajajaja. 2013ko kurtso amaieran, nire arrebak esan zidan fanfarre moduko bat osatzeko ideia zegoela eta, beraiekin bidaian joan behar nuela. Nora eta Hungariara! Zer eta gustukoen dudan instrumentua jotzera! Ez nuen dudarik egin (nire amak agian bai). Bertan, Lapurdiko dantzak dantzatzeko asmoa zuten dantzariek eta ohiko txistulari banda tradizionalaren ordez, doinu horiek fanfarrearekin jotzeko ideia zuten. Pare bat hilabetetan entsegu ugari egin genituen eta horrela hasi nintzen Udaberrin musikari moduan. Hasiera ederra izan zen. Segituan taldeko parte sentitzeko ikaragarrizko erraztasuna sentitu nuen. Beso zabalik hartzen zaituzten kidez osatutako talde gutxi baitaude munduan, eta ohore bat da niretzat horrelako talde baten partaide izatea, eta hori dela eta, nire arrebari eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, beragatik izan ez balitz, ez nintzelako orain nagoen lekuan egongo.
Zer da Udaberri zuretzat?
Hitz gutxitan erantzuteko galdera zailegia da. Lehen esan dudan moduan, eskuzabalak diren eta edozeri aurre egiteko jaio diren pertsonaz osatutako taldea da hau. Elkarlanean aritzen dena. Etenik gabe, euskal kultura eta historia, dantzaren eta musikaren bitartez aztertu, azaleratu eta hedatzen ari den taldea da Udaberri, dantza emanaldiak ikustea gozamen hutsa da begientzat. Baina, emanaldiez gain, bilerak, entsegu aurreko nahiz ondorengo hizketaldiak, poteoak, egunpasak, afariak, bidaiak, errege bezperako lagun ezkutua, erromeriak… ez nuke ukatuko ohiko dantza talde bat ez ezik, lagunen artean bizitzeko modu bat ere badela. Gainera, hau ez da ofizioa inorentzat. Lagun kuadrila gazte baten afiziorako osatutako taldea da. Irabazi ekonomikoen gainetik, ondo pasatzea, gozatzea eta gozaraztea helburu duen eta helburu horiek betetzen dituen taldea da. Kantuak dioen bezala, karratua den guztia, borobil perfektua bihurtzen dugu atzetik egindako lanari esker. Hau guztia laburtzeko, nire taldekide Irati Estarbek egindako adierazpenak jarriko ditut aipu moduan, niri behintzat ederrak iruditzen zaizkit deskribapen labur bat egiteko: “Loratutako belaunaldi baten fruitua da”.
Fanfarreko arduradun izandakoa zara. Nola ikusten duzu musika sailaren etorkizuna?
Hasi eta berehala, ardura bat hartu nuen, taldearen dinamikan sartu ahal izateko. Horrela, nire lehen denboraldian, fanfarre eraberrituko arduradun izan nintzen. Egia da lehen urtea zela, eta agian taldekideek esperantza handiak jarri zituztela musikariongan, baina ez dut uste nire papera ondo bete nuenik. Errepertorio jakin bat izatea eta dantzarien entseguetara joatea ziren helburu nagusiak. Udako lehen bidaiarako Lapurdiko dantzen musikak ikasi genituen, eta bigarrenean Eltziegoko dantzen doinuak ere menperatzen genituen. Aurtengorako ere agian zerbait berria prestatuko dugu. Egiari zor, gero eta musikari gehiago gara, pixkana-pixkana polibalentzia plana ere aurrera doa, eta errepertorioa zabaltzen dihardugu orain. Hori guztia, fanfarrea Iñigo Irurzun bezalako arduradunen esku uzteagatik gertatzen da. Ea noiz hasten den nik errege bezperan oparitutako batuta erabiltzen… jajajajaja.
Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Euskal dantzetako doinuetatik gehien gustatzen zaizkidanak zortzikoak, Eltziegoko dantzetako doinuak (Arbolaren lehen zatia salbu), Larrain-dantza edota Lapurdiko dantzen doinuak dira, baita Zuberoako maskaradakoak ere… egia esan, ez dago gustuko ez dudan doinurik. Badira batzuk, errepikatuegiak direnak, dantzari dantzarenak, Eltziegoko Arbolarena, edota Kaxarrankarena esate baterako, baina inolaz ere ezin da esan gustuko ez ditudanik.
Txoritxo batek esan digunez, behin dantzari gisa ere aritutakoa zara. Zer moduz moldatu zinen?
Bai, Donibane Lohitzunen egin genuen emanaldian lehen aldiz “dantza” egiteko esan zidan J. L. Vallejok. Aste horretako entseguetan, ezpata dantza egin behar zela buruan sartu zitzaion, nahiz eta mutil kopurua eskasa izan. Hiru falta zitzaizkion hutsuneak betetzeko, eta taldekide ohiei eskatu zien laguntza, Juanjo Ruiz eta Andoni Gorostidiri. Azken hutsunea betetzeko hautagaia Aitor Jauregi zen, baina oker ez banago, azterketak tarteko ezin izan zuen emanaldira joan. Ni, berriz, azken entsegura joan nintzen musikariei laguntzeko asmotan, baina azkenean, ezpata heltzen bukatu nuen. Argi geratu zitzaidan zein zen helburu nagusia: posizioa mantentzea. Eta helburua beteta, Donibanetik esperientzia ederra bizita itzuli nintzen. Hala ere, nirea ez da dantza egitea, eta argi daukat kamerarekin jarraitu beharko dudala. Aitortu behar dut, behin dantzan hasita, ezpata bat heltzea baino zerbait gehiago egiteko gogoa sartu zitzaidala. Izan ere, urte hartan hasia nintzen Joxeren “astearteko plaza-dantza klaseetan” ikasle baldar moduan. Eta, esan beharra daukat, oraindik betetzeko dudala Udaberriren emanaldi batean, Aitor Azkolainek esango lukeen moduan, titular izateko ametsa.
Kontaiguzu Udaberrin izan duzun anekdotaren bat.
Dantzari moduan bizitako lehen esperientzia eder horrekin du lotura anekdota honek. Dantza egiten nuen lehen aldia zen, baina gainera, ezpata dantza egin behar nuenez, lehen aldiz jantzi behar nuen zuri-gorriz. Alkandora eta galtzekin ez nuen arazorik izan, baina jantzien arduradunak borlak eman zizkidanean, egun hartara arte izan gabeko zalantza eta kezka guztiak etorri zitzaizkidan. Nola jantzi behar ziren? Nola lotu? Galtzen gainetik edo azpitik? Orduko taldekideei galdetzeak lotsa handia ematen zidan, eta gehiago, arrebari galdetzeak. Baina orduan azaldu zen nire salbatzailea: Andoni Gorostidi. Eskerrak berak jantzita zituela! Une hartan, berari galdetu nion: “Andoni, hau nola kristo jartzen da? Eta goma hau non lotu behar da?” Berari esker dantzari sentitu nintzen egun osorako, eta ez nituen une batez ere borla horiek erantzi. Eskerrik asko Andoni!
Bertsotan ere afizionatua zara, nik gaia emango dizut eta zuk osatu. Gaia: Taldekide berri bat sartu da Udaberrin eta taldearen nondik norakoak azaldu behar dizkiozu zertxobait galduta baitabil.
Hau zer da tranparen bat? Jajajaja…bueno ba lehen esan dudan bezala, bertsozalea ere banaiz, eta ahal dudanean behintzat, bertsolaria ere bai. Hala ere, gaia zertxobait aldatu nahiko nuke, taldeak nola funtzionatzen duen lehen ere askotan aipatu dugulako eta beraz, taldekide baten hastapenen historia hitz gutxitan azaltzen saiatuko naiz. Zuretzako “DeJes”!
Ibarrako gazte festak
ta klaseko afaria
Aitor ondon eserita
baita Xabi dantzaria
udarako bidai hartan
helmuga zen Hungaria
eta mutil baten falta
orduan hizketaldia.
Alkolaren eraginez
Azkok baiezko garbia
dantzak ikasteko aldiz
denbora tarte urria
zer diren gauzak lehen zen
aulkiko jokalaria
egun “titular” omen da
ta laster “kapi” handia.
Doinua: Partiada tristea Ternuarat (Karidadeko Benta)