Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Izaro Perurena

Kaixo!! Ni Izaro naiz eta Udaberriko helduen taldean orain dela gutxi sartu nintzen. Txikitatik ari naiz dantzan Udaberrin eta oso gustura gainera! Atletismoa ere egiten dut. Eta gauza berriak ezagutzea gustatzen zait.

img_9929Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?

Udaberrin txiki txikitan hasi nintzen, apuntatzeko aukera zegoenetik, hain zuzen. Dantzatzea asko gustatzen zitzaidan eta amak Udaberrik antolatutako ikastaroetan apuntatu ninduen.

 

Nola bizi izan duzu helduen taldera iritsi bitarteko prozesua?

Egia esan, oso gustura aritu naiz hasieratik, gehien gustatzen zitzaidana baitzen. Oso gustura joaten nintzen beti dantzatzera. Txikitatik amestu dut San Joan bezperan suaren ondoren dantzatzearekin. Egia da ikastoaroetatik helduen taldera pasatzea apur bat kosta zitzaigula, baina asko saiatuta lortu genuen.

 

Zein dantza duzu gustukoen? Eta zein plaza? Eta dantza doinuen artean bat aukeratzekotan?

Gehien gustatzen zaizkidanak fandagoa eta arin-arina dira. Dantza mota hau edozein plazatan egiteko aproposa da eta jendea animatuz gero, beti egoten da giro polita.

img_9932

Elkarrizketa hau egiteko unean nahiz eta denbora gutxi daramazun taldean, eta afari edota parrandarik egiteko astirik izan ez duzun, kontatzeko anekdotarik?

Hain denbora gutxian, ez zait ezer bururatzen. Baina anekdota bat kontatzekotan, hauxe kontatuko nuke. Behin, txikia nintzenean, Alegiako dantzari-txikira joan ginen eta dantzatzera atera ginenean txiklearekin atera nitzen… Betirako ikasi dudan zerbait izan da, irakasleak taldekide guztiei piruleta bana erostera derrigortu ninduelako.

 

Dantzaria izateaz gain, korrikalari bikaina zara. Geldirik egon gabe, oinak astintzea gustuko duzu beraz…

Biak egiten disfrutatzen dut. Ez zait batere gustatzen geldirik egotea. Eta dagoen giroak ere dantzan jarraitzera bultzatzen nau.

 

Eta nola da posible bi modalitate hauek uztartzea? Non ibiltzen zara gusturago?

Hasiera batean izugarrizko arazoa izan zen bietara moldatzea, atletismoko entrenamendu egunak dantza ensaioekin batera zirelako eta entrenatu eta korrika joaten nintzen dantzara astelehen eta asteazkenero. Hori bai, beti leher eginda bukatzen nuen. Ezingo nituzkeen biak bereizi, bakoitzak bere grina du, eta Udaberrin dagoen giroak are gustorago sentiarazten zaitu.

img_9935

Italiara egin zenuen lehen bidaia taldearekin, zer moduzko esperientzia izan zen? Zein alde on eta txar izan zituen?

Puf.. Izugarrizko esperientzia izan zen. Giroa, harremanak bata bestearekiko, parrandak… Bueno, nik uste autobuseko ordu luze horiek motzagoak egin zitzaizkidala klaseko ordubete baino jejeje. Horrelako bidaia batek alde on asko ditu, taldean sartzea oso erraza egiten da eta oso gustura sentitzen zara, taldekideak laguntzeko prest egoten dira, barre batzuk egiteko edo beste zenbaitetan, zer ez den egin behar esateko ere bai jajaj. Eta alde txarrei dagokienez, nik uste Italiako bidaiatik ez dudala ezer txarrik esateko. Aparteko bidaia izan baitzen!