Noiz eta nola hasi zinen Udaberrin?
Hasi, aitaren bidez hasi nintzen, baina hori noiz izan zen esaten ez dakit, dagoeneko urte batzuk pasa baitira… Gogoan dudana da, garai hartan oraindik bemolak eta sostenidoak jotzen ez nekiela jajaja. Aitak Udaberriko ensaio batzuetara eramaten ninduen, ahal zena jotzera. Eta horrela, pixkanaka, gaur arte.
Udaberrira ofizialki sartu eta berehala Lleidara bidaiatu zenuten. Nola gogoratzen duzu bidaia hura?
Egia esan, ez naiz oso ongi gogoratzen, baina ditudan oroitzapenak onak dira, hortaz, gaizki pasa ez nuen seinale!
Txistua jotzeaz gain, dantza ere egiten duzu San Joan eguneko Bordon dantzan. Zerk erakartzen zaitu gehiago, txistuak edo dantzak?
Ez da erraza gehiago zerk erakartzen nauen esatea. Txistuak momentu on asko eman dizkit, baina dantzan ere gustura aritzen naiz, nobedadea izaten delako, akaso. Denbora hartuz gero, Udaberriko dantzarien maila berean jarriz gero, eta bi aldeak ondo ezagututa, orduan, agian aukeratzeko moduan egongo nintzateke. Bitartean, arlo bakoitzak dituen gauza onekin gelditzen naiz.
Nolakoa da dantzari eta musikarien arteko harremana? Izaten al da tira-birarik?
Betiko kontua da jajaja. Belaunaldi aldaketak gertatzen dira, baina beti dago zerbait dantzari eta musikarien artean. Hala ere, esan behar da gaur egun ondo konpontzen garela, kasu eta momentu puntual gutxi batzuk kenduta.
Nahiko ohikoa da anai-arrebak taldekide izatea, baina zure kasuan aita duzu taldean. Nola bizi duzu hori?
Ba ez dakit, normaltasunez, ni sartu nintzenetik beti egon baita bera taldean. Aitak taldea utziko balu, eta nik jarraituko banu, agian zerbait desberdina nabarituko nuke. Baina badirudi hori ez dela berahalakoan izango.
Korrika nahiz bizikletaz makina bat kilometro egiten dituzu, baina non sufritzen duzu gehiago: mendi maratoi batean edo dantza egin aurretik estiratzen?
Bi sufrimenduak oso desberdinak dira, baina argi daukat nahiago dudala mendi buelta gogor eta exigente bat egin, dantza saioen aurretik egiten dugun estiramentu saioa baino!
Bukatzeko, ezinbesteko galdera. Dagoeneko hamaika anekdota bizi izango zenituen Udaberrin, aukeratu bat eta kontaiguzu!
Udaberrirekin lehen aldiz kalejira batean atera nintzenean, Gari Llobregat, Juan Mari Urruzola eta Olatz Goikoetxeaundia ari ziren txistuarekin nire ondoan. Nik, orduan, oraindik plastikozko txistua nuen eta FA pieza bakarrik, noski. Kontua da kalejiretan FU pieza (FA# ere deitzen diote batzuk) erabiltzen zutela normalean eta, nola ez, kalejira hartan ez zuten ohitura aldatzeko asmorik. Garik, egoera hura ikusita, FU pieza bat ekarri zuen niretzat ere, baina arazoa orduan hasi zen, berak ekarritako pieza egurrezkoa baitzen eta nire goiko zatia plastikozkoa. Hasiera batean dena ondo zihoala zirudien. Muntatu genuen txistua (esan beharra dago bereak eta bi kostatu zitzaigula) eta jotzen hasterakoan, ba…. Juan Mariren hitzek argi utzi zuten emaitza: “eeemmm…enfinn…eemm pixkat gaizki sonatzen du, ez? Jejeje”. Eta arrazoirik ez zuen falta, egia esan jajaja. Zergatia oso argi ez zen gelditu, baina bueno, azkenean horrela atera ginen. Nik, bestela ere, jotzen genituen kalejiren erdiak ere ez nekizkien, eta nekizkienak ahalik eta suabeen jotzen nituela egin genuen kalejira osoa.