Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Josu Lizarralde

Ni Josu Lizarralde Beñaran naiz, 1994an jaiotako gazte tolosarra. Euskal Ikasketak gradua ikasi dut Gasteizen. Dantza eta musika txikitatik gustatu izan zaizkit eta bietatik egiteko aukera topatu nuen Udaberrin.

Noiz eta nola hasi zinen Udaberrin?

Taldekide gehienen modura, ni ere txikitan Udaberrik antolatutako dantza ikastaroetan ibili nintzen. Ondo gogoratzen ditut larunbat goizetan Igarondo zaharrean egiten genituen entsegu horiek. Aitortu behar dut, beharbada, dantzan baino hobeto pasatzen genuela entseguen ondoren J.L. Vallejo, Aritz Iglesias eta konpainiarekin squash-eko pistetan egiten genituen pilota partiduetan jajaja! Askok, seguraski, ez dute jakingo, baina garai hartan izan nuen lehen kontaktua Udaberriko helduen taldearekin, pare bat emanalditan jorrai-dantzan zahagia eutsiz parte hartzeko aukera izan bainuen. Baina, koxkortu nintzenean ikastaroak utzi (nire kintakoen moduan) eta Udaberriz ahaztu nintzen bolada batez. Bolada batez diot, duela bost urte ezkontza baterako txistularia behar zutela eta, Eneko Hartsuagaren bidez (nola ez) nirekin kontaktuan jarri baitziren. Ondoren, beste ezkontza bat etorri zen, Lleidako bidaia… eta konturatzerako taldeko txistulari nintzen.

img_3354

“Neskalaguna” ere ba omen duzu Udaberrin…

Badirudi “ezagutu ezazu”n klasiko bihurtzen ari dela prentsa arrosako galdera bat egitea… Udaberrik betidanik izan du “matrimonio agentzia” fama eta esango nuke gaur egun ere horrela izaten jarraitzen duela… baina ez nire kasuan behintzat (momentuz, batek daki etorkizunean zer gerta daitekeen jaja). “Neskalaguna”ren kontua broma bezala aipatzen dute Eneko Hartsuagaren etxean, berarekin denbora asko pasatzen dudalako, izan ere, kuadrillan, Udaberrin, eta beste saltsa askotan sartuta gaude biok. Baina gu biokin batera beste bat ere izaten da, askotan, hirugarren mosketeroa: Jon Vallejo. Txiki-txikitatik gara lagunak, afizio asko partekatzen ditugu, aurrez aipatutako ikastaroetan ere hirurok ibili ginen eta azkenean hirurok amaitu dugu Udaberrin musika egiten! Hori bai, hiru mosketeroez ari garela, ezin aipatu gabe utzi Aitor “Agirre”. Hau ere kintakoa, kuadrillakoa, Udaberrin sartzeko Enekok engainatua (bai, hau ere bai), txistularien tourreko zenbait saiotan “manager” lanak egiten dituena… gure D’Artagnan! Eta ahaztu gabe, Enekok “amantea” ere ba omen du, baina nik jada nahikoa esan dizuet…

 

Bordon dantzan ateratzen zara eta Joxeren talde famatuan beteranoetako bat zara. Taldearen bi alderdiak ezagututa, zerk erakartzen zaitu gehiago, dantzak ala musikak?

Dantza edo musika aukeratzea ez da erraza… momentuan momentukoa. Bi alderdiak gustatzen zaizkit eta aukeratzeko pribilegioa izatea (Bordon dantzaren kasuan, esate baterako) gauza ederra da. Dena den, Bordon dantzaz aparte ez dut uste karrera handirik egingo dudanik dantzari gisa jajaja! Hori bai, talde honetan polibalente (edo “polibaliente”) izatea garrantzitsua denez, denetik egiten jarraitzeko asmoa dut, jaja!

img_3356

Arin-arin aldizkarian erredakzio lanetan ere aritu zara. Zer iritzi duzu ekimenaz?

Ekimen bikaina iruditzen zait, Arin-arin aldizkariak urtean zehar egiten dugunaren berri emateko balio du eta taldea bizirik dagoela erakusten diogu jendeari. Aurreko belaunaldietakoek ikus dezakete eurek egindako lanak jarraipena duela. Gainera, herriari egiten duguna erakusten diogu eta baten bat dantzan hastera animatzeko balio badu… ba primeran! Horrelako aldizkari bat egiten aritzeak ordu asko sartzea eskatzen du, baina emaitza ikusita, egindako lanak merezi duela argi dago.

 

Zure trebeziarekin grabaketa estudiorik onenaren pare izango da laster musikarien gelako txokoa! Noiz eta nola sortu zen estudio berezi hori?

Lokal zaharra eraberritzeko lanak martxan jarri zirenean, baten batek proposatu zuen musikarien gelan grabaketa estudio moduko bat jarri behar genuela. Iñigo Azkuek berehala egin zituen egin beharreko gestioak eta konturatzerako Madrilera bidean ginen Iñigo bera, Xanti Nazabal, Eneko Hartsuaga eta ni neu, estudiorako materiala erosteko asmoz. Nekez ahaztuko dugun eguna izan zen. Bai bai, egun bakar batean Madrilera joan, erosi beharrekoak erosi (ez komeria gutxirekin), Udaberriko bati faborea egin lagun ezkuturako oparia erosiz, turismo pixka bat egin Madrilen, eta Tolosara bueltatzeko denbora izan genuen.

 

Esaiguzu zerbait musikarien barruan txistulariek duzuen mikro-sektaz.

Kontua da dantza gehienei musika txistulariok jartzen diegula, beraz, txistulariok presentzia handia dugu taldean, agian beste musikariek baino gehiago. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin eta taldeko konpromisoez gain, beste hamaika plan egiten ditugu: estudioan zerbait grabatu behar dela, Irurara jotzera joan behar dela… eta nola ez “Txistulari tour”a.

 

Txistulari tourrak nora eramango zaituzte aurten?

Txistulari tourra duela hiruzpalau urte Sarara egindako arratsalde-pasan jarri genuen martxan eta orduz geroztik urtero pare bat plan egiten ditugu (Iruñeko San Ferminetara, Ondarroako Zapato Azulera…), gehienak azken unean inprobisatuak eta horrek ere egiten ditu hain berezi. Beraz, ezin dizuet baieztatu hurrengo plana zein izango den. Gazteluko festak izan daitezke (aurreko urtean izan ginen lehen aldiz eta primeran pasa genuen!), Euskal Herriko edozein herritako festetara joan gaitezke edo, beharbada, Espainia aldera, txistularietako batek Burgosen arkumea jateko gogoa omen du eta…

img_3357

Nolakoak izaten dira taldeko bidaiak?

Bidaiez galdetuz gero, edozein taldekidek gauza bera erantzungo lizuke eta ez arrazoi gutxirekin, gainera: taldea batzeko eta taldekideen artean konfiantza sortzeko garaian asko laguntzen dutela. Eta gauzak diren bezala, euskal dantzak eta euskal kultura nazioartean erakutsi eta zabaltzeaz gain, primeran pasatzeko aitzakia dira bidaiak!

 

Bukatzeko, ezinbesteko galdera. Anekdota bitxiren bat?

Ba hamaika anekdota bizi izan ditut Udaberrin eta bat aukeratu beharra ez da erraza… Beraz, gertatu zaidan azkena kontatuko dizuet. Duela gutxi ezkontza batera agurra jotzera joan ginen Eneko eta biok. Dena ohi bezala zihoan, ezkontza zeremonia egin zuten eta gonbidatuak kalera irteten hasi ziren, agurra eginez bazkari aurrekoak amaitzeko asmoz. Kontua da gonbidatuetako bat eskaileretatik behera erori eta bat-batean panorama erabat aldatu zela! Jendea larrituta ikusten genuen eta anbulantzia iritsi zenean gu ere pixka bat larritu ginen. Zauritutako gonbidatua anbulantzian eraman zuten eta oraindik sustoa pasa gabe geundela, agurra jotzeko esan ziguten. Egin genuen, eta jendea berriz ere lasaitu zen. Baina hori ez zen izan guztia. Agurraren ondoren, kalejira bat jotzen ari nintzela, nik jasan nuen erasoa, kasu honetan konfetiek erasotu ninduten! Jada ezkontzetan ez dute arroza botatzen, konfeti kañoikadak botatzen dituzte (askotan txistulariei zuzenduta!) . Konfetiek bete-betean harrapatu ninduten, txistuko zulotik sartu zitzaizkidan eta kalejira erdian piiiiii luze bat egin eta gelditu egin behar izan nuen jajaja! Laster ezkontzetara aterkiekin joaten hasi beharko dugu…