Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Irati Hartsuaga

Irati Hatsuaga Jauregi naiz, tolosarra, musikaria (edo saboteadorea, nori galdetzen zaion...), oro har herrian antolatzen diren saltsa guztietako partaidea eta herriko sekta gehienetako kidea.

Bizitza erdia egingo zenuen, honezkero, Udaberrin.

Erdia baino gehiago dagoeneko, nahiz eta horrelakoetan ez den erraza izaten data zehatz bat jartzea. 14-15 urte ingururekin hasi nintzen taldeko gazteena izateko tituluarekin, eta orain zaharrenarena daukat, kontuak atera!

Nolatan hasi zinen musikari moduan?

Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, egoerak eramanda. Nik berez banekarkien Udaberriko musikari izateko perfila (hori ere behar da), une hartan taldean zegoen soinujolea kanpora joatekoa zen, eta orduko txistularia berriz nire lehengusua zen. Batzuk patua deituko diote… Nik uste dut izaera jakin bateko jendea berez biltzen dela horrelako taldeetan, ezinbestean.

 

Dantza talde guztietan musikariak pribilegiatuak zaretela diote zurrumurruek… 

Kasu horretan ere norberaren izaerak eragina du neurri batean, eta taldean sartzeko unean hasieratik planteatzen den konpromiso mailak ere bai. Nik ez dut nire burua inoiz musikotzat izan talde barruan, taldekidetzat baizik, baina neroni horrelakoa naizelako da hori. Inguruan asko ikusi ditut soilik instrumentua jotzera etortzen zirenak, taldearekiko inolako atxikimendurik ez zutenak. Geroztik sartu diren musikari berriei berriz, garbi azaldu izan diet (edo saiatu naiz behintzat) taldean ez direla sartzen musikari izateko bakarrik, eta uste dut gaur egun dantzari eta musikarion arteko aldea ez dela hainbestekoa. Dena den konpromisoan eta atxikimenduan lanean jarraitu beharra dago etengabe.

 

Artutxatarrekin batera, Hartsuagatarrek ere taldean estatu kolpea emateko asmoa al duzue noizbait?

Kar, kar, kar… Azken belaunaldiko saga garela esan liteke bai! Aurreko belaunaldietan ere ohikoak ziren senideak, eta belaunaldiz belaunaldi eutsi dioten familiak ere badauzkagu (oraindik orain taldean dirauten Nazabaldarrak kasu)… Udaberri familia handi bat baita, odoletik hasita taldean sortzen diren harremanetaraino!

Hainbeste urteren ondoren, zerbait eskainiko zizun Udaberrik, ezta?

Ezer eman ez balit pentsa dezakezu ez nengokeela taldean!! Hainbeste eman dit eta hain esparru desberdinetan… Musikalki bakarrik jotzeko konfiantza, kalean jotzeko eskarmentua, inprobisatzeko gaitasuna, zuzentasunari garrantzia kentzeko adorea… Bestalde euskal dantzaren historia eta euskal kulturaren zati bat ezaguzeko aukera eta zortea… Eta taldetik pasa den ororekiko harremanak, hiru belaunaldi desberdinen ikuspegiak, lagunak… Ezin da zenbakitan jarri.

 

Eta, denborarekin batera, beste zerbait lapurtu al dizu taldeak?

Bihotza lapurtu didala esatea hortera samarra izango da ezta? Kar, kar, kar! Ez dut uste ezer gehiago kendu didanik, eta kendu didan denbora ere ez da zenbakitan jartzekoa. Baina eman didan guztia ona denik ere ezin esan. Bueno, edo bere garaian ez zen ona izan behinik behin. Hainbeste urteren ondoren ezin ukatu haserreak eta une txarrak ere egon direnik, baina denborak erakusten du esperientziatik eskarmentua ateratzen, eta ez naiz une horiek bizi izanaz damutzen.

 

Egun jardunean ari dena ezagutu duzun hirugarren belaunaldia da. Zein garapen ikusten duzu?

Horrelako taldeek zikloak bizitzen dituztela uste dut, ez daukate garapen linealik. Une honetan goranzko bidean ikusten dut, edo ia zikloaren gailurrean, oso une zailak pasa eta gero. Lana egitea tokatzen da, baina gozatuz eta emaitzak ikusiz lan egitea. Ez dut esango beste momentuetan baino lan gutxiago egiten denik, baina bai errazagoa dela horrela aritzea. Etorriko dira berriz ere garai ilunagoak, ezinbestean, beraz uneaz gozatzea tokatzen zaigu orain.

Eta, bide horretan, zein etorkizun Udaberriri?

Nioen bezala, etorriko dira garai ilunagoak, baina oraindik urrun ikusten ditut. Ikastaroak oparo datoz, eta taldeko gazteenek zorte handia dute, taldea nola kudeatu behar den ikusteko aukera izan baitute. Garaia iristen zaienean eredu ona izango dute aurretik, eta jakingo dute ikusi eta ikasitakoa gazteagoei erakusten. Belaunaldi aldaketa kudeatzea izango da hurrengo erroka, horretan asmatzen badugu zikloak luze iraungo du goian.

 

Kontu serioak alde batera utzita, amai dezagun umore pixka batekin, anekdotak hamaika izango dituzu eta.

Horrelakoetan hainbeste anekdota bizita, bat aukeratzeko zailtasunak izaten dira… Nik 16 urterekin egin nuen lehen bidaia, eta azkealdian sarri gogoratu naiz uda hartan egin genituen bi bidaiez… Aipatu nezake Santiago de Compostelan musikariek eman genuen kontzertua, deskribapenean aipatu dudan “saboteadore” izena eman ziguna… Coimbran egindako parranda, bi metroko bizkarzain beltza txupito edalontzi baten gainean Godalet dantza egiten jarri genuenekoa… Meridako antzoki erromatarrean azken harmailatik txistuka jarri eta eszenatokian San Joan zortzikoa dantzatu genuenekoa… hori lehen udan bakarrik, geroztik gertatu direnak kontatzeko liburuxka bat beharko genuke!!