Zer da zuretzat Udaberri?
Galdera potoloa da hitzez adierazteko. Beste hainbat arlotan bezala, ez dago Udaberriren nortasuna islatzen duen definizio bakar bat. Gure kultura eta tradizioa zabaltzea helburu duen lagun talde handi bat gara. Ostiraletako bilerak, entsegu osteko elkarrizketak, bidaiak, emanaldiak… dantza talde arrunt bat ezezik, bizitzeko era bat ere bada Udaberri. Hitzak dioen bezala, loratutako belaunaldi baten fruitua da.
Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin dantzan? Nolakoa izan zen sarrera?
Gogora etortzen zaizkit Igarondo kiroldegi zaharreko algarak eta emozioak. Larunbat goizero, alpargatak eskuetan hartu eta squash-eko frontoian igarotako orduak. Txikitatik izan dut dantzarako pasioa, bost urte nituela eman nuen izena Udaberri dantza taldean, beste hainbat lagunekin batera. Harrezkero aritu naiz nire oinekin pausoak marrazten; orain, nire bizitzako zati garrantzitsuenetakoa bilakatu den alderdia eraikitzen. Hasiera guztiak bezala, ezin esan dezaket erraza izan zenik. Helduen taldera sartu bezain laster egin genuen Valladoliderako bidaia izan zen gainerako taldekideekin harremanak lotzeko giltza nagusia.
Dantza bat. Doinu bat. Plaza bat. Zergatik?
Dantza guztien artean hainbat eta hainbat gustuko ditudan arren, bat aukeratzekotan, Eltziegoko dantzak aipatuko nituzke. Dantza horiekin, oholtza koloreztatzen dugula esango nuke, janzten ditugun jantzi koloretsuen eta uneoro ezpainetan dugun irribarrearen laguntzarekin! Musika ere ederra du, beraz doinu horiekin geratzen naiz! Plazari dagokionez, Santa Maria plazako emanaldia aukeratuko dut, dudarik gabe urteko emanaldi hunkigarrienetako bat.
Urte hauetan zer eskaini eta zer lapurtu dizu Udaberrik?
Zalantzarik gabe, lapurtu baino gehiago eman egin dit Udaberrik. Milaka istorio, bizipen eta hainbat une ahaztezin eskaini dizkit. Zerbait lapurtzekotan onartu beharra dut, ikasteko ordu batzuk kendu dizkidala, baina betiere, nire senari kasu eginez. Horrez gain, oinarrizko printzipio batzuk ikasi ditut, hala nola, diziplinatua izaten erakutsi dit, beste hainbat arlotan oso baliagarria zaidan gaitasuna. Beraz, esan dezaket zorretan nagoela eskaini didan eta oraindik ere bizitzeko geratzen zaizkidan une guztiengatik.
Esan daiteke belaunaldi ona izan dela zuena. Hori gutxi ez, eta ezizena jartzera ere ausartu ziren taldekide batzuk. “Las Supernenas”.
Inoiz ez nuen pentsatuko txikitan hain gustuko nituen marrazki bizidunetako pertsonaietako bat bihurtuko nintzela! Jajaja… Belaunaldi ona izan zen gurea, dudarik gabe. Miren Nazabal eta Miren Izagirrerekin batera eman nuen helduen taldera sartzeko saltoa! Bost urterekin oinak astintzen batera hasi eta gaur ere, horretan jarraitzen dugu, pausoz pauso, gure bidea eginez. Oraingoz, “Las Supernenas” ezizenaren ispiluan islatuta ikusten dugu gure burua. Edukiko al du oinordekorik?
Kontaiguzu urteotan gertatu zaizun anekdota bitxietako bat.
Taldean makina bat anekdota bizi ditut dagoeneko… Lehengo udan egin genuen Portugaleko bidaiara joko dut. Horrelako bidaietan ezin konta adina bitxikeria ditugu, taldean sortzen den giro bikainean bizitakoak. Bertako emanaldietako batean zen, jantziak soinean jantzi eta dantzatzeko prest geundenean konturatu nintzen, kaskainetak ahaztu zitzaizkidala. Berandu zen ordurako, eta hantxe aritu nintzen nola hala eskuekin soinua atera nahian! Zer pentsatuko zuten ikusleek!
Dantzari izateaz gain, udaberrin hainbat ardura izan dituzu, jantziena besteak beste. Zer iruditzen zaizu horrelako talde batek hainbat sail desberdin izatea bere egituraren barruan?
Udaberri Dantza taldera sartzearekin batera, garbiketaren ardura hartu nuen nire gain Miren Nazabalekin batera. Gero, jantzien sailera egin nuen salto. Sartu berritan nahiko arrotza egin zitzaidan ardura hau hartzea, baina irakasle apartak izan ditut Miren Izagirre eta Amaia Beitia! Pisu handia da emanaldietarako jantziak prestatzea, ezer ezin baitugu ahaztu! Belaunaldiz belaunaldi oinordetzan hartu ditugun jantzi eta ondasunak gertutik sentitzeko, ukitzeko eta ezagutzeko ohorea edukitzen ari naiz.
Udaberriren jarduna hainbat sailetan banatuta egoteak, eta bakoitzak bere arduradunak edukitzeak, taldeari zuzentasuna eta egokitasuna ematen dizkio. Ardura bakoitza talde batzuei esleituz burutzen ditugu gure emanaldiak eta bestelakoak. Hori da eraginkortasunaren gakoa!
Udaberriko ikastaroek sekulako arrakasta izan dute azken urteotan. Zu irakasle izanik, erraza al da datozen belaunaldiei zuek ikasita dituzuen pausuak irakastea?
Asko motibatzen nau ikusteak haurrak ikastolatik ateratzen direla beren motxilan alpargatak hartuta eta dantzarako izugarrizko gogoarekin etortzen direla! Ez dut esango beti lan erraza denik, baina nola edo hala lortzen dute egun ilunenetan ere irribarre bat sortzea!
Dantza taldeari dagokionez, nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
Etorkizun oparoa ikusten diot Udaberriri. Helduen taldea ezezik, haurren ikastaroak indartsu datoz, lan egiteko gogo eta grinarekin. Urtez urte handituz doa familia hau, ikastaroetan gero eta haur gehiagok ematen dute izena, eta beste zenbait, helduen taldean sartzeko atean dauzkagu. Guk ere, gure esperientzia eta ikasitakoa ondorengo belaunaldiei eskaintzeko gogo faltarik ez dugu, epe luzean gure bideak zabalduz jarrai dezan.
Amaitzeko, txoritxo batek esan digu aurrez aipatutako ezizenaz gain, taldekideren batek adarra jotzen dizula gauez Prosegur enpresan lan egiten duzulakoan…
Jajaja… Bai, bai! Nahikoa jotzen didate adarra! Hungariara eta Portugalera egindako bidaietara jo beharko genuke honen iturburua aurkitzera. Lo egin ezinik egondako ordu luzeen ondorioa! Udako langilerik onenaren diploma ere eman dit dagoeneko Irati Hartsuaga taldekideak!
Fisioterapia ikasketak egiten ari zara. Beraz, urte gutxiren buruan, dantzari afizioz, masajista ofizioz, eta gauez Prosegurreko gidari?
Bai, bai, hala da! Betidanik esan dugu Udaberrin masajistaren baten beharra dagoela! Beraz, aukera aproposa da nire Prosegurreko ofizioa alde batera utzi eta taldeko neke eta ahaleginei konponbidea ezartzeko! Horrela kenduko dizkiet taldekideei dantza egiteko hainbat aitzakia! Jajaja… Hortaz, dantzari afizioz, masajista ofizioz eta gauez Prosegurreko gidari! Beteko al da nire ametsa?