Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Irati Aramendia

Kaixo!! Ni Irati Aramendia naiz, 2003n jaiotako Tolosarra. Trikitixa ere jotzen dut baina gehien gustatzen zaidana ordu luzez hitz egitea da, askotan gehiegi luzatzen naiz… Arkitektura ikasketak egiten ari naiz Bartzelonan; beraz, zoritxarrez Tolosan gutxi izaten naizen arren, etortzen naizen eran ahalik eta dantza gehien egiten saiatzen naiz.

Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?

4 urte nituela hasi nintzen Udaberrin, Irati Artutxa irakasle nuela. Amak esan ohi didanez, dantzari txiki egun bat zen Tolosan, eta astebururo bezala, eguerdiko bueltaxka ematen genbiltzan. Dantzariak ikusi nituen kaletik musikaren erritmora dantzan, eta nik, bertan egon nahi nuela esan nion amari. Hala, hurrengo ikasturtean Udaberriko ikastaroetan hasi nintzen lagun batekin batera. Gerora lagun gehiago bildu gara, talde polit bat osatuz.

Helduen taldera iritsi bitarteko prozesua nola bizi izan zenuen? Horrelakoa izango zela uste al zenuen?

Bueno, hasiera ez zen oso erraza izan, ikastaroetako dantza eta exijentzia maila, ez zelako Vallejorekin entseiatzen hasi ginenean aurkitu genuen panorama bera. Beharbada horregatik egin zitzaidan niri hasierako etapa hori nahiko gogorra. Baina denbora pasa ahala ohitzen joan nintzen, gero eta gusturago joaten nintzen entseiatzera eta helburu nagusia taldean sartzea zenez esfortzua egiten jarraitu nuen hori lortzeko. Dantza asko ikasi ditut denbora laburrean, taldean ere sartu naiz dagoeneko, beraz, esfortzuak erabat merezi izan duela esan dezaket.

Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta nola orain, barrutik?

Lehen, ikastaroez gain, emanaldiak bakarrik ikusten nituen, sekulakoak ziren.  Izugarrizko maila zegoela bistan zen. Baina orain, emanaldiak ondo ateratzeko egin behar diren entsegu guztiez gain, taldea aurrera ateratzeko dagoen lana izugarrizkoa dela ere ikusi dut. Kanpotik ikusten dutenek ez bait daukate talde barruan dauden arduren berri, nik ere ez nuen haien berri lehen batzar orokorrera joan nintzen arte. Orain aldiz, jantzien sailean egonik, lana izugarrizkoa dela konturatu naiz. Askok pentsatzen dute Udaberri festa besterik ez dela, baina ez dira konturatzen horren atzean dagoen lanaz. Egia da denbora asko pasatzen dugula elkarrekin, hara eta hona ibiltzen garela beti, baina Udaberri dantza taldea izateaz gain, bizitzako ikastaro bat dela esan daiteke.

Zein dantza duzu gustukoen? Eta zein plaza?

Dantzatzeko gustukoenetakoa izateaz gain, ikusteko  gehien gustatzen zaidan dantza fandango eta arin-arina da, dudarik gabe. Baina Larrain dantza eta Eltziegoko dantzak ere asko gustatzen zaizkit, alaitasun puntu bat transmititzen bait didate. Eta plaza gustukoena… Plaza Berria dut.  Oroitzapen asko ekartzen dizkidate dantzari txikiek, nahiz eta azkena Zerkausian dantzatu dudan.

Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?

Gehien gustatzen zaidan doinua fandango eta arin-arina da, bai dantzatzeko eta baita trikitixarekin jotzeko ere.

Kontaiguzu urteotan gertatu zaizun anekdota bitxietako bat

Aurten bidaiara joan ez naizela kontuan izanik, nire udarako bidaia Lodosakoa izan dela esan daiteke, izan ere asteburu hartan jendearekin gehiago elkartzeko aukera izan nuen. Anekdota konkretu bat kotatzen ez nuke jakingo, baina urte honetan egin ditudan emanaldietan oso ongi pasatu dut. Uztaritzekoa esate baterako beti gogoratuko dut, lehena izan baitzen. Aurreko mantala ahaztu zitzaidala konturatu nintzen eta ez nekien zer egin. Zortez, taldekide batek berea utzi zidan, beraz, arazoa berehala konpondu zen. Nik, hala eta guztiz ere sustoarekin jarraitu nuen ia emanaldia bukatu zen arte jajaja

Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

60 urte bete berri dituen eta behetik jende asko datorkion taldea da Udaberri. Taldeak handitzen jarraituko duela pentsatzen dut, baita giro on eta jende jatorrez osatua egongo dela ere.