Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Irene Plazaola

Kaixo! Irene Plazaola naiz, 2002n jaiotako neska tolosarra. Betidanik ibili naiz dantza munduan murgilduta, baina oso denbora gutxi da euskal dantzan hasi nintzela. Bestetik, pianoa ere jotzen dut eta oso gustuko dut lagunekin egotea eta baita bidaiatzea ere.

Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?

Bada egia esan nahiko kuriosoa da nire hasiera Udaberrin. Ia taldekide gehienak bezala txikitan hasi nintzen dantzan ikastaroetan; baina lau urte besterik ez nituen egin, zortzi urte nituela dantza utzi bainuen. Ordutik aurrera, beti probatu izan ditut dantza mota ezberdinak: zumba, dantza modernoa, etab. Baina badira urte pare bat berriz ere euskal dantza probatzeko gogoa sortu zitzaidala, eta halaxe egin nuen. Konturatu gabe ikastaroetan hasi nintzen eta bi urteren buruan taldean sartu nintzen.

Helduen taldera iritsi bitarteko prozesua nola bizi izan zenuen? Horrelakoa izango
zela uste al zenuen?

Hasiera batean ez nuen inondik inora horrelakorik espero. Ikastaroetan hasi nintzenean, ni nintzen zerotik hasi zen bakarra eta entseguetan “klase partikular” modukoak jasotzen nituen gehien zekiten taldekideen bitartez. Egia esan, asko eskertu behar diet, izan ere beraiei esker eta Xabiri esker ikasi nituen lehen pausu eta dantzak. Baina hurrengo urtean Vallejoren entseguetan hasi ginenean, exijentzia maila eta lan saioak erabat aldatu ziren eta espero nuena baina gogorrago egin zitzaidan hasiera. Nerbioz beteriko hilabeteak izan ziren!!!!

Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta nola orain, barrutik?

Gogoan daukat nire anaiari Udaberriko ikastaroetan hastekoa nintzela esan nioenekoa, “Sekta horretan apuntatzekoa zara ?” esan zidan. Momentu hartan erabat haserretu nintzen berarekin, Udaberri ez zela “sekta” bat, dantza talde bat zela erantzun nion, baina orain kontziente naiz zer esan nahi zidan “sekta” hitzarekin. Dantza talde bat izateaz gain, lagun talde bat eta familia bat da Udaberri. Kosta egiten da hasiera batean hori ikustea, baina behin taldekide zarela zaila da ateratzen diren planei ezezkoa esatea. Familiarekin eta lagunekin baina denbora gehiago pasatzen dut Udaberrikoekin, entseguak, bilerak eta asteburuetako ekintzak direla eta jajajaja.

Zein dantza duzu gustukoen? Eta zein plaza?

Denetan gustukoenak Lapurdiko inauterietako dantzak ditut. Beraien doinu alaiak eta jantzi xelebreek xarma berezia ematen bait diete dantzei. Baita Eltziegoko dantzak ere, painelu gorri bizi horiek eta zinta koloredunek edonor alaitzen dute (nahiz eta dantzariak erraz nekatu hainbeste saltorekin). Eta plazari dagokionez, oraingoz ez dut gustukoenik, baina San Juan bezperan Santa Maria plazan suaren goxotasunean dantzatzea gustatuko litzaidake inoiz, baita San Juan egunean Bordon dantzariz ateratzea ere.

Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?

Esan bezala Lapurdiko eta Eltziegoko doinuak asko gustatzen zaizkit. Dultzainak eta fanfarreak bizitasuna ematen bait diete doinuei, eta hasi bezain pronto pozten bait zaituzte.

Kontaiguzu urteotan gertatu zaizun anekdota bitxietako bat.

Egia esan lotsa pixka bat ere ematen dit kontatzeak, jajaja. Aurtengo bidaian taldekide ohia den Onintzerekin gertatu zitzaidan. Lehen egunean Bernan ginen herriko igerilekuetan eta bragetako kremailera jaitsita neukala ohartu zen Onintze. Orduz geroztik egunero-egunero esaten zidan “Irene kremailera!”, eta beti erortzen nintzen tranpan. Azkenean bera gertu nuen bakoitzean kremailera ondo itxita nuela begiratzen nuen. Gainera Munichen ginela maleta ustetan itxita utzi nuelarik autobusera igo nintzen motxilatik gauzak hartzera eta bueltatzean autobusean sartzen hasi nintzen maleta eta arropa guztia erori zitzaidan!!! ( Eskerrak ia inor ez zela konturatu!!). Eta hori guztia gutxi balitz, azken egunetan Parisen ginela, “Cremaillere” izeneko taberna bat aurkitu genuen eta argazkia ere atera genuen!!

Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Puuuuffff….. Erraz esaten da 60 urte bete dituela jada. Esan digutenez urte txarrak pasa ditu Udaberrik, baina ikastaroetan haur ugari dagoenez etorkizun oparoa ikusten diot taldeari. Eta orain gure txanda izanda, aurrekoek egindakoari eutsi behar diogu, altxor handi bat delako. 60 urte daramatza taldeak bizirik eta beste hainbeste eta gehiago jarraitzea nahiko nuke.