Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Itzea Urkizu

Orion jaiotako tolosarra naiz eta, euskal dantzarekin batera, nire hizkuntza da dudan "pasioetako" bat. Bide horretatik Euskal Filologia ikastea aukeratuta, Gasteizko ikasle garaiak eta ostegunak bizi izan nituen. Gaur egun Tolosako astelehen, astearte, asteazken, ostegun, ostiral, larunbat eta igandeak gertutik bizitzen ditut, eta baita horietan gertatzen denaren zati handi baten berri eman ere, Tolosaldeko Atariko kazetari lanetan. Kasu honetan egoeraren bestaldean jarri behar izan dut, eta normalean neronek egingo nituzkeen galderak erantzun behar izan ditut.

Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin dantzan? 

Bost urte nituela hasi nintzen ikastaroetan, amak egunkarian irakurritako deialdiaren bitartez. Igarondo igerileku zaharreko squash-en ondoan zenbat ordu pasa ote genituen… Zergatik hasi nintzen? Ez dakit, betidanik izan naiz musika eta kantuzalea, eta amonak beti dantzako pronto naizela esaten zidan. Txikitan jarduera guztietan parte hartu nahi zuten horietakoa nintzen gainera, beraz, ezin Udaberrin izena eman gabe geratu.

img_3272

Denbora luzea da, zer eman dizu tarte horretan eta zer kendu? 

Kendu baino gehiago eman egin dit Udaberrik, eta hala jarraitzen du. Ziuraski, ikastola eta unibertsitate garaiko ikasketa-orduak kendu dizkit Udaberrik eta, egiari zor, nik hala aukeratuta. Dena den, 5 urterekin taldean hasi nintzela kontuan izanda ezin konta nezake taldeak eman didan guztia. Hasteko, euskal dantzen ezagutza eman dit, nozio txikiekin hasiz eta urtez urte sakonduz; dantzekin batera, musika eta jantzien ondarea ere jaso dugu gure aurreko belaunaldien eskutik. Bigarrenik, Udaberrik diziplina eman dit entseguetako seriotasun eta zorroztasunagatik; bizitzako beste hainbat esparrutarako baliagarria zait oso. Eta paradoxa den arren, Udaberriri esker diziplinarekin zerikusi handiegirik ez duten parranda-ordu luzeak ere bizi izan ditut, horiek ere baliagarriak noski.

Talde honek eman didan onena, ordea, bertako jendea da, lagunak. Beste kuadrila bat da niretzat, eta adinez desberdin izateak ez du giro epel hori puskatzen; areago, aberastu egiten du. Beraz, noizbait Udaberriren jarduna utzi beharko banu, aurreko guztiarekin batera, puntu honek emango lidake tristurarik handiena. Dena den, ez dut uste hemendik hamabost urtera taldea utzita baldin badugu harreman hori etenda izango denik. Udaberri nire bizitzaren parte garrantzitsuenetakoa da eta izango da, eta zer esanik ez udaberrikideak. Finean, nire izaeraren zati bat Udaberrik margotu duela esango nuke.

img_3277

Musikarien sailera saltoren bat egin duzu ezta? 

Jajajaja bai… Aipatu bezala musikazalea izan naiz txikitatik, eta piano-partiturei zortzi urte eskaini nizkien arren, panderoarekin oinarrizko zerbait jotzen ere moldatzen naiz; festarako baldin bada, gainera, askoz hobe! Dena den, ez da lan erraza panderoa jotzen aritu eta, aldi berean, fandango horixe dantzatzeko gogoa sentitzearena. Biekin batera saiatu behar agian? Jajaja.

 

Zein da gehien gustatzen zaizun dantza? Eta gehien atsegin duzun plaza?

Unearen arabera dantza batek edo bestek hunkitzen gaitu. Hala ere, sueltoan dantza egitea oso gustuko dut eta baita Zuberoako maskaradako dantzak egitea ere. Hirugarren bat aipatzen uzten badidazue… Larrain dantza dudarik gabe, musika ederra baitu. Dultzainaren bidetik, Otsagiko dantzak ere bereziak dira oso.

Plazari dagokionez erantzuna oso-oso toloxar geratuko zait, baina, San Joan bezperako emanaldia da politena, dudarik gabe; ez bakarrik plazaren ederragatik edo egunaren berezitasunagatik. Itzalitako suaren usaina, gau-giro epela, herritarren irribarreak aurpegian… Benetan berezia da San Joan zortzikoa han goian dantzatzea. Eta horrekin lotuta, aipatu nahiko nuke San Joan egunean lehen aldiz sei emakumek goizeko ibilbidean parte hartu genuenekoa. Sekula ahaztuko ez dugun eguna izan zen, zalantzarik gabe.

 

Ziur baduzula bitxikeriaren bat kontatzeko, hemendik aurrera galdetuko dizkizugunez gain…

Puf… Gezurra badirudi ere asko pentsatu beharko dut erantzuteko. Anekdotak ehunka ditugu, talde guztietan bezala, eta baita bitxikeriak ere: Belgikako malekoi batean dantzan hasi eta bertako polizia guregana etortzea; autobusak Hungarian gurpila hondarretan sartu eta ia-ia obra bateko garabia eskatzera iritsi behar izatea… Dena den, niri pertsonalki gertatutako “bitxikeria” nabarmenena Herrialde Katalanetan izan zen. Bitxikeria baino gehiago zorte txarra izan zen, Torrelles de Llobregat herrian Maskaradako dantzen hasieran txorkatila okertu eta lurrera erori bainintzen bete-betean, 17 urte nituela. Lotsa gailendu zen aurrena, eta sekulako mina bi segundo geroago. Oholtzatik atera nintzen azkenean, eta korrika ospitalera eraman ninduten, Zuberoako jantzi erdia soinean nuela, guraizez moztutako leotardoekin eta kirol kamiseta jantzita. Behin plaka atera, hanka bendarekin bildu eta behar bezala artatu nindutenean, larrialdietako atetik irten eta itxaron-gelan azaldu nintzen zuzenean, itxura harekin eta herrenka, makulurik gabe. Jendeak nondik atera ote nintzen galdetuko zion bere buruari…

img_3278

Esan digutenez ba omen duzu afizioa edozein toki eta unetan ezizenak jartzeko…

Nik? Jajajaj ez dut afizio hori ukatuko, baina taldekide gehiagok ere izengoitiak jartzeko sena badutela esango nuke. Gure emanaldietan umorerik ez da falta izaten eta, batez ere atzerrira joaten garenean, hango leku eta jendearen izenak jakiten ez ditugunez, erreferentziazko izenak besterik ez dira izaten 🙂

 

Animaliekiko loturaren bat ere baduzu, hontzekin hain zuzen. Non du jatorria?

2008. urtean egin zuen, gure belaunaldiak, lehen bidaia luzea. Belgikako folklore jaialdi batean parte hartu genuen, Saint Niklaas hirian, eta bertako familiek eman ziguten ostatu. Horrela, Garazi Artetxe eta biok Hoffman familiarekin joan ginen haien etxera. Ongi etorria egin bezain pronto, Garazi eta biok ikusi genuen etxe hartan hontza besterik ez zegoela: hontzen iruditxoak, hontzak jateko plateretan, hontzak emakumearen koilareetan, hontzak hormetan, hontzak erlojuetan, hontzen inguruko liburuak eta… hontzen uluak! Azkenean Garazik galdetu egin zion hontzen inguruan, etxekoandreari, eta 700dik gora zituela esan zigun! Hontzen ñabarduraz gain, familia berezi samarra zen guri harrera egin ziguna eta, ondorioz, bidaia osoan ez genuen beste konturik izan autobusean: Garazi eta ni iritsi zain egoten ziren besteak, xelebrekeria berriak kontatzeko.

 

Txoko honetan aukera eman nahi dizugu auziaren zure bertsioa kontatzeko. Zer gertatu zen Hungariako aulki joko txapelketan?

Jajaja ez dago bertsioen beharrik. Amaia Beitiaren despedidan ederki pasa genuen Hungarian, Hungariako kaldereroz jantzita. Tartean auki-jokoan ere aritu ginen eta ni finalera iritsi nintzen. Azken itzulian, korri egin beharrik gabe iritsi nintzen aulkira, eta nik lehiakortasun izpirik ere sentitzen ez nuen arren, bigarren finalistak ez ninduen garaile ikusi nahi. Ipurdia aulkian jarri baino segundo bat lehenago, beraz, A.S. finalistak aulkia erretiratu zidan eta lurrera erori nintzen. Kontuak horrela, norberak erabaki dezala aulki jokoa nork irabazi zuen.