Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Itsaso Barrenetxea

Kaixo! Ni Itsaso Barrenetxea naiz orain urte batzuk erizaintzan diplomatua (taldeko 3. erizaina, jeje) eta azken aldian nahi baino denbora gutxiago eskaintzen diodan arren, Udaberriko dantzaria ere bai.

Taldeko beteranoetako bat zara, zer daukazu esateko azken 10 urteotan taldeak egin duen bideaz?

Bai, hala da, eta okerrena da oraindik ere ez zaidala buruan sartzen “beteranoetako” bat naizenik, jeje. Egia esan, nahiz eta taldeko funtsa mantentzen dugun, dexente aldatu da azken urteotan Udaberri. 50. urteurrenaren ondorengo belaunaldi aldaketa eta gero, nahikoa lan izaten genuen emanaldietarako zortzikote bat osatzen eta orain, 30 inguru gara taldean! Hori gutxi ez eta, gu gara zaharrenak! Pentsa, beraz, nolako indarra duen Udaberrik gaur egun. Poz handia ematen du horrek, etorkizun oparoa ikusten diot taldeari inongo zalantzarik gabe.

 

Urte asko daramatzazun arren, denbora bat ere egin zenuen taldetik kanpo. Zergatik erabaki zenuen itzultzea?

Belauneko arazoak zirela eta, kirola egiteari utzi behar izan nion denbora batez eta baita dantzatzeari ere, eta azkenean, pare bat urtez egon nintzen Udaberrin dantzatu gabe. Eskerrak baina, 50. urteurrena iritsi zela! Festa haren aitzakian, gure belaunaldiko dantzari ohi eta aktiboak elkartu ginen fandango eta arin arina estilo “berrian” dantzatzeko. Oraindik gogoan ditut lokalean eman zizkiguten klase partikularrak… horiek bai lanak! Jajaja. Baina azkenean, moldatzeko adina ikastea lortu genuen! Ondo gogoan dut Plaza Berrian dantzatu genuenekoa, eta baita bazkarian izandako giro aparta ere! Eta ondorengo parranda, noski! Orduantxe piztu zitzaidan berriro dantzan hasteko grina eta festaren ondorengo lehen entsegura agertu nintzen, bi aldiz pentsatu gabe, J.L. Vallejoren esanak betetzeko gogoz!

 

img_0211

 

Elkarrizketa hauetan askok esan digute adin desberdinetako jendearen arteko harremana aberasgarria dela. Zer ikasi duzu zuk zaharragoengandik, eta zer erakutsi dizute gazteek?

Lehenengoengandik asko ikasi dut. Beraiek izan dira gure oinarri txiki-txikitatik, eta dantza mordoa eta taldearen funtzionamendua erakusteaz gain, taldeko “ohitura zaharrak” ere erakutsi dizkigute. Argi hitz eginda, beraiek erakutsi zidaten parrandazale bizitza! Jaja. Askotan diogu Udaberri eta jai giroa batera doazela eta hala da, dudarik gabe! Eta nire ustez, hori da taldeak horrenbeste urte izatearen sekretua, hau da, taldean egon den eta dagoen giro ona. Gazteengandik ere asko ikasi dut, azken finean, freskotasun hori jartzen dute taldean eta pentsatzeko edo gauzak egiteko beste modu bat ere badute, oso aberasgarria dena taldearentzat.

 

Euskal dantza tradizionalaz gain, baduzu beste espezialitate bat, beste taldekide batekin egiten duzun rock&roll dantza hain zuzen. Nondik dator hori?

Jajajajaja. Bai, eta eskerrak frustrazioan geratu den, bestela, ez dakit orain hemen egongo ote nintzen! Jajaja. Kolpe bat edo beste hartu izan dut Juan Urretavizcayarekin batera rock&rolla dantzatzen, eta hori beti pauso bera egiten dugunik… jajaja. Orain urte batzuk, Torrelles de LLobregatera egiten dugun elkartrukeetako batean, festak aitzakia, gauez parrandan atera ginen (harritzekoa bada ere) eta inguruko “konjunto” baten kontzertuan izan ginen. Baita primeran pasa ere! Zuek ulertzeko, hemengo Egan taldearen moduko talde berbenero bat zen, eta Elvisen garaiko musika jotzen zuten. Zer gehiago behar genuen??? Ez didazu sinestuko (edo bai), nolako emozioarekin dantzatu genuen! Bertan konturatu nintzen, beste bizitza batean rock&roll dantzaria izandakoa behar nuela! Gora Torrelleseko berbenak! Jajaja.

 

img_0214

 

Inauterietan Udaberrik ateratzen duen konpartsari gatza eta piperra ematen dionetako bat omen zara. Zer duzu esateko horri buruz?

Betidanik gustatu izan zait antzeztea (edo tontoarena egitea, nondik begiratzen zaion) eta are gehiago mozorrotzea, beraz, horretarako zer hobe Iñauteriak baino?  Nire sekretua? Ahal ditudan konplementu gehien jantzi eta inork ez ezagutzeko moduan kalera irtetea (edo inork ezagutzen ez zaituela iruditzen zaizula ateratzea, jajaja) eta gero, paperean sartu eta aurrera!

Serioxeago jarrita, bi urteurren ospatu dituzu, 50. eta 60. urtemugak. Zein sentsazio sortzen dizkizu horrek? Eta taldean, zer sentitzen da?

Sentzazio asko sortzen dizkidate momentu horiek. Lehen esan bezala, 50. urteurrenean itzuli nintzen Udaberrira eta konturatzerako, 60. urteurrena ere iritsi zen. Horrekin batera, taldean daramadan denbora luzea etortzen zait burura eta bizipen asko ere bai. Baina melankoliari gaina hartzen diote emozioak eta pozak, lehen esan bezala, 60 urte pasata ere, Udaberrik topera jarraitzen baitu eta beste horrenbeste urtetarako indarra du. Beraz, beste ezeren gainetik, harrotasuna sentitzen dut, eta nik uste, talde guztiarekin elkarbanatzen dudan sentsazioa dela.

 

Anekdotak kontatzeko eskatzen dugu normalean, baina pixka bat aldatzearren, ziur baduzula Udaberrin bizitako une bereziren bat bihotzean gordeta. Kontatzerik bai?

Zaila egiten zait une bakar bat aipatzea. Udaberrik asko eman dit eta asko erakutsi dit, baina bat aukeratzearren, San Joan eguneko Bordon dantzan emakumeak lehen aldiz irten ginen unea aipatuko nuke. Eta ez ekainak 24ko eguna bakarrik, baita aurretik egin genuen lan guztia ere. Beti izango dut gogoan, izan ere, asko ikasi nuen eta San Joan egun hori oraindik eta hunkigarriagoa izateko balio izan zuen.

 

img_0217

 

Ez da dena berria izango! Buka dezagun elkarrizketa hau ere anekdota xelebreren batekin!

Anekdota xelebre bat kontatuko dut, eta aspaldikoa, hor doa: orain 8 bat urte (datetarako ez naiz oso ona, jeje) Alacanteko herritxo batera joan ginen emanaldia eskaintzera, Ibira hain zuzen ere. Emanldiaren ondoren afaria izan genuen, eta gero, lehen esan bezala, ohitura zaharrak mantentzeko, parrandatxoa ere egin genuen, herrian antolatu zuten berbena antzeko batera joanda (kasualitatea orain ere berbenak tartean…). Han, pasodoble eta “agarratu” artean ibili ginen, eta emanaldi amaieran entzule guztiak “bravo, bravo” ohiukatzen hasi ziren. Ni, etxean esaten didaten bezala, erdi hezur-beltza naiz (Dominguez dut bigarren abizena, jeje), eta hala, denak isildu zirenean, emozioaren emozioz, “Bravo, Nino!” ohiua atera zitzaidan eta denak parrez lehertu ginen.

Hor aitortu nuen guztien aurrean, Nino Bravoren fan amorratua naizela, jeje.