Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Juan Urretavizcaya

Sormena ilusio, bizmodu eta lanbide dituen gazte tolosarra naiz. Saltsero bat naizela diote mingain gaiztoek, eta artearekin lotura duten esparru desberdin askotan aritua naiz. Disziplina eta excell taulak dira nire eguneroko lanabesak (Ingeniaria titulazioz), eta horiek artearekin uztartuz, esperientzia eta proiektu asko bizitzeko aukera izan dut.

Zergatik eta nolatan hasi zinen dantzan? Zerk edo nork bultzatuta?

Beti gustatu izan zait dantza egitea. Txikitan 2 urtez Udaberrin ibili nintzen, baina gero eskola kirolak ere egin nahi nituenez, dantza uztea erabaki nuen. Erabaki diot, baina gaur egun, pentsatzen jarriz gero, mareak bultzata erabaki nuela uste dut, futbola, saskibaloia, eskubaloia… ez baitira inoiz nire debozio izan. Dantza nesken kontua zela ere izango nuen ziur aski buruan. Kiroletan hainbat urtez “aritu” ostean, dena utzi eta “fofiezsano” bihurtu nintzen. Medikuak kirolen bat egiten hasi behar nuela esan zidanean erabaki nuen berriro dantzan hastea. Aritz Iglesiasek askotan esaten zidan Udaberrin izena eman behar nuela, eta azkenean, halaxe egin nuen. Lotsaz eta beldurrez hasi nintzen, baina horri aurre egin eta nire debozioa aurkitu nuen; dantza.

img_0027

16 urte inguru zenituela Udaberri uzteko erabakia hartu zenuen… Zergatik?

Jose Luis Vallejokin 5 hilabetez aritu ostean egia da dantza utzi nuela berriz. Vallejoren disziplina oso gogorra egiten zitzaidan, eta horrez gain, nire errendimendu akademikoak ere okerrera egin zuen eta amak alpargatak denbora batez alde batean uzteko gonbita egin zidan. Nik ere ez nuen protesta askorik egin, hilabete baineraman Otsagabiako makilekin pistina zarretako zutabeetan pausoa ikasi nahian. Beraz, gehiegizko disziplina eta gonbitaren arteko cocktail bat izan zen dantza uztearen arrazoia.

 

Hala ere hilabete batzuren bueltan berriro taldean hastea erabaki zenuen.

Martxoko larunbat bat zen. Udaberriko taldekide guztiak ikusi nituen Orbelan arratsaldeko 20:00etan oso girotuta, Erromeria eguna zen. Orduantxe konturatu nintzen nik ere han egon nahi nuela, horixe zela nire lekua. Bueno, beste faktore batek ere lagundu zuen: nota txukunxeagoak ateratzen hasi nintzen eta amak ordurako baimena emana zidan.

img_0029

Zein dantza, doinu eta plaza duzu gustukoen?

Dantza: Oriako Sorgin Dantza (Harroxkeriya high level)

Doinua: Dutxako San Joan zortzikoa (Shanti baritono, Juan tenor)

Plaza: Elduaiengo plaza, nire aitak bertan ikusi ninduen azkenekoz dantzan.

 

Udaberriko ensaioez gain txapelketako fandango eta arin-arin entseguak ere egiten dituzu. Nola ikusten duzu zeure burua? Zein erronka duzu?

Bai, joaten gara entseguetara bai, zertarako sartu ote naizen ere askotan galdetzen diot neure buruari jajaja! Gustura joaten naiz egia esan, eta nahiko “matxaka” naizenez, ederki datozkit izerdi pixka bat botatzeko. Hala ere neure burua txiki-txiki ikusten dut Xabi eta Idoiaren ondoan, eskerrak Mirenekin aritzen naizela eta barre egiten diogula geure buruari. Erronkei dagokienean, ez daukat txapelketetara joateko asmorik; nire helburu bakarra zango-sagarrak gogor-gogor mantetzea da, nabaritu dadila dantzariak garela!

 

Oholtzaren gainean pertsona serioa ematen duzu baina jendeari irribarrea ateratzeko edo erokeriak egiteko ere abilezia berezia duzu…

Ondo esan duzu, ematen dut, baina ez naiz. Jende askok esan ohi dit serio itxura dudala, baina ezagutzen nauten arte da hori. Txoro-haizeak ematen didanean ez dago atzera bueltarik. Oso gustuko dut jendeari irribarrea ateratzea, batzuetan badut “pailasito” konplejua, baina gehienetan gustatu egiten zait eta hala izan dadila urte askotan.

img_0033

Zer ematen dizu Udaberrik? Eta zuk zer eskaintzen diozu?

Erantzun tipikoa den arren lagun kuadrilla ederra da niretzat Udaberri; lehen aipatu bezala izerditzeko txokoa ere baden arren, txapel eta zapietatik haratago doan taldea baikara.

Nik taldeari berriz ahal dudan guztia eskaintzen diot, ordu, irribarre eta aje asko, azken hori gehienbat, gure sektako kide izateko derrigorrezko baita juergista sena izatea.